INFO

Kaliforniako militarrak, Trumpi aurre ez egiteko estatuentzako abisua

Los Angeles erdigunean ezarritako etxeratze aginduak dozenaka atxiloketa eta protesta gehienak apaltzea ekarri du. 2,5 km2-ko eremu txiki bat da, 1.200 km2-ko hiri erraldoian. Donald Trumpek bidalitako Guardia Nazionalak han jarraitzen du. Gaur epailearenera iritsiko da Kaliforniaren salaketa.

(Patrick T. FALLON | AFP)

Joan den asteburuko istiluen ostean -indartsuak, baina mugatuak halaber-, protesten intentsitateak nabarmen behera egin du. Ez Donald Trumpen eta MAGA mugimendu ultraren erakustaldiaren ondorioz, ez Guardia Nazionala eta marineak bidali dituelako, hasiera batetik protesta mugatuak zirelako baizik. Ezin dira konparatu 1992an Rodney King jipoitu zuten poliziaren absoluzioaren ostean piztu zen egoerarekin, hainbat auzunetako komertzioak kiskalita, ezta duela bost urte George Floyden hilketari jarraitu zion protesta oldearekin ere.

Zergatik, orduan, horrelako nahasmena eta horren arriskutsuak izan daitezkeen urratsak? Gobernu federalaren eta estatuen arteko lehian beti dago tentsio puntu bat, baina ohikoena presidente progresista baten eta gobernadore atzerakoi baten arteko tirabira da. Kristi Noem Segurtasun idazkariak iaz bertan esandako hitzak gogora ekarri behar dira, Hego Dakotako gobernadorea zela Joe Bideni Guardia Nazionala federalizatzeaz ohartarazi zionean, estatuen aurkako kolpea zelako.

ESTATU BATUETAKO HIZTEGI HIPERBOLIKOAN «ASKATASUNA»

da erdigunean dagoen kontzeptua. Ereserkian bertan, izarren bandera haizatzen amaitzen da, «libreen lurraren eta ausarten etxearen gainean» (o’er the land of the free and home of the brave). «Mundu librea» mila aldiz entzun dugu espioien filmetan. Modu oso indibidualistan ulertu ohi da, baina funtsean ados ez zaudenarekin protesta egiteko askatasunarekin irudikatzen da, baita pertsona bakar baten aldarrikapena bada ere. Egunero ehunka protesta daude Estatu Batuetan, motibo ugarigatik.

Donald Trump nortasun hauskorreko pertsona da, horratik, etengabe koipea behar du, kritika sinpleena kudeatzeko ezgauza. Horretarako prestatu du etzi, bere urtebetetzearekin, desfile militarra Washingtonen. Demokratez gain, Rand Paul bezalako errepublikanoek ere desfilea kritikatu dute; Ipar Korearen antza hartzen diote. Asteartean, Fort Braggeko base militarrean emandako diskurtsoan aurkariei irain egitean, Trumpekin batera txistu egin zieten soldaduez lotsatuta daude errepublikano askok, armada joko politikotik kanpo izatea oinarrizkoa dela jakitun.

Trumpen inguruan Stephen Miller bezalako soziopata xenofobo eta estremistak daude gainera, oinarrizko eskubideez ezaxola, indar polizial edo militarra bere proiektu neofaxistarako erabiltzeko prest. Eta hor ICEk, mugako poliziak («la migra», hemengo latinoen hizkeran) berebiziko rola dauka. Askotan azaldu dute nola iritsi diren erregimen autoritario asko: leun hasi, eta egunik egun intentsitate poliziala handitu. Herritar gehienak ohartzerako, ordura arteko eskubideak galdu dituzte.

Neguan zehar leku bakanetan hasi ostean, oldar betean da ICE azken asteotan. «Bere lana» egiten besterik ez omen dira ari, baina lan hori pertsonei jazartzea, izua zabaltzea eta kaleetatik desagerraraztea da. Mila eta bi mila lagun atzeman dituzten egunak izan dira. Eta ez omen da aski. Eguneko hiru milako kuota eskatu zieten Miller-ek eta Noem-ek maiatzaren 21ean egindako bilera batean. Helburua: milioi bat atxiloketa urtebetean.

Kalean, lantegietan zein eskoletan ari dira jotzen, auzitegietan paperak tramitatzea deitzen dituzten etorkinen zain egoten dira. Auzitegi barruan abokatua komunera joan den unea baliatu dute behin baino gehiagotan: 30 segundo eta pertsona desagertu da, mafiaren bahiketa baten antzera.

HORI DA ESTATU BATUETAKO ERREALITATEA. HORREN AURREAN

herritarrak mobilizatzen hasi dira. Ehunka herritarreko manifestazioak, milaka gutxi batzuk asko jota. Tamalez, esan genezake. Immigrazioaren aurkako oldarraldiak herritar askoren babesa dauka oraindik, eta ezin ahaztu Trumpek deportazioak agindu zituela kanpainan. Ehunka herritar antolatuk egin dezaketena ere ez da gutxietsi behar, ordea. Jazarritako pertsona babestea, atxiloketak eragoztea.

Hortik dator kriminalizazioa. Armada ICEren operazioetan nahi dituzte, ez du zerikusirik bi grafiti eta hiru auto erretzearekin. Atxilotze guneak prest dituzte, oinarrizko erresistentzia indar ahalik handienez zapaltzeko asmoz daude, eta gobernadore guztientzako abisua da Kalifornia.