Lehen sektorean 1.250 gazte sartzeko plan bat garatuko du Lakuako Gobernuak
Laborantza sektorean belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzeko eta honetan aritzen diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen %85ek jarraipena izateko, Lakuako Gobernuak 10 urtean zehar 1.250 gazte sektorean sartuko dituen estrategia bat prestatu du, 22 neurrirekin.
Lakuako Gobernuak 1.250 gazte sartu nahi ditu lehen sektorean datozen 10 urteetan, belaunaldien arteko erreleboa behar duen nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien %85ek jarraipena izan dezaten.
Hala azaldu du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Gasteizko Legebiltzarreko batzorde batean. Zehazki, Nekazaritza Sektorearen Belaunaldien Arteko Erreleborako Estrategia Integralari buruz aritu da, apirilean aurkeztu zena.
Nekazaritza sektorearen zahartzea «agerikoa» da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan: ustiategietako titularren batez besteko adina 58 urtetik gorakoa da, eta %30 baino gehiago 65 urtetik gorakoak dira. Beraz, %10ek baino ez du 40 urte baino gutxiago, Barredok zehaztu duenez.
Gaur egun 1.500 ustiategi bideragarri daude, erretiratuek edo erretiroa hartzeko gertu dauden nekazariek kudeatzen dituztenak, eta erdiek ez dute inor erreleboa hartzeko.
Egoera horri «buelta emateko», belaunaldien arteko estrategia hau abiarazi da, 10 urterako eta 25 milioi euroko hasierako zuzkidurarekin legegintzaldi honetarako, hau da, 2028ra arte.
22 neurri
Estrategiak zortzi esku-hartze arlo eta 22 neurri zehatz ditu. Hala, lehen sektoreari balioa emateko eta, horrela, gazteak erakartzeko lan egingo da, gazteak nekazaritza sektorean sartzeari buruzko araudia aldatuko da, laguntza ekonomiko zehatzak antolatuko dira, bitartekaritza bulegoak martxan jarriko dira eta abalak emango dira jardueraren lehen urteetan, besteak beste.
Belaunaldien arteko erreleborik ezak «ondorioak» dituela ohartarazi du sailburuak, «produkzio ehuna galtzen delako» eta horrekin «enplegua, jarduera ekonomikoa eta, askotan, biztanleria desagertzen delako landa ingurunean, Euskadiren elikadura subiranotasuna murriztuz».
Barredok adierazi duenez, lehen sektorean sartu nahi duten gazteek «oztopo handiak dituzte», hala nola lurra eskuratzeko, finantzaketa lortzeko, ustiategi bideragarrak aurkitzeko eta laguntza tekniko egokia izateko zailtasunak.
Baina, aldi berean, lehen sektorea «etorkizuneko sektorea da, Euskadiko elikagaien segurtasunerako estrategikoa eta lehentasunezkoa, eta aukera handiak eskaintzen ditu». Horregatik, estrategia hau diseinatu da gazteek nekazaritza eta abeltzaintzaren mundura hurbiltzeko eta belaunaldien arteko erreleboa lortzeko.