INFO

Sarah Polleros alemaniarra da Lointek Gernika Bizkaiaren bederatzigarren jokalaria

Challenge Ligako Zamora taldean 10,8 puntu eta 6,9 errebote lortu ostean iritsi da Gernikara 1,87 metro eta 23 urteko hegal-pibota. James MacSorley britainiarra izango da Bidaideak Bilbao BSR taldeko entrenatzaile berria.

Sarah Polleros, beste jokalari alemaniar bat Lointek Gernika Bizkaiarentzat. (@LOINTEK GERNIKA BIZKAIA)

Sarah Polleros (Wuppertal, Alemania, 2002/02/28) da Lointek Gernika Bizkaiaren bederatzigarren jokalaria da 2025/26 denboraldira begira. Challenge Ligako Zamorako taldetik dator, bertan bataz beste 10,8 puntu eta 6,9 errebote lortu ostean. Fitxaketa berri honekin talde gernikarrak bederatzi jokalari ditu hurrengo sasoirako: Laura Westerik, Ane Olaeta, Naia Zubiaga, Angela Salvadores, Emily Bessoir, Esther Castedo, Masa Jankovic, Joy Adams eta, azkenik, Sarah Polleros.

1,87 metro luze ditu 23 urteko hegal-pibot alemaniarrak. Jatorriz Herner TC Basketball taldean hasi zuen bere ibilbidea, eta talde horretan 2019an liga eta 2022an kopa irabazi zituen. TK Hannover taldean ere aritu zen ostean utzita.

Iaz Emakumezkoen Challenge Ligan aritu zen eta Zamora azkenean Emakumeen Endesa Ligara igotzeke geratu batez ere, hegal-pibot alemaniarra izan zen Gaztelako taldearen jokalari nabarmenenetakoa. Orain, gorengo mailarako egion beharreko jauzia Lointek Gernika Bizkaiaren eskutik emango du.

Horrez gain, Alemaniako selekzioan txikitatik aritu da eta otsailean lehen taldearekin debutatu zuen Eurobasketerako sailkapen fasean. Horrez gain, 3×3 zirkuituan ere aritu izan da, orain, adibidez, Mongolian dabil Munduko Txapelketa jokatzen.

Polleros Lointek Gernika Bizkaian Emily Bessoir bere herrikidearekin elkartuko da. «Iaz asko ikasi nuen eta datorren sasoian beste jauzi bat eman nahi dut nire ibilbidea, Gernika eta Maloste uste dut horretarako toki ezin hobea dela. Oso eskertuta nago eman didaten aukeragatik eta azkenera arte baliatu nahi dut», adierazi dio Sarah Pollerosek Lointek Gernikia Bizkaiaren webguneari.

Lucas Fernandez entrenatzaileak fitxaketa berriak «hasieratik» erakutsitako prestutasuna nabarmendu du. «Arlo askotan lagundu dezakeen jokalaria da, defentsan, adibidez, hegal-pibot eta pibot postuetan defendatu dezake. Erasoan hiruko marratik mehatxu handia dauka eta oso ondo ulertzen du jokoa. Lehen egunetik asko lagunduko digun jokalaria dela uste dugu», azpimarratu du.

Agur Laura Aliagari

Kutxabank Araskik, bere aldetik, agur esan dio Laura Aliaga hegaleko espainiarrari. Bi denboraldi eman ditu Gasteizen Alacanteko jokalariak eta orotara 44 neurketa jokatu ditu Made Urietaren aginduetara. Aurreneko itzuliaren amaieran, IDK Euskotrenen aurka jokatu beharreko derbiaren bezperetan, belauneko barne lotailu gurutzatua hautsi zuen eta harrezkeroztik jokatu ezinik dago Aliaga, osatze prozesuan murgilduta.

Iaztik hona, Kutxabank Araskik agur esaten dion zortzigarren jokalaria da, Made Urietaren aginduetara goitik behera eraberritu nahi baitu jokalari multzoa.

Bidaideak Bilbao BSR

Bidaideak Bilbao BSR gurpildun aulki gaineko saskibaloi taldean ere bada aldaketarik. Hain zuzen, Nacho Yañez entrenatzaileak bost urte eta gero entrenatzaile kargua lagatzea erabaki du, eta bere ordez James MacSorley britainiarra izango da bilbotarren entrenatzaile berria.

MacSorleyk 30 urte ditu eta lau urte daramatza Bidaideak Bilbao BSR taldean jokatzen. Azken bi denboraldietan, ordea, Nacho Yañezen laguntzaile lanak ere egin ditu, bigarren entrenatzaile modura. Entrenatzaile berriaren laguntzaile lanak Jose Centenok egingo ditu. Honek 2021era arte taldean jokatzen zuen eta azken lau denboraldietan harrobiko entrenatzaile lanak burutu ditu.