INFO

Presoen eskubideen aldeko Bizkaiko Etxera eguna prestatu dute Sarek eta Bilboko Konpartsek

Sarek eta Bilboko Konpartsek abuztuaren 22rako antolatu dute Bizkaiko Etxera eguna, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde. Manifestazioa, herri bazkaria eta kontzertu bat izango dira Aste Nagusiaren ostiralean.

Sarek eta konpartsek astearte honetan egindako prentsaurrekoa. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Beste urte batez eta Aste Nagusiaren atarian, Bilboko Konpartsek eta Sarek euskal preso eta iheslarien aldeko manifestazioa deitu dute abuztuaren 22rako. Aurten, manifestazioaz gain, Bizkaiko Etxera egunean herri bazkari bat eta kontzertu bat ere antolatu dituzte.

Bilboko Arriaga plazan egindako prentsaurreko batean, Eider Cortezon Algara konpartsakideak eta Galder Anton Hontzak konpartsakideak nabarmendu dute «festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, ezin dugula ahaztu urteetako gatazkak ondorio larriak utzi dituela gure herrian eta oraindik ere, ondorio horiek sufritzen ari diren herritarrak dauzkagula Bilbon zein Euskal Herrian».

Marijaia bezala, «aurrera besterik» egiten ez duena, «euskal preso iheslari eta deportatuek pairatzen duten salbuespenezko egoerarekin, berdina gertatzen dela» defendatu dute: «Gure gizarteak, gatazkaren zauri mardulenak gainditu ditu; urteak darama elkarbizitza eta konponbide demokratikorako prozesuaren bidean murgilduta. Mari Jaiak Aste Nagusian egiten duen bezala, eskubide urraketarik gabe ideiak askatasun osoz eztabaidatuko diren herri bat desiratzen dugu».

«Hamarkadak daramatzagu presoen etxeratzea aldarrikatzen eta benetan uste dugu badela garaia ‘Etxera’ aldarria erreibindikazio izatetik guztion lorpen izatera pasatzeko. Presoak eta euren senideak ez ezik, lorpen horrekin jendarte guztiak irabaziko lukeelako. Izan ere, lorpen horrek benetazko elkarbizitza agertokietara hurbilduko gintuen, horrek herri honek behar duen benetazko bakea ere helburu gauzagarriagoa bihurtuko lukeelarik», aldarrikatu dute.

Hau guztiagatik, abuztuaren 22an, Bizkaiko Etxera egunean parte hartzera deitu dituzte «bilbotarrak eta beste herrietatik etorriko diren norbanakoekin batera preso, iheslari eta deportatuen aldeko aldarria lau haizeetara ozen oihukatzeko». Lehenengo hitzordua 13.00etan izango da, Eliptika plazan hasi eta udaletxean amaituko den manifestazioa. 15.00etan, herri bazkari bat egingo dute Txori Barrote konpartsaren txosnan eta amaitzeko 17.30etan, Atzekalden, «ekitaldi xume bat» eta, Loita Amada talde galegoaren kontzertua egongo da.