INFO

‘La misteriosa mirada del flamenco’ filmak eskuratu du Gehituren Sebastiane Latino saria

‘La misteriosa mirada del flamenco’ film luzeak irabazi du Gehitu elkarteak ematen duen Sebastiane Latino saria. Diego Cespedes zinemagile txiletarraren lehen lanak Horizontes Latinos sailari amaiera emango dio.

‘La misteriosa mirada del flamenco’ filmaren irudia. (ZINEMALDIA)

‘La misteriosa mirada del flamenco’ filmak eskuratu du Gehituk (Euskal Herriko lesbiana, Gay transexual eta bisexualen elkarteak) ematen duen Sebastiane Latino saria.

Epaimahaiak «Txileko mendeku eta fantasiazko road trip bati» eman dio garaikurra, «maitatzeak ez lukeela inoiz zigorrik ekarri beharko gogorarazten diguna: ez zigor sozialik, ez Jainkoaren zigorrik». Epaimahaiaren aktaren arabera, «film honi eman diogu saria ezagutzen ez dugunari diogun beldurrak eragindako sinesgogortasuna eta gorrotoa batzuetan enpatiaren eta maitasunaren gainetik ipintzen diogula erakusteagatik».

Zinemaldian programatutako hamahiru film dira hautagai aurten hogeita seigarren edizioa egingo duen Sebastiane Sarirako EAEko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak LGBTIQA+ Jaialdien hamaikagarren Topaketa egingo du Zinemaldian, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren (Mugen Gainetik bidez), Estatu espaininoleko Berdintasun Ministerioaren eta Acción Cultural Española (AC/E) entitatearen laguntzarekin.

LGBTIQA+ komunitatearen aldarrikapen eta balioen defentsa hobekien irudikatzen duen film luze latinoamerikarrari ematen zaio saria. Cespedesen filma beste lau finalistei gailendu zaie: ‘Ato noturno’ (Marcio Reolón eta Filipe Matzembacher), ‘Los inocentes’ (Germán Tejada), ‘Llueve sobre Babel’ (Gala del Sol) eta ‘Un mundo para mí’ (Alejandro Zuno).
 
Proiektu-fasean zegoela, ‘La misteriosa mirada del flamenco’ filmak Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen 2020an, eta postprodukzioaren saria lortu zuen bertan. Aurten, Cannesko Un Certain Regard saria irabazi ondoren, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailari amaiera emango dio. Diego Cespedesek Nest saria irabazi zuen ‘El verano del león eléctrico’ (2018) bere lehen film laburrarekin, eta bigarrenarekin –‘Las criaturas que se derriten bajo el sol’ / ‘The Melting Creatures’ izenekoarekin (2022)– Cannesko Semaine de la Critique atalean parte hartu eta Zabaltegi-Tabakalera inauguratu zuen.

Ohi bezala, iaz Sebastiane Latino Saria irabazi zuen filma Gipuzkoako hainbat herritan emango da Donostiako Zinemaldiaren lehen asteburuan, Gehituk Mugen Gainetik entitatearekin eta eLankidetza, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin egindako lankidetzari esker. Horrela, Marcelo Caetano zuzendari brasildarra Baby filmaren emanaldian izango da Errenterian irailaren 18an, Irunen irailaren 19an eta Deban irailaren 21ean.

Hamahiru pelikula dira Sebastiane Sariaren hautagai
Ohi bezala, Donostia Zinemaldiak Sebastiane Sariaren entrega hartuko du, Gehituk Donostia Zinemaldiko edozein sailetako filmen artean LGBTIQA+ pertsonen balioak edo errealitateak hobekien islatzen dituen filmari egiten dion aintzatespen gisa.

Sariaren hogeita seigarren edizioan hamahiru film hautagai daude: bat Sail Ofizialean (‘Maspalomas’); beste bat New Directors-en (‘Chuzhie Zemli / Foreign Lands’); bi Horizontes Latinosen (‘La misteriosa mirada del flamenco’ eta ‘Dolores’); lau Zabaltegi-Tabakaleran (‘Duas vezes João liberada’, ‘El último arrebato’, ‘Estrany Riu’ eta ‘Lurker’), eta bost Made in Spainen (‘¡Caigan las rosas blancas!’, ‘L’edat imminent’, ‘Miss Carbón’, ‘Molt Lluny’ eta ‘Un hombre libre’). Epaimahaia Gehituko ordezkariez, zinemagile batez eta Samantha Hudson abeslari, gidoigile, aktore eta artistaz osatuta egongo da. Film irabazlea Sebastiane Sariaren amaierako ekitaldian eta sari-banaketan iragarriko da Bidassoa Taproom aretoan irailaren 26an (ostirala), 19:00etan.

Topaketa

Bestalde, LGBTIQA+ zinema latinoamerikarra babesten jarraitzeko, Gehituk eta Zinemaldiak LGBTIQA+ Zinema Jaialdi Iberoamerikarren Topaketa antolatu dute, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren (Mugen Gainetik bidez) eta Estatu espainoleko Berdintasun Ministerioaren eta Acción Cultural Española (AC/E) entitatearen laguntzarekin. Hamaikagarren edizio honetan, Argentina, Brasil, Txile, Estatu espainola, Mexiko eta Uruguaiko 20 lehiaketa bilduko dira.

Gehituk eta Donostia Zinemaldiak topaketaren inguruan antolatu ohi duten ohiko programaren (esteka) barruan, nabarmentzekoa da Iberoamerikako ikus-entzunezkoen esparruko LGBTIQA+ filmak banatzeari eta nazioartekotzeari buruzko elkarrizketa bat egingo dela.

Horrez gainera, LGBTIQA+ Jaialdien Erronkei buruzko topaketaren osoko bilkura bat egingo da, Retos de los Festivales LGBTIQA+ en 2025: ¿camino de la sostenibilidad y la inseguridad jurídica? izenekoa (LGBTIQA+ Jaialdien Erronkak 2025ean: jasangarritasunaren eta segurtasun juridiko ezaren bidea?). Hauen kolaborazioa izango du bilkurak: Julio del Valle, LGTBI Pertsonen Berdintasun Erreal eta Efektiborako zuzendari nagusia (Espainiako Berdintasun Ministerioa); Camilo Vazquez Bello, ICAAko zuzendariordea (Kultura Ministerioa); Maria Jose Perez (Ecometraje), eta Virginia Yagüe, DAMAko presidentea (Ikus-entzunezko Bitartekoen Egile Eskubideak), parte hartuko dute.

Elkarrizketa eta gogoeta errazteko topaketen esparruan antolatutako beste jarduera batzuk honako hauek izango dira: Giza Eskubideen jaialdien eta LGBTIQA+ jaialdien arteko harremanari buruzko mintzaldi bat (Relación entre los festivales de Derechos Humanos y los LGBTIQA+ izenekoa), Josemi Beltaán Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko zuzendariaren eskutik; eta Festivales diversos y seguros: ‘Gestionar el espacio, las representaciones corporales y lo intersex’ izeneko tailerra (jaialdi askotariko eta seguruak: espazioa, gorputz-irudikapenak eta intersex-gaiak kudeatzea) Asmi Ananda Molinarekin (Gehitu eta Kaleidos, Aniztasunaren aldeko INTERSEX Erakundea) eta Elena Crimental eta Jorge Gonzalo Alonsorekin (ODA, Ikus-entzunezko Aniztasunaren Behatokia). Era berean, LGBTIQA+ jaialdi iberoamerikarretan 2029rako abiarazi beharreko jasangarritasun-estrategiei buruz eztabaidatuko da topaketaren osoko bilkuran (Estrategias de sostenibilidad de cara a 2029), zinematografian espezializatutako bi jasangarritasun-aholkularirekin: Lorena Elso (Ecometraje) eta Paloma Andrés Urrutia (Mrs. Greenfilm).

Halaber, nazioarteko Meeting LGBTIQA+ bat egingo da, lehen aldiz Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin elkarlanean, Pasealeku Berrian. ‘Ni Naiz Naizena: testimonios sobre personas trans y no binaries (Ni Naiz Naizena: pertsona trans eta ez-binarioei buruzko testigantzak)’ erakusketa inauguratzeaz gain, industriako profesionalen eta sortzaileen happening bat egingo da.

Ohi bezala, Gehituko Magazine aldizkariaren iraileko alea LGBTIQA+ zinemari eskainiko zaio. Aurten, Ruben G. Caballero Robin Campilloren ‘120 battements par minute’ filmean inspiratu da Sebastiane Sariaren karteleko irudirako. Horrela, GIBaren inguruko aktibismoari eta Sylvia Riveraren eta Marsha P. Johnsonen irudi ikonikoei omenaldia egiten die, borroka trans aktibistaren aitzindari horien aintzatespen gisa.