INFO

Kirolari kanadarrek Israelen aurkako Davis Kopako kanporaketa bertan behera uzteko eskatu dute

400 kirolaritik gora zein pertsonaia publikok irailaren 12an eta 13an Kanadaren eta Israelen artean Halifaxen jokatuko den kanporaketa bertan behera uzteko eskaera defendatu dute. Lehia 2026ko Davis Koparako sailkapen partida da.

Israelgo tenislariak, Davis Kopan duela urte batzuk. (Kristoff van Accom | AFP)

Kanadako kirol arloko 400 lagun baino gehiagok babestu dute datorren irailaren 12an eta 13an Halifaxen (Kanada) jokatuko den Davis Kopako kanporaketa bertan behera uzteko eskaera. Kanadako Gobernuari eta herrialdeko tenis federazioari eskatu diete Israelgo tenislariak ez onartzeko eta nazioarteko lehiaketetan haien aurka ez aritzeko.

Sinatzaileen artean aurkitzen dira Mohammed Ahmed korrikalari olinpikoa, Tokioko 2020ko 5.000 metroko frogan zilarrezko domina irabazi zuena; Kanadan bizi diren Palestinako emakumezkoen futbol selekzioko bi kide; baita Naomi Klein eta Avi Lewis pentsalariak ere. Horiez gain, entrenatzaileak, kazetari espezializatuak, akademikoak eta Nazio Batuen hiru errelatore berezi batu dira eskaerara. 

Idatzitako gutunean, sinatzaileek adierazi dute Gazako genozidioaren aurrean «onartezina» dela halako partida bat antolatzea. Horregatik, Kanadako Gobernuari eskatu diote neurriak har ditzala herrialdeko atletak nazioarteko kirol-lehiaketetan Israelgoen aurka lehiatzea sahiesteko.

Gutunak azpimarratzen du kirolak beti izan duela indar sinbolikoa identitate nazionalak eraikitzeko eta, neurri berean, apartheid egoerak desegiteko. «Israelek Gazan egiten ari den genozidioarekin eta Zisjordanian kolonoen indarkeria sustatzearekin jarraitzen duen bitartean, nazioarteko kirol zigorrak ezinbesteko tresna dira Kanadaren gaitzespen argia adierazteko», ondorioztatu dute sinatzaileek.

Kanadako tenis federazioak, bere aldetik, orain arte Davis Kopako kanporaketa «kirol ekitaldi hutsa» dela adierazi du, eta politikarekin loturarik izan behar ez lukeela azpimarratuz.