1970ean Burgosen epaitu zuten Arantza Arruti borrokalari feminista zendu da
Burgosen epaitua izan zen Arantza Arruti zarauztarra zendu da goizalde honetan. 1960. hamarkadan ETAn aritu zen emakume bakanetakoa, espetxeratua eta torturatua izan zen. Militante feminista sutsua ere izan da bere bizitza osoan. 79 urte zituela hil da Arruti.
Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.
Burgosen epaitu zuten Arantza Arruti Odriozola zendu da. 1946an Zarautzen jaioa, 1960. hamarkadan ETAn sartu zen, erakunde honetan izan zen emakume militante bakanetakoa zelarik. Burgosen epaitu zituzten beste bi emakumeak Ione Dorronsoro eta Itziar Aizpurua izan ziren. Geroztik bizitza osoan militantziari eutsi dio. Gaixotasun luze baten ondorioz eman du azken hatsa, ostiral honetan goizaldean.
Martin Garitano kazetariarekin 2016an Info7 Irratian egindako elkarrizketa honetan azaldu zuenez, garai horietan «abertzaletasuna eta langile mundua uztartzen zituen talde bakarra zen ETA». Izan ere, aita langilea zuen. Eta abertzalea ere.
Hirutan atxilotu zuen Guardia Zibilak Arruti, eta torturak jasan zituen, berak gogoratu duenez. 1968ko azaroan Goio Lopez Irasuegi senarrarekin batera atxilotu zuten. Haurdun zen eta torturen ondorioz umea galdu zuen.
Iruñeko espetxetik ihes egiteko saiakera
1969ko urtarrilean Iruñeko kartzelan zen Arruti. Aske zegoen senarrak Xabier Izko de la Iglesiarekin batera espetxetik ateratzeko operazio bat antolatu zuen. Horretarako, espetxean zaindarik lanak egiten zituen monja bat lotu zuen Arrutik, baina operazio gaizki atera zen eta bertan parte hartu zutenak atxilotu zituzten.
Martuteneko espetxean ere monjak zaindari izan zituen Arrutik. Eta hitz argiak erabili izan ditu monja hauek definitzeko: «torturatzaileak».
Burgoseko auzian epaitu zuten Arruti, Lopez Irasuegi, Izko de la Iglesiarekin eta beste kide batzuekin batera. Sei heriotz zigor ezarri ziren, artean Izko de la Iglesiarena. Arruti absolbitu zuten auziperatu bakarra izan zen.
Senarra, berriz, espetxean geratu zen. 1977an Puerto de Santa Mariako espetxean zela, askatuko zutelaren berri jaso zuen Arrutik eta mila kilometroko bidaia egin zuen bere bila. Chiclana de la Fronteran ustez bi guardia zibili iseka egiteagatik atxilotu eta Jerez de la Fronterako espetxean sartu zuten. Senarra atera zenean, emaztea kartzelan zen.
Feminismoaren alde
Feminismoaren alde egin du beti Arrutik, aintzindari izan zen Aizan! taldeko kide izan zelarik. «Gizartea antipatriarkala ez bada gureak egin du», nabarmendu izan du. Zapalkuntza hirukoitzaren aurka (nazionala, soziala eta patriarkala) aritu izan da beti. Bilgune Feministaren kide izan da ere.
«Garai haietan denak ziren matxistak. Gizartea matxista zen, ETA matxista zen eta emakume gehienak matxistak ziren ere», esan zuen Iratzar fundazioak 2020an egin zion elkarrizketan. «Iraultza feminista izango da edo ez da izango», nabarmentzen zuen.
Horren adibide bezala, Burgoseko epaiketa nazioartean aldarrikapen ugari zabaltzeko erabili zela gogoratu zuen. «Abertzaleak, sozialistak, internazionalistak eta abar ginen. Baina emakumeen erreibindikazioak ez ziren aipatu», zioen.
1998an Gasteizko Parlamenturako hautagaia izan zen EHrekin. Eta 2015ean hautagai izan zen berriro, oraingoan EH Bilduren zerrendetan.

Aurretik, 1977an Altsasuko Mahaia bultzatu zuen eta 2010en ezker abertzalea antolatzeko proiektu berri baten aldeko manifestua irakurri zuen. Ziklo aldaketaren aldeko agerraldi eta posizionamendu ugaritan hartu zuen parte garai horietan.
Honezaz gain, frantseseko eta ingeleseko irakaslea izan zen eta Osakidetzan haurtzain eta erizain laguntzaile gisa lanean aritu zen ere, erretiroa hartu arte.
Sare sozialetan gogoan
Arrutiren heriotza jakin eta berehala, doluminazko mezuak zabaldu dira sare sozialetan.
Arantza Arruti militante abertzale eta feminista zendu da.
— Ernai (@ernaigazte) August 29, 2025
Gaztea zela abiatu zuen frankismoaren aurkako borroka. 1968an atxilotu eta ostean Burgosko prozesuan epaitu zuten.
✊Egungo gazteok zure lekukoa ere hartu dugu Arantza.
Besarkada bat senide eta lagunei. pic.twitter.com/m0R8zyUCsV
Arantza Arruti zendu da. Militante abertzale eta feminista nekaezina.
— SORTU #AskatzeraLotuak (@sortuEH) August 29, 2025
1970ean atxilotu, bortizki torturatu eta Burgosen epaitu zuten Arruti. Geroztik aurrera ere, bizitza osoa Euskal Herriari eta askatasunaren aldeko borrokari eskaini dio.
Lurrak goxo har zaitzala, Arantza pic.twitter.com/OgMfSBuVzD
Arantza Arruti militante abertzale eta feminista hil den egunean, honen konpromisoa izan du gogoan @ArnaldoOtegi|k ikasturte politikoko lehen agerraldian.
— EH Bildu (@ehbildu) August 29, 2025
Gure doluminak senide eta lagunei pic.twitter.com/byaet8DNBh