INFO

Zortzi urteko agorraldiari amaiera eman dio Oriok eta Arraun Lagunak-ek laugarrena eskuratu du

‘Mirotzek’ beren historiako 33. Kontxako Bandera eskuratu dute, 2017az geroztik aurrenekoa, brankaz estropada mila puskan hautsi eta gero. Emakumeen Kontxako Banderan, berriz, Arraun Lagunak ontziak bere dinastia are gehiago sakondu du bere laugarren garaipena eskuratuz.

Hori kolorez jantzita, ikurriña eta Palestinako banderarekin batera astindu du Oriok bere 33. Kontxako Bandera. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Alboko kaleen kalterako, Kantauri Itsasoak kikua egin die Kontxako Banderako bigarren igande honetan uretaratu diren ontziei. Hondoko itsasoa, metro eta erdiko olatuak, patroiei eta arraunlariei marinel sena pizteko moduko lana egokitu zaie, eta ikusleentzat, berriz, begientzat gozamena.

Eta ur mugitu hotietan Oriok egin duena bada zerbait, garaipenaz harago doana. Bada zerbait 33 Kontxako Bandera –emakumeek lorturikoak aintzat hartu gabe, kasu zehatz honetan–, eta halaxe lortu du Oriok, 2017tik luzatzen zen agorraldia amaituz. Badira zerbait 11 Kontxako bandera, halaxe lortu du Iker Zabala ‘mirotzen’ entrenatzaileak, aurreko urteetan Santurtzin eta Bermeon lortutako balentriak Orion ere berretsiz. Badira zerbait, halaber, 10 Kontxako Bandera. «Aita Manuel» handiaren marka hautsi du Gorka Aranberri ‘San Nikolas’ ontziko patroiak. «Egunero lanera ilusioz doan norbait naizela pentsatuko balute konformatuko nintzateke. Ilusio horren emaitza da garaipen hau. Ilusio horrek lanera gogoz narama eta lanera gogoz joanda, arraunlariei beren onena ateratzen saiatuta, garaipen hau izan da horren guztiaren fruitua», adierazi du, hunkituta, patroi zarauztarrak.

Ez du kolorerik izan Gizonen Kontxako Banderaren bigarren igande honek; horia, akaso. Zierbena ahalegindu da bere lidergoari eusten, baina ziabogaraino bakarrik egon da benetan ’galipoen’ ontzia garaipenerako lehian. Itzulerako luzean, hondoko itsasoak bultzaturiko olatuen artean, Orioren nagusitasunaren aurrean burua makurtzea besterik ez zaio geratu.

Arrauneko paladatik

Aurreneko paladatik jarri ditu gauzak bere lekuan Orioko traineruetan. Ez du askorik behar izan urteko estropadarik garrantzitsuenak Orio eta Zierbenaren arteko buruz buruko lehia bihurtu arte, Bandera irabazteko aukerarik izan zezakeen Urdaibai berehala geratu delako atzean, Donostiarrarekin borrokan. Zigorrak direla-eta, Zierbenak segundo hamarren bateko aldearekin ekin dio Kontxako Banderaren bigarren igande honi, baina berehala eman dio ‘San Nikolas’ ontziak sailkapen nagusiari buelta. Minutuko 40 paladako aldea ia uneoro mantenduz, ‘mirotzek’ brankaz bi ontziko aldea atera dute, brankaz ere olatuak hartzerik badela erakutsiz.

‘Galipoek’ ere ez dute bururik makurtu eta tarteka Oriorekiko aldea jatea lortu dute, baina ziaboga sasoian zazpi segundoko aldea atera dute oriotarrek, eta bizkaitarren maniobra ez da agian finena izan. Urte osoko nagusitasuna berretsi nahian edo, Gorka Aranberrik gidaturiko eskifaia estropada txikitzeko ahaleginean murgildu da itzulerako luzean, uda osoan zehar egin duen moduan.

Baita egin ere. Halakoetan ohikoa den moduan, lehiarik ez da izan helmugarako azken palada horietan. Bata bestearen atzetik alde nabarmenekin itzuli dira lau ontziak, bakoitza bere lanean kontzentraturik, Donostiako kaia kolorez janzten joan delarik.

Aurreneko txandan, berriz, Getariak sekulako lana egin du, eta ez du urruti izan Donostiarraren laugarren postua ere. Ostean sailkatu dira Lekittarra, San Juan eta Hondarribia, sailkapen nagusia aldatu ez badira ere.

Izan ere, behin helmuga eta pozaren leherketa amaituta, lehorreratzeko sasoia etorri da, festa betean murgilduz, Bandera irabazi ez duena ere, Urdax Antepara Zierbenako arraunlariak esan duen moduan. «Pena da ezin irabazia, gehiagoren bila etorri garelako. Orain kosta egiten da beste bat hobea izan dela onartzea, baina orain hemen dagoen giroaz ere gozatzen jakin behar da, giro hau ere baloratu egin behar delako».

Donostiako kaian, berriz, ohiko koloreez gain, Palestinarekin elkartasunak leku berezia eskuratu du. Arraunlariak zapi palestinoa lepoan direla ibili dira, Donostia Palestina elkartearen ekimena jarraituz. Jaiarekin batera, aldarrikapenarentzat ere leku berezia eginez.

Kontxako CXXX. Gizonen Bandera

1- Orio 38:35.36 (19:36.00)

2- Zierbena 38:47.86 (19:48.60)

3- Urdaibai 39:07.36 (20:01.92)

4- Donostiarra 39:24.12 (20:09.06)

5- Getaria 39:31.64 (20:11.52)

6- Hondarribia 39:54.84 (20:32.98)

7- San Juan 40:05.58 (20:20:30.86)

8- Lekittarra 40:06.68 (20:23.82)

Arraun Lagunaken dinastia

Emakumeen Banderako aurreneko txanda, «kontsolazio» txandatik ikusi da itsasoaren eragina. Baina ohorezko txandan aritu direnek garbi ikusi ahal izan dute itsasoaren mandatua. Arraun Lagunak 10 segundoko aldeaz aterata, bere lana txukun eginda nahikoa zuen beste urtebetez Kontxako Bandera eskuratzeko eta emakumeen arraunaren dinastia berri bat sendotzeko, iazko urtetik zenbait aldaketa eman badira ere. Baita egin ere. Garaipen handia lortu du ‘Lugañene’ ontziak, urte osoko nagusitasuna berretsi duelarik.

Juan Mari Etxabe entrenatzaileak bere hamahirugarren Kontxa bereganatu du eta Joana Halsouet izan da urteko saririk preziatuena astindu duen Iparraldeko aurreneko patroia. Maider Bereau arraunlari lapurtarrarekin batera, Iparraldeak asko irabazi du igande honetan. Urruñakoak patroirik onenaren maillot urdina ere eskuratu du gainera.

Lerrokatzen lanak izan dituzte eta Joana Halsouet eta bere arraunlariak tosta bat atzetik ekin dio lanari. Hala ere, minutu erdia betetzerako branka sartu die bere aurkariei, estropada txikitzera atera baita. Bigarren posturako lehian, berriz, Oriok aurrea hartu dio askorik asmatu ez duen Tolosaldeari. Itsaso mugituetan ondo moldatzen da Tolosaldea, baina hasierako txanpan sufritzea egokitu zaio eta itsaso zabalera atera arte ez du Nerea Perezek zuzentzen duen taldeak bere arraunketa aurkitu. Zumaia, bestalde, berehala geratu da atzean, eta ahalik eta estropada duinena egiteaz konformatu da, nahiz eta azkenean sailkapen nagusiko laugarren postua galdu duen.

Ziabogako momentuan hautsi du Arraun Lagunakek estropada eta bermatu bere garaipena. Itzulerako txanpan, poparean, gozatzeko moduan itzuli da ‘Lugañene’, Juan Mari Etxabe entrenatzailearen pozerako. Bigarren posturako buruz burukoan Oriok, Patxi Frances entrenatzailearen azken egunean, aurrea hartu dio Tolosaldeari, baina azken honek poparean asmatu du halakoren baten, eta bigarren postuari atxiki zaio atzetik aurrera eginez. Hitz gutxitan, Kontxako Emakumeen Banderak Euskotren Ligan gertatu dena islatu du: Arraun Lagunak jaun eta jabe, eta Tolosaldea Oriori gain hartzen atzetik aurrerako lanean.

Ez da harritzekoa izan Arraun Lagunak traineruaren poza, esaterako Jule Arkotxa lekeitiarraren aurpegi irribarretsuan. «Amorru puntu bat ere bagenuen. Urte osoan esan digute itsaso mugituan zalantzak sortzen genituela eta apurtzera atera gara, itsasoa mugitzen denean ere arraunean egiten badakigula», adierazi du arraunlari bizkaitarrak.

Bere aldetik, aurten erantzukizun galanta jasan behar izan duen Joana Halsouet patroia hunkituta azaldu da, itsaso mugituan bere lanak zalantzak sortzen baitzituen. Arraun Laguinak-eko eskifaiak gogotik eskertu du Urruñakoaren lana. «Hau zurea da!» behin baino gehiagotan aditu da, arraunlarien ahotik patroi lapurtarra elitera merezita iritsi dela berretsiz.

Donostiarra, laugarren

Donostiarrak eta Astillerok sailkapen nagusiko bosgarren posturako buruz burukoa izan dute kontsolazio txandan, Hibaika eta Hondarribiak zortzigarren lekua saihesteko borroka egin behar izan duten artean.

Donostiarrak aurtengo urtean urte zaila bizi behar izan du, Euskotren Ligan atzetik aurrera egin behar eta Kontxako Banderara ere sailkatu egin behar, Arraun Lagunak taldearen nagusitasunak «arraunaren olinpiar jokoen» txartela eman dielako. Baina hain ona izan da bere estropada, ezen bosgarren postua ez ezik, laugarrenerainoko jauzia eman duen. Ibon Urbietaren aginduetara, etorkizunean aintzat hartzeko moduko ontzia dela erakutsi du Donostiarrak ere.

Norgehiagoka horretan Astillero izan da kaltetuena. Donostiarrak hanka egin dio eta Hibaikaren kalean sartzeagatik hiru segundoko zigorra ere jaso du bueltako txanpa kurioso baten ostean. Izan ere ontzi guztiak hirugarren kalean lerratu baitira, kalerik egokiena delakoan. Hibaikari nahikoa enbarazu egin dio.

Donostiako ontzien jaia izan da azkenean Emakumeen Kontxako Banderan, herrian profeta izan direlako hala erakutsi behar den egunean.

Kontxako XVIII. Emakumeen Bandera

1- Arraun Lagunak 21:30.92 (11:01.72)

2- Tolosaldea 21:48.44 (11:09.24)

3- Orio 21:56.42 (11:16.38)

4- Donostiarra 22:13.67 (11:19.35)

5- Zumaia 22:18.34 (11:33.24)

6- Astillero 22:25.79 (11:31.91)

7- Hibaika 22:28.83 (11:31.69)

8- Hondarribia 22:30.59 (11:31.71)