Ainara Arkarazok eta Jokin Garciak irabazi dute ultra modalitateko Euskal Herriko Kopa
Tolosaldea Ultra Trail Erronkak amaiera eman dio zirkuituari. Irati Ortiz de Anda eta Stefano Rinaldi nagusitu ziren atzoko lasterketan. Bien bitartean, Agoizko mendi lasterketak jaso zuen lineako zirkuituaren seigarren proba. Larraitz Etxebeste eta Victor Bernedo izan ziren azkarrenak.
Trail running-eko edo mendi lasterketen Euskal Herriko Kopak hitzordu bikoitza izan zuen igandean. Hain zuzen ere, bi modalitatetan: ultra eta lineakoa. Lehenbizikoari dagokionez, erregulartasunaren zirkuituak azken proba izan zuen: Tolosaldeko Ultra Trail Erronka. Lehen ekitaldia izan zuen, eta 200 korrikalaritik gorak parte hartu zuten banakakoan eta erreleboetan.
Banakakoa izan zen Euskal Herriko Koparako puntuak banatu zituena. Parte-hartzaileak 77 kilometro eta 4.600 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidean lehiatu ziren. Emakumezkoen kategorian, Irati Ortiz de Anda erabat nagusitu zen; hots, lasterketa osoa goitik behera kontrolatu zuen. Lezamarrak 10:30:23 denbora egin zuen, eta bigarren sailkatuari, Izaskun Sanzi, 13 minutuko aldea atera zion. 10:54:38 kronoarekin, Eva Lizarralde hirugarrena izan zen.
Irabazleak adierazi zuen zalantzak izan zituela eztarriko min batetik ez zelako guztiz osatu: «Ahal nuen guztia eman nuen. Ez zen batere erraza izan, baina saiatu nintzen. Asko sufritu nuen, batez ere azken aldats gogorrean. Jaitsieran, berriz, hanketako mina nuen, baina burua estutu eta helmugara lehen postuan heldu nintzen».
Mutiletan, berriz, atzerritar batek irabazi zuen: Stefano Rinaldik. Ortiz de Andak bezala, italiarrak ez zuen batere eragozpenik izan Tolosaldeko lasterketan nagusitzeko. 8:16:49 denbora egin zuen, eta Igor Olalde bigarren sailkatuari (lehena Euskal Herriko Kopan) alde ederra atera zion: hogeita bost minutu. Julen Garmendia izan zen hirugarrena (9:10:49). Helmuga puntuan Rinaldik esan zuen lehen kilometroak ez zirela samurrak izan: «Lokatza, laino itxia, ibilbidea jarraitzeko arazoak… Halere, ondo egokitu nintzen, eta lasterketarekin gozatu nuen. Zortzi ordu eta erdiko kronoa aurreikusi nuen, eta horri hamabost minutu kendu nizkion. Ezustekoa izan zen, eta horregatik oso pozik nago».
Ultra modalitateko Euskal Herriko Kopan puntu guztiak banatu eta gero, aurreratu behar dugu Ainara Arkarazo eta Jokin Garcia izan direla erregularrenak. Bigarren postuak: Ortiz de Anda eta Olalde. Eta hirugarrenak: Lizarralde eta Arkaitz Hualde.
Seigarrena
Bestalde, lineako zirkuituak Nafarroan izan zuen seigarren hitzordua: Agoizko mendi lasterketa. Lasterkariek ibilbide zorrotzari aurre egin behar izan zioten sekzio tekniko eta aldats gogor batzuekin. Denera: 22 kilometro eta 1.350 metroko desnibel positiboa.
Larraitz Etxebeste izan zen azkarrena 2:26:57 denborarekin. Ondo estutu behar izan zuen helmuga lehen postuan zeharkatzeko; izan ere, Ainhoa Etxegarai bigarren sailkatuari bi minutu atera zizkion. Oihane Unzalu izan zen hirugarrena 2:31:49 kronoarekin. Garazi Sampedro laugarren postuan sailkatu zen lasterketan, baina hirugarrena izan zen Euskal Herriko Kopan.
Mutiletan, berriz, lehen kilometroetan Mestafa Mahfoud oso indartsu joan zen, baina Victor Bernedok ondo kudeatu zuen lasterketa, bilbotarra gainditu eta irabazi zuen 1:54:57 denborarekin. Mahfoud ia bost minutura helmugaratu zen. Jon Durana hirugarrena izan zen 1:59:52 kronoarekin. Aimar Otxokotek sinatu zuen laugarren postua; hirugarrena zirkuituan.
Aurreratu dugun bezala, erregulartasunaren zirkuituak seigarren proba izan zuen. Beste bi falta dira amaiera emateko. Behin-behineko sailkapenaren liderrak: Garazi Sampedro eta Mestafa Mahfoud.