INFO

Tabakalerako zuzendaritzak Gazako genozidioa salatu du Zinemaldiko komunikatuarekin bat eginez

Donostiako Zinemaldiko zuzendaritzak Gazako genozidioa gaitzetsiz egindako komunikatuarekin bat egin du Tabakalerako zuzendaritzak ere, ostegun honetan ohar baten bidez iragarri duenez.

Josemi Beltran, Joxean Fernandez, Maialen Beloki eta Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendaritzako hainbat kide. (Andoni Canellada | FOKU)

Tabakalerako zuzendaritza osatzen duten Carlos Muguirok, Arrate Velascok, Irene Larrazak, Joxean Fernandezek eta Edurne Ormazabalek bat egin dute Donostia Zinemaldiko zuzendaritza batzordeak Gazako genozidioari buruz egindako komunikatuarekin. Bertan Israeli Gazan egiten ari den genozidioarekin amaitzeko eskatzen zioten.

Donostiako jaialdiaren zuzendaritza batzordeak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala defendatzen duela azaldu zuen, eta beharrezkotzat jotzen duela «demokraziaren aldeko deia egitea eta demokraziaren ahuleziez ohartaraztea, gaur egun erregimen diktatorialekin parekatze izugarriak sortzen dituzten eskubide autoritarioen eta diskurtsoen ugaritasunaren aurrean».

Hala ere, jaialdiaren zuzendaritzak beharrezkotzat jo zuen publikoki gazako genozidioa gaitzestea: «Benjamin Netanyahuren Gobernuak Palestinako herriari 2023ko urriaren 7an Hamasek eta beste miliziek erasoa egin zutenetik jasaten ari den sarraski imajinaezinak gaitzesten ditugu».

«Derrigorrean kondenatu behar dugu gaur Netanyahuren gobernua gauzatzen ari dena, giza eskubideak (sistematikoki eta programa bati jarraiki) ostikopetzen eta genozidio bat burutzen aritzea, hain zuzen ere. Agian eskakizun sineskorra izango bada ere, sua berehala etetera eta Hamasek bahitutako pertsonak askatzera presatzen dugu, herri israeldarrak eta palestinarrak etorkizunean aukera izan dezaten elkarrekin modu baketsuan bizitzeko», esanez amaitu zuten komunikatua.