Herri mobilizazioen eragina nabarmendu dute Hendaian, Ibaitik Itsasora martxaren amaieran
Irailaren 10ean Erriberan hasi zen martxa Hendaiako kostara heldu zen larunbatean. Ekintzaileek Santiago Zubia moztu zuten Israelekiko konplizitateak salatzeko. Carrefourren, boikotaren aldeko oihuak egin zituzten, eta Hendaiako Udaletxearen aitzinean erakundeen engaiamendua galdegin zuten.
Ibaitik Itsasora Palestinaren aldeko martxa irailaren 10ean abiatu zen Tuteratik eta larunbatean zuen 11. eta azken etapa, Hendaian. Goizeko bederatzietan atera ziren ekintzaileak Irungo San Juan Plazatik eta Hendaiako itsasertzeko bulebarrean amaitu zuten arratsaldeko hiru eta erdietan. Kazeta.eus-ek eta Mediabask-ek jaso zuten berria.
Bukaerako ekitaldian Erriberatik Kantaurira eskuz esku ekarritako giltzaren barruko mezua irakurri zuten. Bertan, ozen erran zuten Euskal Herrian ez dugula Palestinako herria ahazten, haiekin gaudela, eta munduaren aurrean salatu zuten Israelgo Gobernua sistema kolonialistaren eta apartheidaren bidez mantentzen dela eta hori nazioarteko konplizitateei esker egiten duela, zazpi hamarkadaz askatasuna eta nortasuna defendatzen ari den herri baten aurka.
11 egun hauetan, milaka pertsonak parte hartu dute mobilizazio herritar honetan, mezu argi batekin: «Palestinako herriak bizi duen egoera genozidioa da eta ezin da inpunitatean geratu».
Etapa bakoitzaren antolaketan ehun pertsona baino gehiago aritu dira herriz herri lanean. Ibilbidean zehar, muralak eta pankartak egin dituzte, henna tailerrak, herri bazkariak, hitzaldiak, proiekzioak, dabke dantzak eta ARTibismo jaialdiak. Musika, poesia eta pinturaren bidez, Palestinarekiko elkartasun sortzailea inoiz baino biziago dagoela erakutsi dute.
Gaineratu zutenez, martxa honek dimentsio emozional handia ere izan du: «Bihotz ederrak elkarrekin oinez, tarte txiki bat besterik ez bazen ere, konpromisoaren eta itxaropen partekatuaren adierazpen izan da».
Orain, «energia kolektibo hori kanalizatzen jarraitzea» da erronka, «konplizitateak hausteko, Israelgo gobernu sionista isolatzeko eta Palestinako herriaren eskubideak betearazteko: bere lurralde osoan askatasunez bizitzea, errefuxiatuak itzultzea, preso politikoen askatasuna eta bere baliabide naturalen gaineko burujabetza».
Eskerrak eman zizkieten parte hartu duten guztiei, elkartasun kolektiboei, laguntza eman duten administrazioei eta honen berri ematea erabaki duten komunikabideei.
Antolatzaile gisa, balorazio oso positiboa egin zuten ekimenaren inguruan: «Aurreikuspen guztiak gainditu ditu eta gure itxaropenak askoz ere handiagoak izan dira».
Borrokak jarraitzen duela nabarmendu zuten. Eta hala egin zuten dei: «Aktibatu eta babestu boikot akademiko, kirol eta kulturala Israelgo gobernu genozida ordezkatzen duen edonorentzat». Aldi berean, gobernuei exijitu zieten Israelekin duten harreman oro berehala eta osotasunean eteteko.
Santiago Zubian
Azken etapan, larunbat goizean, martxa mugara iritsi zenean Yala Nafarroa Palestinarekin plataformaren babesa jaso zuen. 240 koletibo eta 1.800 herritar baino gehiago biltzen ditu plataforma honek eta joan den sanferminetan txupinazoa botaz mundu osoan zabaldu zuen Palestinaren aldeko garrasia.
Bitartean, BDS nazioarteko mugimenduko ekintzaileek Santiago Zubia moztu zuten ordu erdiz. Desobedientziaren bidez genozidioarekiko konplizitateak salatu zituzten.
Ibaiatik itsarora martxa mugara heldu da. Ekintzaileek Santiago zubia moztu. Desobedientziaren bidez genozidiarekiko konplizitateak salatu dituzte Tuteran hasi eta Hendaian helmuga duen martxaren bidez. pic.twitter.com/tgzklsFXbq
— Kazeta.eus (@kazetaeus) September 20, 2025
‘Israel. NBEaren ordua. Zigorrak orain’ zioen pankartari eutsiz sartu ziren Hendaiako karriketan. Ehunka lagun batu ziren Zokoburu portuan egun osoko programarekin bururatu zen elkartasun ekimenera. eta ‘Boikot, Israel’, ‘Palestina, askatu!’ eta ‘Israel hiltzaile, Europa laguntzaile’ oihuak egin zituzten.
Des centaines de personnes ont rejoint la marche pour la Palestine lors de sa dernière étape d'Irun à Hendaye. #ibaitikitsasora pic.twitter.com/65mLPAXqZo
— Mediabask info (@MediabaskInfo) September 20, 2025
Carrefourri boikota
Carrefourren zuten hurrengo geldialdia. Poliziak eta bandera palestinarrei goian eusten zieten ekintzaileak buruz buru aritu ziren. Hendaiako erdigunean den saltegiak ez zituen bere ateak ireki. Enpresak NBEren ebazpenei bizkar ematen eta Israelekin harreman komertzialak garatzen segitzen duela gaitzetsi zuten eta ‘Boikot Carrefour’ garrasika aritu ziren etengabe. Enpresa frantsesak Israelekin dituen harreman komertzialak bertan behera utzi arte bertan ez erostea eskatu zieten herritarrei.
Polizia eta ekintzaileak aurrez aurre. Carrefour saltegia hetsia. Enpresa frantsesak Israelekin dituen harreman komertzialak bertan behera utzi arte bertan ez erostea galdetu diete martxistek herritarrei. Ondoren Hendaiako Herriko Etxean ere geldialdia egin du ekimenak. pic.twitter.com/OsGpK9rBZR
— Kazeta.eus (@kazetaeus) September 20, 2025
Mirentxu Arbeletxe Iparraldea Palestinarekin kolektiboko kidea itxaropentsu mintzatu zen Mediabaskekin: «Herri mobilizazioek eragina izan dezakete erakunde eta enpresetan. Israelekin harreman guztiak amaitzera behartu ditzakete», adierazi zuen.
Martxaren buruan zen Joseba Elizegik ere herritarren parte-hartzearen garrantzia baloratu zuen: «Uste dut indarra oinarritik datorrela; oso haserre nago erakundeekin, politikariekin eta Europarekin».
Prefeturak auzitegira jo du
Herritarrak egunero mobilizatzen ari diren bitartean eta Frantziako presidentea Palestinako estatua aitortzear dagoen bitartean, prefetak premiaz eraman zuen gaia administrazio auzitegira ostiralean, bere hitzetan, «printzipio errepublikanoak ez errespetatzeagatik». «Mauleko Udaletxearen fatxadan Palestinako bandera jartzea» salatu zuen. Prefetak argudiatu zuen horrek «funtzio publikoaren neutraltasunaren printzipioa urratzen duela».
Prefekturak gutun bat ere bidali zien alkate guztiei, ohartaraziz «tokiko eraikin publikoetan banderak jartzeko edozein erabaki, formalizatua edo ez, administrazio auzitegira» eramango duela.
Hendaiako Herriko Etxearen aitzinean, erakundeen engaiamendua exijitu zuten ekintzaileek, Israelekin harremanak hautsi ditzaten. Mila lagun inguru batu ziren Tuteratik abiatu eta Hendaian itsasoratu den martxaren amaieran.
Arratsaldean ekintzekin segitu zuten. ‘Terre Promise’ ikusgarria, Maddalen Arzallus eta Aitor Servier bertsolariak eta Xiberootsen kontzertua egon ziren.