Euskal eskalatzaileek lau domina eskuratu dituzte Abiadurako eta Boulderreko Espainiako Kopan
Abiaduran, Leire Ruiz de Argandoña eta Haizea Pinto zilar banarekin egin ziren nagusien eta 17 urtez azpikoen mailan, hurrenez hurren. Boulderrean, berriz, Sofia Hernandezek urrea irabazi zuen 15 urtez azpikoen kategorian eta Udane Mugikak 17 urtez azpikoetan.
Joan den asteburuan, Eskaladako eta Mendiko Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) dantzan jarri zituen 300 eskalatzaile baino gehiago. Mijasen (Málaga) jarri zien hitzordua; hain zuzen ere, Espainiako Koparen testuinguruan. Erregulartasunaren bigarren proba izan bi modalitatetan: abiaduran eta boulderrean.
Nahiz eta nagusien mailan hutsune batzuk (Munduko Txapelketa jokatzen ari dira Seulen) egon ziren, lehia ederrak ikusteko parada egon zen. Azken urteotan bezala, jubeniletako maila ezberdinetako makina bat ordezkari azaldu ziren. Ekipatzaileen lanari dagokionez, abiadurako proban ez bezala, buruhauste handienak boulderreko proposamenetan egoten dira. Eta, oro har, talde horrek (besteak beste, Eneko Carretero zegoen) lan oso ona egin zuen.
Ohi den bezala, Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek ordezkaritza bana bidali zituen Espainiako Kopara. Eta multzo zabal horretan lau protagonista egon ziren. Hots, lau euskal eskalatzailek dominak eskuratu zituzten: Leire Ruiz de Argandoñak, Haizea Pintok, Sofia Hernandezek eta Udane Mugikak. Lehenbiziko biek arrakasta lortu zuten abiadurako hitzorduan, eta beste biek boulderrean.
Urre bakarra
Fedme-ren bigarren proba horretan lehenak lehiatzen abiadurako espezialistak izan ziren. Ohi den bezala, 15 metroko murruan edo ibilbidean jardun zuten. Emakumezkoen seniorren mailari dagokionez, aurreratu behar dugu final oso estua bizi izan zela. Batez ere, lehen bi sailkatuen artean. Maria Labordak irabazi zuen 7.84 denborarekin, baina soilik bost ehuneneko aldea atera zion bigarren sailkatuari: Leire Ruiz de Argandoñari. Hortaz, zilarra eraman zuen etxera.
Bigarren euskal domina Haizea Pintoren eskutik heldu zen. Ruiz de Argandoña bezala, Pinto ere nafar selekzioko ordezkaria da, eta 17 urtez azpikoen mailan bigarren postua sinatu zuen 9.26 denborarekin. Nora Garcia kanariarrak irabazi zuen. Ez zen beste euskal lehiakiderik sailkatu final ezberdinetara.
Aurreratu dugun bezala, boulderrean ere beste bi euskal domina lortu ziren. Biak ala biak Euskal Mendizale Federazioko ordezkarien aldetik iritsi ziren. Abiadurako hitzorduan ez bezala, nagusien mailan ez zen euskal eskalatzailerik ikusi finalean. Maddi Agirre hamargarrena izan zen, eta Asier Antunez hamabigarrena.
Urre bakarra Sofia Hernandezek erdietsi zuen 15 urtez azpikoen kategorian. Final horretan beste bi euskal ordezkari lehiatu ziren: Emma Hernandez (zazpigarren) eta Markel Korta (seigarren). Udane Mugikak ere aukera izan zuen podiumera igotzeko. 17 urtez azpikoen mailan bigarrena izan zen. Azkenik, Maddi Agirrek bosgarren postua sinatu zuen 19 urtez azpikoetan.
Abiadurako eta Boulderreko Espainiako Kopa amaitzeko proba bakarra falta da. Eta hori Potesen (Kantabria) jokatuko da heldu den urrian.