INFO

Manel Rodriguez-Castellok eta Contrabandok jaso dute Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Manel Rodriguez-Castello eta Contrabando argitaletxeak eskuratu dute Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria, ‘Glosak·Glossar el món’ izenburupean, Tere Irastortzaren poemen hautaketa bat katalanera itzuli eta argitaratzeagatik. 

Sari-emate ekitaldia, ostegun honetan Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Tere Irastortzaren poemak euskaratik katalanera itzultzeagatik jaso du Manel Rodriguez-Castellok Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria. ‘Glosak·Glossar el món’ izenburupean eta Contrabando argitaletxearen eskutik kaleratu ditu itzulpenok eta epaimahaiak balioan jarri du itzulpena «bikaina eta jatorrizko testuarekiko leiala» dela.

Irastortzak 1980. eta 2023. urteen artean sortutako poemen hautaketa da ‘Glosak·Glossar el Món’. Valentziako Ediciones Contrabando zigiluak eman zuen argitara iaz, katalana-euskara edizio elebidunean.

Liburuak Tere Irastortzaren (Zaldibia, 1961) 43 urteko ibilbide poetikoa jasotzen du. Bere lehen poesia-liburua, ‘Gabeziak’, 1980an argitaratu zen, eta ordutik hamar titulu gehiago plazaratu ditu. ‘Glosak·Glossar el món’ bilduman, irakurleak aurreko lanetako poemen aukeraketa zabala aurkituko du, baita Irastortzaren ibilbide literarioaren atzera begirako ikuspegia osatzen duten testu argitaragabeak ere.

Itzultzaileak eta argitaletxeak Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza eta Laboral Kutxaren ordezkari Jokin Gorritiren eskutik jaso dute saria, gaur goizean Bilboko Bidebarrietako Liburutegi Nagusian egin den ekitaldian. Tere Irastortzak berak ere hartu du parte sari banaketan.

‘Glosak·Glossar el Món’ liburuari buruz epaimahaiak nabarmendu du «bikaina» dela itzulpena, «hizkuntzari dagokionez akatsik gabea, arin irakurtzekoa eta jatorrizko testuaren estiloarekiko leiala». Horrekin batera, «idazleak proposatutako forma poetikoak errespetatze»” dituela gaineratu du, eta «euskaraz poemak duen espirituari erantzuteko katalanezko irtenbide naturalak bilatzeko egindako ahalegina» azpimarratu. Halaber, aintzat hartu du, besteak beste, «edizio zaindua eta elebiduna» izatea.

Sariaren hamargarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Zuzendariak; Elizabete Manterola, EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta Mikel Lasa Etxepare Euskal Institutuko komunikazio arduradunak.

Etxepare–Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zuten, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lanen itzulpena aitortzeko. Euskal idazleen lanak nazioarteko publikoarengana iristeko zubia dira itzulpenak. Sari honekin, bi erakundeek itzultzaileek itzalean egindako lana azpimarratu eta balioetsi nahi dute, baita argitaletxeek euskarazko literatura itzultzearen alde egindako apustua aitortu ere.