‘Singular’: ordezkagarriak al gara?
Lehen film luzea zuzendu zuenetik hiru urte igarota eta ‘Argi Gorriak’ telesaila estreinatzeke duenela, Alberto Gastesik ‘Singular’ filma aurkeztu du Sitgeseko Sail Ofizalean. Adimen artifizialaren unibertsoan murgiltzera gonbidatzen gaitu, baina ikuspegia eta fokua pertsonaiengan jarrita.
Alberto Gastesi zinemagile donostiarrak ‘Singular’ aurkeztu du Sitgesen, adimen artifizialaren mugak eta giza dolua ardatz dituen zientzia-fikziozko thriller berezia. Zuzentzen duen bigarren film luze honetako protagonistak Patricia Lopez Arnaiz, Javier Rey eta Miguel Iriarte dira.
Semea hil zenetik hamabi urtera, Dianak eta Martinek lakuko etxe zaharrera asteburu baterako itzultzea erabaki dute. Diana adimen artifizialean aditua da (EHUn lan egiten du), eta Martinek aldiz lanbidea utzi zuen zibilizaziotik at bizitzeko. Hildako semearen antza duen gazte misteriotsu bat agertu da etxean, eta antzinako sekretuak eta susmo berriak azaldu dira. Familiaren iraganaren baitan egon liteke etorkizun bat izatea.
Zientzia-fikziozko elementuak dituen filmak bide ezohikoetatik eramaten du ikuslea. Tira, ez behintzat askok espero duten bidetik; adimen artifizialaren gaia lantzen duela irakurri ondoren, ez pentsa ‘Blade Runner’ edota ‘Black Mirror’-en tankerako zerbait ikusiko duzunik; bai, ordea, Alex Garlandek bere filmen bidez planteatzen dituen galdera nagusiak: pertsonaiak ditu oinarri, eta euren keinu, begirada zein traumak dira gure barneko galderei erantzun isilak eskaintzen dizkietenak.
Azalpean ezkutatzen den zientzia fikzioa du oinarri, baina hiru pertsonaiaren istorioaren bidez kontatua. Pelikulak galdera existentzialak planteatzen ditu, baina horiek pertsonaien barnetik jaiotzen dira. Filmak ez du teknologiaz hitz egiten soilik: adimen artifiziala bigarren mailan geratzen da, pertsonaien gizatasunak —haien beldurrak, traumak eta kontraesanak— lehen planoa hartzen duelako.
Film itxiak, esplikatiboak eta ekintzak etengabe azpimarratzen dituzten horietakoak maite dituzten ikusleek, ‘Singular’ ez da bide erosoa izango eurentzat. Filmak anbiguotasunaren ertzetan dantzan egiten du, eta ikusleari ez zaio ezer murtxikatuta eskaintzen; norberaren esku geratzen da haren zati sakabanatuekin puzzlea osatzea. Thrillerraren tentsioa du oinarrian, baina azkenean zientzia-fikziozko proposamen gogoetatsu, poetiko, pertsonal eta intimo bihurtzen da.
Benetan eskertzekoa da ikus-entzulea izaki inteligentetzat hartzen duten filmak agertzea; gure interpretazio-goseari arnasa ematen diotenak, eta galderak erantzunen gainetik jartzen dituztenak.
Gidoia eta idazketa prozesua
Urteak zeramatzaten Gastesik eta Alex Merinok ‘Singular’ filmaren ideia garatzen, eta filma gauzatu den unean adimen artifizialak eta teknologiak, oro har, inoiz baino pisu handiagoa hartu dute gizartean. «Film labur batzuen ideiatatik dator, eta guztien baturatik sortu da istorioa, Alex Merinok eta biok idatzi duguna. Generoaren kodeetan oinarritu gara hasieratik, baina alderdi ludikoak garraiatzen du kontakizuna, baita egitura bera ere. Generoarekin geure erara jolastu nahi izan dugu, eta filmaren erditik aurrera guztia hankaz gora jarri, amaieran zientzia-fikzio filosofikoago eta poetikoago bat egiteko», azaldu du.
Eta erantsi du: «Idazketa-prozesuan zerbait oso polita dago; ideia hasieratik hor bazegoen ere, gizartea eta testuingurua asko aldatu dira urte hauetan guztietan: ChatGPT eta halakoak sortu dira. Horregatik uste dugu film hau unerik egokienean iritsi dela, adimen artifizialen gaia gizartean pil-pilean dagoen unean». Zuzendariaren hitzetan: «Adimen artifiziala uste baino askoz lehenago iritsi da gure bizitzetara, etorkizunarekin lotzen dugun beste edozerekin askotan gertatzen den bezala. Thriller honen azpian zientzia-fikzioa ageri da, baina ez da irudian ageri begiradan baizik. Ordezkagarriak al gara? Gure pelikularen bihotzean taupaka dagoen galdera nagusia da».
Erreferentziak
Erreferentzia bisual eta narratiboei buruz galdetuta, Gastesik adierazi du: «Aitortu behar dut hemen gauden ia inor ez dela generoaren ikusle sutsua, baina zientzia-fikziozko film asko ikusi ditut azken boladan. Ez zait gehiegi gustatzen sormen-prozesua erreferente kontzienteekin gurutzatzea; ez gidoietan, ezta Esteban Ramos argazki-zuzendariarekin landu dugun alderdi bisualean ere. Filma prestatzen ari nintzela pelikula pare bat atera ziren elkarrizketetan, baina jorratzen duten generoa baino gehiago, misterioa nola lantzen duten interesatzen zait: Jonathan Glazerren ‘The Bird’ eta Kiyoshi Kurosawaren ‘Cure’».