Peio Etxeberria aldarrikatzaileak kaiolako finalerako txartela eskuratu du Altuna kanporatuz
Zenotzeko aurrelariak 9-22 irabazi dio Jokin Altunari, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta Lau eta Erdiko finala jokatuko du Javier Zabalaren aurka.
Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak jokatuko dute, hilaren 16an Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Lau eta Erdiko finala. Larunbatean errioxarra izan zen txartela eskuratu zuena, eta igande honetan Zenotzeko aurrelariak osatu du finala Jokin Altuna kanporatuta (9-22).
Baliteke askok ahaztuta izatea edota garrantziarik ez ematea, baina gogoratu behar da Peio Etxeberriak bazuela arantza bat kendu beharra. Izan ere, udaran CaixaBank Masterseko txapelketa nagusitik kanpo utzi zuen Aspek, eta nafarrak joko ederrarekin erantzun zuen, finalean sartuz. Bertan ezin izan zuen txapela eskuratu, baina argi esan zuen berak onenekin egon nahi duela.
Bada oraingoan aukera bikaina izango du Lau eta Erdiko txapela eskuratzeko. Hirugarren finala izango du segidan, 2023an Altuna III.aren aurka eta 2024an Lasoren aurka galdu ostean.
Etxeberria, aise
Partida gogorra izan da, erritmo bizikoa. Faboritoa berez amezketarra bazen, zenoztarrak ia hasieratik agintea hartu du. Ostegunean, pilota aukeraketan, Peio Etxeberria kexu azaldu zen «pilota baxuegiak» zeudelakoan, baina eroso aritu da eta Altuna III.ak deseroso jokatzea lortu du, aurrean jokatzea zaildu dio, baita airez jokatzea ere, atzean jokatuarazi du eta 7-0ko partzial batekin 5-13 aurreratu da. 5-12an, pilotari ematera joatean, Jokin Altunak Etxeberriaren kontra talka egin du, eta epaileek, errepikatzea agindu beharrean, tantoa Zenotzekoari ematea erabaki dute.
Biek egin dituzte tanto ederrak. Agian, nabarmentzekotan, Peio Etxeberriak 6-16 zihoazela egin duen gantxo ikusgarria edo 9-20an egin duen bi pareta. 6-17 galtzen ari zela, Altuna III.ak sakea berreskuratu eta beste tanto bat egitea lortu du, baina, jarraian, huts egin du eta hor galdu du aukera on bat, agian eduki duen azkena, partida berbideratzeko. Amezketarrak partida argiki desmoralizatuta amaitu du. Peio Etxeberriak, hunkituta, aitonari eskaini dio garaipena.
Finala eta hirugarren postua
Finala Javier Zabala errioxarraren kontra jokatuko du, azaroaren 16an, Bilboko Bizkaia frontoian, 17.00etan hasiko den jaialdiko bigarren patidan. Peio Etxeberria bere lehen txapela lortzeko lehiatuko da. 3. postua lortzeko partida, aldiz, Altuna III.ak eta Joseba Ezkurdiak jokatuko dute, Arrasaten, azaroaren 9an.
PARTIDAKO FITXA:
Altuna III.a: 9
Peio Etxeberria: 22
Pilotakadak: 265. Iraupena: 51:11. Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-5, 4-5, 4-6, 5-6, 5-13, 6-13, 6-17, 8-17, 8-18, 9-18 eta 9-22. Sakez egindako tantoak: 0 Altunak eta 1 Peio Etxeberriak. Jokoan egindako tantoak: 7 Altunak eta 14 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 7 Altunak eta 3 Peio Etxeberriak. Gertakariak: Sarrera oso ona Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Altuna III.aren botillero lanetan Gorka Altuna lehengusua aritu da. Peio Etxeberriarekin, Andoni Gaskue. Lehen sakea urdinarentzat.