INFO

Beñat Senarrek Murua gordinik irentsita lortu du B Serieko finaleko txartela (22-6)

Ataundarrak «partida biribila» osatu du ezinean geratu den Muruaren aurka. Arrasateko pilotaria ez da gai izan tanto bi kateatzeko eta Senar erraz aritu da. Larunbatean «Amianoren etxean» jokatu duen finala, Irungo Uranzu pilotalekuan, «beste kontu bat» izango da, ligaxkan Senar gailendu bazen ere.

Beñat Senar Amianoren aurka nagusi izan zen ligaxkan eta hala errepikatzea nahiko luke larunbateko finalean ere. (Jon URBE | FOKU)

SENAR 22

MURUA 6

Amianoren aurkaria Beñat Senar izango da larunbat honetako Irungo Uranzu pilotalekuan B Serieko Lau eta Erdiko Txapelketako finalean. Tolosako Beotibarren elkartu diren zaleek ez dute hastekorik ere izan beren gozamenerako, Senarrek ia ia gordinik jan du-eta bere aurkaria.

Nolabait esatearren, irabazle atera dena zen faborito, baina Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalerdietan gertatu denari so, ezin kukurrukurik inork ere jo, pronostikoek hamarretik zortzitan zakarrontzian amaitu baitute.

Ez oraingo honetan, ordea. Partida hasi baino lehen amaitu baita, nolabait esatearren. Laster dira bi urte Beñat Senar ataundarrak profesionalen artean lekua egin zuela eta B Serieko finala urteurren hori baino lehentxoago iritsiko bazaio ere, ez da beldurrik: prest helduko da larunbateko hitzordura.

Ezin gauza bera esan Muruagatik, tamalez. Nork ez du nahi txapelketa ofizial bateko finala jokatzerik! Alabaina, nahi izatea lanaren erdia baino ez da, gero kantxan bete behar delako beste erdia, eta Beotibarren ez du bere armarik baliatzeko modurik izan. «Hasieran tanto batzuek piloteatuak izan dira, baina tanto pare bat jarraian egin duenean ez naiz gai izan eta ni baino askoz gehiago izan da», onartu du arrasatearrak.

Partzialak oso nabarmenak dira: 5-1 eta 7-2 hasteko, eta handik aurrera are eta nabarmenago: 12-4, 18-5 eta 22-6. Kolorerik ez, ataundarraren gerriko gorria ez bada.

Sakeaz min eman dio ataundarrak aurreneko tantoetatik eta Ander Muruak ahalegina egin badu ere, bistakoa izan da ez dela kantxan sekula lekutu. Bi tanto segidan egiteko gai ez da izan Arrasateko pilotaria eta horren aurrean, nahi baino lehen etsia hartzea besterik ez zaio geratu.

«Uste baino errazago atera dut. Hasieratik sentsazio onekin eta bera deseroso sentiarazi dut. Atzeraka ateratzea lortu dut eta horrek asko balio du Lau eta Erdikoan», onartu du Beñat Senarrek, neurri berean pozik eta serio, Amianoren aurkako finala jadanik gogoan.

Larunbatean, berriz, «Amianoren etxean» jokatzea dagokio ataundarrari. «Ligaxkan ondo irabazi nion baina finala beste kontu bat izango da. Amiano pilotari boteretsua da eta pilota munduan zeresana eman behar duena. Beraz, finalerdia irabazi dugulako pozik bai, baina ospakizunik ez, larunbatean lan zailak izango ditugulako», amaitu du Senarrek.