INFO

Kalejiraren harira «gezurrekin tentsioa areagotzen aritzea» leporatu diote Zupiriari

Euskal Herriko eta Palestinako selekzioaren arteko partidaren harira antolatutako kalejira Lakuako Segurtasun sailaren partetik jasotzen ari den «kriminalizaizoa kanpaina» salatu dute Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko harmailek.

Palestinarekin Elkartasuna plataforma eta Euskal Herriko harmailen prentsaurrekoa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko harmailek prentsaurrekoa egin dute Bilboko Arriaga plazan, Euskal Herriko eta Palestinako selekzioaren arteko partidaren harira larunbaterako antolatu duten kalejira «kriminalizatzeko saiakera» salatzeko.

Izan ere, atzo bertan, Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak adierazi zuen «jakinarazi gabeko erradikalen martxa bat» dagoela antolatuta. Ordu batzuk geroago Segurtasun sailak konfirmatu zuen jakinarazita zegoela.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zaletuek Zupiriaren adierazpen horiek gezurtatu dituzte: «Duela hilabete eman genion Segurtasun sailari gure kalejiraren berri. Une hartan, partida egunerako antolatuta zeuden gainontzeko ekimenekin koordinatzeko zailtasunak argudiatuta baimena ukatu zitzaigun. Aste honen hasieran berriro egin dugu eskaria eta oraingoan Ertzaintzak kalejira arazorik gabe baimendu du».

Hori azalduta, «oso larritzat» jo dute Segurtasun sailburua hedabideetan «gezurra zabaltzen aritzea».

«Guztiz kontraesankorra da biharko partida normaltasunez eta istilurik gabe garatzea nahi duela esan eta, era berean, partiduaren aurreko egunetan tentsioa areagotzen eta mobilizazioko antolatzaileak probokatzen aritzea. Badirudi Jaurlaritzak berak duela interesa bihar istiluak egon daitezen. Norabide horretan doazen probokazioak alde batera uzteko exijitzen dugu. Biharko partida aldarrikapen eta ospakizun bat izatea nahi dugu guk», adierazi dute.

Bestalde, EAJren «kriminalizazio» kanpainak, «sionismoarekin dituen lotura sakonei» erantzuten diola salatu dute.

Bi mobilizazioei buruz

Lehenik, bi mobilizazioen arteko aldeak beren «aldarrikapen politikoetan» oinarritzen direla azpimarratu dute, «eta ez mobilizazio baketsu eta bortitz baten arteko dikotomia faltsuan».

«Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko zaletuen harmailek palestinar erresistentziarako eskubidea defendatzen dugu eta gatazkaren jatorria israeldar proiektu kolonialaren existentzian kokatzen dugu. Eta beraz, ez diogu Israeli zilegitasunik aitortzen», azaldu dute.

Horretaz gain, adierazi dute azken urte luzeetan zaletuek antolatu izan dutela Euskal Selekzioaren partidako kalejira, «eta zentzu horretan, aurreko urteetako ekimenen jarraipena dela aurtengo kalejira ere».

Hori guztiagatik, Euskal Herriko gizarteari dei egin diote larunbatean, 18:30ean, kalejiran parte hartzera. «Gu Palestina erresidentziaren alde, Israelgo Estatu terroristaren kontra eta gure selekzioaren ofizialtasunaren alde aterako gara bihar kalera», azpimarratu dute.