INFO

‘Dena egiteke dago, zinema tirokatu’ liburua, zinemara begirada ezberdinetatik iristeko

Zinemara gerturatzeko bide eta interes ezberdinak daude, horiek landu dituzte Iratxe Fresnedak koordinatutako ‘Dena egiteke dago, zinema tirokatu’ liburuan. Zazpi egileren lanak bildu dituzte Nosferatu Bildumako XIII. ale honetan, zazpi begirada.

Fresnedak koordinatu duen zinemaren inguruko liburuaren aurkezpena asteazken honetan izan da. (Jon Urbe | FOKU)

Iratxe Fresnedak koordinatu du Nosferatu bildumara batu berri den liburua, XIII.a: ‘Dena egiteke dago, zinema tirokatu’. Argitalpena asteazken honetan aurkeztu dute Euskadiko Filmategian, Nosferatu programazioaren ‘Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak’ zikloari lotuta. 

Fresnedaz gain, Tania Arriaga Azkaratek, Aitor Arruzak, Maitane Hernandez Eyheramonhok, Gentzane Martinez de Osabak, Olatz Ovejero Alonsok eta Elisa Villota Sadabak idatzi dute, bakoitzak zinemagintzaren ertz batetik idatzi du artikulua. Aurkezpenean, Joxean Fernandez Euskal Filmotekako zuzendaria eta Josemi Beltran Donostia Kulturako arduraduna ere izan dira. 

Eskertuta agertu da Fresneda, liburu hau idazteak «zinemara gerturatzeko bestelako begiradak» eskaintzen dituelako. Orain artean landutako ibilbidetik «ihes» egin eta beste zerbait kontatzea zen beraien asmoa, eta horregatik, zinemara gerturatzeko aukera ezberdinak landu nahi izan dituzte. Hiru ardatz nagusi nabarmendu ditu aurkezpenean: sorkuntza, errepresentazioa eta bide berriak. 

Orotara zazpi artikulu daude, eta bakoitzean gai ezberdin bat landu dute; ez dira ibilbide historikoaren ingurukoak, gaurkotasunez beterik daudela azaldu dute. Egileek propio landu dituzte ondorengo gaiak: sorkuntzan dauden absentziak; itzalean dauden zinemagileak; ekoizpen-eredu exekutibo alternatiboak; errepresentazioa eta ordezkagarritasuna; queer sormena, etorkizuneko bide berriak; ekozinemagintza eta paisaia.

Ardatz horien bidez, ohiko film komertzialetatik aldendu eta zinemaren industria tradizionaletik kanpo sortzen diren sormen eta errepresentazio ikuspegien aniztasuna esploratuko dela adierazi dute aurkezpenean: «Aspaldi hasi ziren emakumeak eta industria zinematografien barruan sartzen ez diren beste kolektibo batzuk zinearen historia propioa idazten. Zinemak errealitatearen ikuspegiak sortzen ditu, eta horiek, noizean behin, ezarritako eskema narratibo eta formaletatik ihes egiten dute». 

Sortzeke dagoena

Izenburu deigarria du, eta zehazki zergatik eman dioten izenburu hori arrazoitu ez badu ere –ez du spoilerrik egin nahi izan–, azaldu du bere ustez oraindik dena egiteke dagoela: «Uste dut oraindik dena asmatzeke dagoela, batez ere norberaren begiradatik, beharbada istorio guztiak kontatuta daude baina oraindik norberak berea konta dezake. Eta hor sortzeko aukera asko dago».

Euskal zinemagintza «modu naturalean» agertzen dela zehaztu du Fresnedak, «oso presente dago eta ez hizkuntzaren bidez bakarrik, edukian ere bai». Izan ere, oso talde anitzaren artean sortutako lana dela kontatu du, eta guztiek ekarri dituztela euskal zinemako erreferentziak. 

«Dibulgazio espiritua» du liburuak egileen ustez, eta zinemazaleentzat zein beste leku batzuetatik zinemara hurbildu nahi dutenentzat pentsatuta dagoela: «Akademiako arauetatik ihes egiten ahalegindu gara. Publiko orotara zuzenduta dago, zinemaren munduko ofizio zein mundu ikuskera ezberdinak jasotzen dira, eta horregatik uste dut interes ezberdineko pertsonak erakarri ditzakeela zinemara horrelako liburu batek».