INFO

Barandika-Basque, Winter Serieseko finalera eta moreen aurrelaria ospitalera

Bigarren seteko 12nakoan, Goitiaren errebote batek gernikarraren ezker ukalondoan jo zuen eta ondorioz, haustura du 'olekranon' hezurrean. Azken lau tantoak sufrimendu handiarekin eta mugatuta jokatu zituen, baina berea izan zen garaipena erabaki zuen azken pilotakada.

Barandika eta Basque, aurreko partida batean. (ERAMAN JAI ALAI)

Barandika eta Basque Winter Series txapelketako lehen finalistak dira. Bikote horiak bi set eta huts irabazi zieten astelehen gauean Alex Goitiandia eta Unai Lekerikabeaskoari (15-6 eta 15-14). Hortaz, Winterraren 5. edizioko finala jokatuko dute. Barandikarentzat, bere bigarren finala, eta Basquerentzat, lehenbizikoa. Gainerako hiru bikoteak oraindik bizirik daude eta finalerdiak amaitzeko bi partida geratzen dira.

Hala ere, Barandikak pilotakada larria jaso zuen partida amaieran. Bigarren seteko 12nakoan, Goitiaren errebote batek gernikarraren ezker ukalondoan jo zuen. Kolpe zuzena izan zen. Azken lau tantoak sufrimendu handiarekin eta mugatuta jokatu zituen, baina berea izan zen garaipena erabaki zuen azken pilotakada. Partida bukatu eta berehala eraman zuten ospitalera.

Astearte honetan Eraman jai Alaik adierazi duenez, Xabi Barandikak haustura du ezker ukalondoko 'olekranon' hezurrean. Hala, mediku kontsultak egiten ari da, lesioa baloratu eta errekuperazioko aukerak aztertzeko.

Partidari dagokionez, lehen setean nagusi izan ziren Barandika eta Basque, hasieratik amaierara. Berdeak ez ziren neurketan ondo sartu eta bikote morearen estrategia nagusitu zen. Basquek txapelketako partidarik onena jokatu zuen, bai defentsan eta bai bere errebes indartsuarekin, arerioak behartu eta Barandikari aukerak sortzen.

Gernikarrak zazpi tanto egin zituen lehen jokoan: bi horma-biko, dejada bat, errebotean bat, bi txapa gainetan moztuta eta beste pilota bat, bien tartera botata. Hutsak berriz, ia batere ez, ez Barandikak ezta Basquek ere. Goitia eta Lekerika berriz, ezinean.

Bigarren jokoan erreakzionatu egin zuten Alexek eta Unaik. Partidan sartu eta tanto onak egin zituzten. Goitiak, sake errestoan eta errebotean nabarmenenak. Launakoa benetan ederra izan da. Lekerika txokoan aurrera iritsi, eskuinarekin indartsu bota eta Basquek ez sinistekoa sartu zuen xisteran. Goitia atzeraka korrika joan zen, pilota sartu eta atzeko posizio horretatik bi pareta eder bota zuen. 6-8 iritsi dira atsedenaldira aurretik berdeak.

Hala ere, Barandikak eta Basquek garaiz erreakzionatu zuten, lau tanto segidan egin, 10-10 berdindu eta 12-10 aurretik jarri ziren. Azken indar erakustaldian, berdeek 12-12 berdindu zuten Lekerikaren eskutik. Orduantxe etorri zen Barandikaren lesioa. Hainbat minutuz izan zen gernikarra aldagelan. Mina, sufrimendua eta odola gorputzean, baina Barandikak gerlariaren adorea atera zuen, duen guztia eman eta garaipena lortzeko.

Sailkapen estua

Sailkapenari dagokionez, astelehen gaueko emaitzak bizi-bizirik uzten ditu gainerako hiru bikoteak, finalerdiak bukatzeko bi partidaren faltan. Barandika eta Basque lider jarri dira 7 punturekin eta hauen atzetik daude, hurrenez hurren, Johan-Gorka (4 pt), Goitia-Lekerika (3 pt) eta Urreisti-Basque (2 pt). Datorren astelehenean Johan-Gorka eta Goitia-Lekerikak jokatuko dute. Lapurtarrek irabaziz gero, finalean leudeke. Goitiak eta Lekerikak berriz, 2-0 irabazi behar dute. 2 eta 1-ekoarekin, Urreisti eta Lopez ere bizirik utziko lituzkete eta berdinketa kasuan, berdeek tanto-average txarra dute.