INFO

Thierry Malandainen unibertsoa, Fipadoc-en estreinatuko den film dokumental batean

66 urte betetzean, Thierry Malandain koreografoa bere azken balleta prestatzen ari da Biarritzeko Balletarekin. Oroitzapenak kiribiltzen zaizkio dantza neoklasikoaren ikur handienetakoari. Malandainen unibertsoan murgiltzen da Fipadoc-en estreinatuko den ‘Quand l'Amour Prend Corps’ dokumentala.  


Fipadoc-ek, Biarritzeko film dokumentalaren nazioarteko jaialdia, hitzordu berezia prestatu du ostirala 29rako, azken 25 urteotan hiriarekin lotura estua izan duen koreografo handi bati protagonismoa ematen dion dokumentala estreinatuko baita Gare du Midi antzokian, 19.30etan. 

‘Quand l'Amour Prend Corps’  filmaren estreinaldia (‘Maitasunak gorputza hartzen duenean’ bezala itzuli daiteke; hitz jolas bat da, dena den, Chambre d'Amour hondartza eta izan bereko balletarekin) Biarritzek Thierry Malandaini, dantza neoklasikoaren ikur nagusietako bat denari, egingo dion omenaldia izango da, era berean. 

70 minutuko dokumental honetan hiru urteko lana islatzen da, denbora horretan guztian Raphaël Gianelli-Meriano zinemagileak jarraitu egin baitio dantza neoklasiko frantsesaren koreografo handi honi bere kamararekin. Malandainek erronka bati heldu dio, hau abiapuntua: Biarritzeko dantza konpainiaren ardura bere gain hartu zuenean, 2000. urtean, prestatu zuen lehen ikuskizuna ‘La Chambre d’Amour’ izan zen. 

Orain, ia mende laurden bat beranduago, ballet ikoniko hori berreskuratuko du. Konpainiako 22 dantzariekin lanean ari den bitartean, Malandain Ballet Biarritz-en eman dituen 25 bat urte inguru eta, orokorrean, dantzaren munduan eman duen 40 urteko ibilbideari buruz arituko da. 

‘Quand l'Amour Prend Corps’ dokumentalak artista batek erretiroa hartzen duen une hauskor hori islatu egiten du, «arrasto iraunkor bat utzita: etorkizuneko belaunaldiei eskainitako keinu baten memoria» izan nahi baitu, ekoizleak aipatu duenez.

Martin Harriague baionarrak hartuko dio erreleboa Malandaini Biarritzeko Balletaren gidaritzan 2027tik aurrera. Malandainek 2026ko abenduan utziko du zuzendaritza. Horretarako, urtarrila honetan iristekoa da Harriague konpainiara, urtebeteko trantsizio aldiari ekiteko.

Ekoizpenaren zati bat crowfoundind-ekin egin da, filma dokumentala zinema aretoetan proiektatu nahi baita zinemarako bertsioan.