INFO

Goitia-Lekerikak osatuko dute finala eta Barandikaren ordezkoa ebaztea soilik falta da

Goitia eta Lekerikak aise menderatu zituzten Johan eta Gorka (2-) eta Winter Serieseko finalerako txartela eskuratu zuten. Azken partidaren faltan, Barandika nork ordezkatuko duen erabakitzea falta da, txapelketako hirugarren aurrelari onenak hartuko baitu bere lekua. Finalerako sarrerak, agortuta.

Goitia eta Lekerika, finalerdietako azken partidan- (ERAMAN JAI ALAI)

Winter Serieseko finala erabakita dago jada. Goitia eta Lekerikak eskuratu dute bigarren txartela, pasa den astean Barandika eta Basquek eurena poltsikoratu ostean. Partida hartan, ordea, min hartu zuen Gernikako aurrelariak –ostegun honetan egingo diote ebakuntza eta lauzpabost hilabetez egon beharko du kantxetatik at– eta beraz, berau nork ordezkatuko duen erabakitzea soilik geratzen da.

Antolakuntzakoen irizpideen arabera, txapelketako hirugarren aurrelari onenak jokatuko du bere ordez eta beraz, finalerdietako azken jardunaldia erabakigarria izango da. Urreisti-Lopezek irabaziz gero, mutrikuarrak jokatuko du finala; galtzen badute, Johan Sorozabalek.

Hain zuzen ere, aurrelari biarriztarrak ez zuen bere egunik finena eduki atzokoan, finalerdietako azkenaurreko jardunaldian. Partida erabakigarria zen finalerako eta, azkenean, Goitia eta Lekerikak behar zuten emaitza lortu zuten final handira sailkatzeko; 2-0ekoa, alegia. Sorozabal anaiei kosta egin zitzaien partidan sartzea. Daniako txapelketa ere jokatzen daude, han finalera iritsi dira –irabaziz gero, Biscayne Cup jokatuko dute– eta nolabaiteko ‘jet lag’-a nabaritu zitzaien.

Gernikako Jai Alai pilotalekuko neurriak motz geratu zitzaien. Txapara, gora, kanpora... Ez zuten asmatu frontisarekin eta markina-xemeindarrak zein gernikarrak, sendo jokatuta eta ondo eutsita, nahikoa izan zuten lehendabiziko seta irabazteko: 15-6.

Bigarrengoan, lehia gehiago eskaini zuten Johan zein Gorkak, 4-0eko kontrako partziala jaso ostean. Amorruz piztu zen aurrelaria eta bere zigilua jarri zuen zenbait tantotan. Partidan lehendabiziko aldiz aurretik ere jarri ziren (4-5). Gorkak urrats bat aurrera eman zuen –hormabiko on bat ere sartu zuen– baina erreakzio horrek ez zuen jarraipenik izan. 8-8koaren ostean, hurrengo sei tantoak berdeentzat izan ziren eta honekin, baita finalerako txartela ere.

Bosgarren edizioa du Winter Seriesek eta Goitiarentzat lehendabiziko finala izango da; Lekerikak, bestalde, hirugarren finala jokatuko du: lehendabizikoan, Barandika bikote zuela, galdu egin zuen Beaskoetxea-Lopezen aurka; bigarrengoan ere porrota jaso zuen, Goikoren azken dantzan, Erkiaga-Ibarluzearen kontra.

Barandika kirofanora eta hirugarren aurrelari onena bere ordez

Xabier Barandika ostegunean pasako da kirofanotik, ukondoan jasotako pilotakada gogorraren ostean ebakuntza egiteko. Ondorioz, lauzpabost hilabetez egon beharko du kantxetatik at. Sekulako kolpea izan da gernikarrarentzat, txapelketa itzela osatu baitu. Aurreko denboraldiko aurrelari onena izan zen, Jai Alai Ligako azken fasean ikuskizuna eman ostean. Winter Serieseko finalerdietako ligaxkan ere ikusgarri aritu da, Basquekin bikote oso sendo bat osatuta, eta soilik lesio batek utzi dio finaletik at.

Barandika eta Goitiaren arteko agurra, pasa den asteko sustoaren ostean. (ERAMAN JAI ALAI)

Gernikarrak badaki zer den lesio larria –belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen 2024an– eta atzo ETBn egindako adierazpenetan esan legez, espero du orduan ikasitakoak eta garatutako pazientziak lesio berri honetan «lagungarri izatea».

Barandika min hartuta, zalantza zegoen antolakuntzaren irizpidea zein izango zen eta atzo argitu zuten: hirugarren aurrelari onenak ordezkatuko du finalean. Beraz, Urreisti eta Johanen artean egongo da txartela eta biarriztarrak atzo galduta, mutrikuarrak eskura dauka. Horretarako, azken jardunaldian, hurrengo astelehenean, hain zuzen ere, Urreisti eta Lopezek garaipena behar dute Olharan –Barandikaren ordezkoa jardunaldi horretan– eta Basqueren aurka.

Finalerako sarrerak, agortuta

Hartara, Winter Serieseko final handia otsailaren 15ean jokatuko da, eguerdiko 12.00etan. Sarrerak gaur bertan jarri dituzte salgai eta hiru minuturen buruan agortu dira. Txapelketa osoa ikusteko bonoek hartzen dute harmailaren zati handi bat eta beraz, oso sarrera gutxi zeuden erosteko (30-40 sarrera inguru). Txapelketa honek sortzen duen ikusminarekin, ohartu ordurako agortu dira guztiak.