Mediku euskaldunen azken promozioaren aldarrikapenak

Aldarrikapenez bete dituzte osasungintzako graduazio ekitaldiak, euskaraz ikasteko ezintasunak salatzeaz gainera, emakumeen zapalketa eta praktiketan jasotako tratua deitoratu dute.

NAIZ+|2018/06/13 09:11

 

Osasungintzari lotutako ikasketak EHUn euskaraz ikasteko duten ezina plazaratu zuten zenbait ikaslek ikasturteko graduazio ekitaldietan. Aspaldikoa da medikuntza ikasleen kexua, baina azken urteetan graduazio ekitaldiak salaketa eta aldarrikapenen bozgorailu bihurtu dituzte.

Ane Negueruela lazkaotarrak hartu zuen hitza Medikuntzako graduazio ekitaldian eta mitoak hautsi asmoz ozen aldarrikatu zuen «mediku on eta euskaldunak» direla. Haatik, euskaraz ikasteko eskubidea bermatua ez dagoela salatu eta euskarak medikuntzako fakultateetan bizi duen egoeraren diagnostikoa egin zuen: «Gasteizek ez du zer ospatu, Bizkaian dagoenean on eta ez dagoenean hor konpon, eta Donostian ostera, ereiten jarraitu behar uzta jasotzeko». Ikasleek txalo zaparrada batekin jaso zituzten lazkaotarraren hitzak.

Haatik, ez dira hizkuntzarenak soilik medikuntzako ikasleek sumatu eta sufritu dituzten gabeziak. Ospitalean praktiketan ziren bitartean «ikasleak altzari moduan tratatzen dituztenei» ere zuzendu zaie Negueruela, haiek ere ikasle izan zirela oroitarazteko eta errespetua galdeginez.

Osasungintzan emakumeak gehiengoa diren arren, «gutxiengo sentiarazten» dituztela salatu zuen ere Negueruelak, entzunarazitako zenbait esaldi matxista aletuz.

Antzera mintzatu ziren Fisioterapiako eta Odontologikoak ikasleak ere, hauek ere unibertsitate ikasketak %100ean euskaraz egitea exijitu zioten EHUri euren graduazio ekitaldietan.

Ez dute lehen aldia. Azken ikasturteetan ohitura bihurtu dute osasungintzako ikasleek graduazio ekitaldia salaketez eta aldarrikapenez betetzea. Ikasketak euskaraz egiteko dituzten oztopoak ozen salatu dituzte aurreko ekitaldietan eta sare sozialen zurrunbiloan lehen lerrora eraman zituzten aspaldikoak diren kexak.

HERRI INFORMAZIOA