NAIZ+

Lau hamarkadako gazte borroken uzta

‘Bulkada berrien garaia da’ gazte dinamikak Euskal Herria zipriztindu du azken hilabeteetan. Han eta hemen hamaika hitzaldi, bazkari edota ekimen antolatu dituzte. Lemoako Gazte Topaguneak amaiera borobila emango dio dinamikari.

(@ernaigazte)
(@ernaigazte)

Ernaik eta Aitzinak bultzatuta Euskal Herrian izan diren gazte borroken lau hamarkadak gogoz ospatu nahi izan dituzte ‘Bulkada berrien garaia da’ gazte dinamikaren bidez, ezker abertzaleko gazte erakundeen ekarpenari balioa aitortuz.

Aurten 40 urte beteko dira Jarrai antolakundea sortu zenetik. Urtemuga hori baliatuta, ezker abertzaleko gazte mugimenduak iraganean gazte antolakundeetan aritutakoak, egun ari direnak eta etorkizunean arituko direnak batu eta «Euskal Herri sozialista eta feminista lortu arteko konpromisoa» berretsi nahi izan dute.

Herrialdez herrialde, Euskal Herriko herri eta auzo askotan elkartu dira belaunaldi desberdinetako kideak. Aiaraldean, Tafallan, Agurainen, Baztanen, Irunen Auñamendin edo Garraldan gogotik ospatuko dituzte Bulkada Egunak.

Bilboko Bulkada egunerako abestia ere atera dute Mugalarik eta Eztanda taldeek.

Eta Iruñean, olinpiaden erronka ere izan dute hilabete hauetan auzoz auzo.

Herriz herriko dinamikaz gainera, 'Bulkada berrien garaia da’ kanpainaren baitan gazte antolakuntzaren memoria bilduko duen liburua ekoiztu dute. Gazte antolakundeen azken 40 urteetako ibilbidea bildu eta argitaratu dute.

Gazte Topagunea

Ostiralean hasi eta astelehena bitarte, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek Lemoan egingo dute 2019ko Gazte Topagunea, «Askatasun bulkadak independentziara!», lemapean. Arratiako herria «aldarri, borroka, kolore, bizipoz eta doinuz» bete nahi dute eta horretarako Gazte Topagune bereziena antolatu dutela eman dute aditzera behin baino gehiagotan. Hemen egitaraua.