Arruazutik Izabara korrika, artzaintza balioan jartzeko

Aritz Ganboa Arruazuko artzainak erronka bat eginen du datorren urriaren 26 eta 27 bitartean: korrika lotuko ditu bere jatorrian dauden Arruazu eta Izaba herriak, gainean Idiazabal gazta bat eramanez, helmugan Erronkariko gazta batekin trukatzeko. ‘Bideak Dokumentala’ proiektuaren baitan, erronka honen bidez artzaintza eta horren inguruko ondarea, material zein ez materiala, balioan jartzea da helburua.

NAIZ|2019/09/30 15:14
Loading player...

Urriko azken asteburuan lotuko ditu Aritz Ganboa Arruazuko artzainak lasterka Arruazu eta Izaba, artzaintza eta horren inguruko ondarea balioan jartzeko. ‘Bideak Dokumentala’ izeneko dokumentalak bilduko du erronkaren eta ondare horren berri.

Gainean Idiazabal gazta bat eramango du Ganboak, helmugan Erronkariko gazta batekin trukatzeko. Bi herrien arteko loturaren bidez, landa eremuko bizimoduaren eta hiriko bizimoduaren arteko zubiak eraiki nahi dira, horretarako bi gazta, bi jatorri izendapen, bizimodu bat eta ogibide bat abiapuntu hartuta.

 

Erronka urriaren 26 eta 27an eginen du Ganboak eta hurrengo herrietatik igaroko da: Arruazu, Madotz, Goldaratz, Latasa, Zarrantz, Muskitz, Aroztegi, Gaskue, Latasa, Olague, Leazkue, Egozkue, Iragi, Usetxi, Saigots, Lintzoain, Bizkarreta-Gerendiain, Aurizperri, Auritz, Orbaizetako Ola, Uztarrotz eta Izaba.

170 kilometroko ibilbidea

Iker Martinez izan da ibilbidearen arduraduna. Guztira, 170 kilometro eta 7.000 metroko desnibel metatuari aurre egin beharko dio Ganboak, baita gauak edota eguraldiak ekar ditzakeen zailtasunei ere. Bidean zehar Ganboak, besteak beste, Iker Karrera goi-mailako mendi korrikalaria izanen du bidelagun.

Horrez gain, erronkan modu irekian parte hartzeko aukera egonen da eta, horretarako, aurretik www.bideakdokumentala.eus webgunean izena eman beharko da.

Idiazabal gaztak onik iritsi beharko du Arruazutik Izabara eta horretarako motxila berezi baten beharra izanen du Ganboak. Ternua enpresa izanen da, haien lan ildoari jarraituz eta ingurugiroarekin errespetuz, motxila horren diseinuaz eta produkzioaz arduratuko dena.

Amaieran, jaia

Urriaren 27an, Izabak erronka bukaerako jaia hartuko du eta Kurruskla Kultur Elkartearekin elkarlanean egun osoko egitaraua antolatu dute. Helmugan ekitaldi nagusia eginen da, non artzaintzak eta gaztak (Idiazabal eta Erronkari Jatorri Izendapenek) omenaldia jasoko duten.

Aldi berean, emakumeak urte luzez artzaintzaren eta landa eremuaren biziraupenean izan duen garrantziak aitorpena izanen du, enaren agurrarekin bat eginez. Horrela, aurreko mendean Pirinioen beste aldera, Maulera (Zuberoa), espartinak egitera joaten ziren emakumeak omenduko dituzte. Bazkaria ere egonen da.

Dokumental batek borobilduko du proiektua. Dokumentalean jasoko dira erronkaren bidez ezagutzera emanen diren istorio, protagonista, paisaia, soinuak… Gure lurraren eta gizartearen isla direnak. 2020an estreinatuko da dokumentala. Egitasmoa finantzatzeko crowdfunding kanpaina martxan jarri dute eta, interesa duen orok, webgunearen bitartez egin ahalko du bere ekarpen ekonomikoa.

Babesle ugari

Proiektuaren aurkezpena joan den ostiralean izan zen Geltoki kulturgunean, hain zuzen, urte luzetan landako eta hiriko munduen elkargune izan den espazioan. Egitasmoa aurrera eramateko hainbat babesleren laguntza beharrezkoa izan da.

Ezinbesteko ekarpena egin dute, besteak beste, Idiazabal eta Erronkari Jatorri Izendapenek eta Artzai Gazta Elkarteak, gazta balioan jartzeko; Xalok eta AC Training-eko profesionalek, erronkarako nutrizio, fisioterapia eta kirol prestakuntzan; INTIA, eta horren bidez Reyno Gourmet bezalako ekimenek, prestakuntza horretan tokiko eta garaiko elikagaiak ere balioan jartzeko; Arruazu eta Izabako udalek eta Sakanako Mankomunitateak; Ternua-k, ekipazio baliabideetan; eta Muxu Estudio-k, proiektu osoa modu materialean bilduko duen dokumentalaren ekoizpenean.