Kirmen Uriberen unibertsoari buruzko lehen azterketa kolektiboa

‘Kirmen Uribe: Bizitza, Fikzioa’ izenburua du idazle ondarrutarraren lanari buruzko azterketa kritikoak biltzen dituen lehenengo liburu kolektiboa. Bertan Uriberen unibertsoaren aurpegi anitzak aurkezten dituzte hamaika ikerlarik, horietatik zazpi euskaldunak eta beste lau espainiarrak nahiz amerikarrak.

NAIZ|24/07/2020
Captura_de_pantalla_2020-07-24_a_las_15.38.55
Idazle ondarrutarra, liburuan parte hartu duten ikerlari batzuekin ostiral honetan egin den aurkezpenean. (EUSKALDUNA JAUREGIA)

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak; Pio Perez, Mikel Laboa Katedrako kideak; Mari Jose Olaziregi Alustiza eta Amaia Elizalde Estenaga editoreak eta Kirmen Uribe idazleak hartu dute parte gaur Euskalduna Jauregian izan den ‘Kirmen Uribe: Bizitza, Fikzioa’ liburuaren aurkezpenean.

Lan honek ikerlari hauen ikerketak biltzen ditu: Hasier Arraiz, Leyre Arrieta, Estibalitz Ezkerra, Miren Ibarluzea, Jon Kortazar, Mari Jose Olaziregi, eta Lourdes Otaegi; Jose Martinez Rubio (Jaume I Unibertsitatea), Maria Jesus Nafria (U. Complutense), Luis Martin Estudillo (U. of Iowa) eta Sally Perret (Salisbury University). Liburuaren babesle eta sustatzaile, Bizkaiko Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Errektoreordetza eta Laboa Katedra dira.

Kirmen Uriberen lanari buruzko azterketa kritikoak biltzen dituen lehenengo liburu kolektiboa da hauxe. Maria Jose Olaziregi editoreak azpimarratu duenez, «Uribezale guztientzako irakurketa gonbitea da eta Kirmenen sorlekuari bezala, kresala usaia dario. Uribek berak, Ondarruko marinel eta arrantzaleen antzera, maite ditu joan-etorriak eta bidaia etengabe dago presente bere obran, liburuko lan batek aztertzen duen bezala. Etxetik urrundu, etxera itzultzeko. Kaleidoskopio baten antzera».

Uribe: «Desobedientzia-sortzailea»

Uriberen unibertsoaren aurpegi anitzak aurkezten dira liburuaren hamaika artikuluetan, horietatik zazpi ikerlari euskaldunek egindakoak eta beste lau ikerlari espainiar nahiz amerikarrek idatzitakoak. Eta, nola ez, Kirmen Uriberen hitzak ere agertzen dira liburuan, izan ere, idazle ondarrutarrak idatzitako ‘Desobedientzia gidaliburua’ izeneko artikuluarekin hasten da lan hau.

Bertan, ‘desobedientzia-sortzailearen’ aldeko aldarria egiten du, eta askatasuna goresten du sorkuntzari arnas ematen dioen elementu nagusi gisara. Askatasuna, literatura eta beronen arauak, tradizioa, apurtuz berrikuntzak eragiteko. Berritzailea eta forma berrien esploratzailetzat du bere burua ondarrutatarrak eta euskal literaturak munduari egin diezaiokeen ekarpenean sinesten du.

Uribek idatzitako sarrera honek ematen dio hasiera liburuari eta bere ostean, Olaziregik eta Elizaldek sinatutako hitzaurrea dator, liburuaren edukiak laburtu eta ekarpen nagusiak iruzkinduz. Hala, liburuan datorren lehenengo egileak, Hasier Arraizek, Uriberen hiru eleberrien oinarrian dagoen helburu eta poetikaz hitz egiten du, Uriberen estetika posmodernistak erlatibismoari muzin egiteko duen gaitasun literarioaz.

Leyre Arrieta historialariak, berriz, ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ eleberriaren testuinguru historikoa azaltzen du, Jose Antonio Agirre lehendakaria gidari izan zuen Lakuaren politika kulturalaren analisitik abiatuta. Estibalitz Ezkerra University of California-n Santa Barbarako irakasleak eta GARAko kolaboratzaileak, bere aldetik, ‘Bitartean heldu eskutik’ (2001) poema liburura garamatza gorputza, afektua, eta keinua nola lantzen diren analizatuz.

Miren Ibalurzeak Kirmen Uriberen lanen itzulpenak ditu hizpide, ikuspuntu soziologikotik, eta Jon Kortazarrek, berriz, ‘Bilbao-New York-Bilbao’ eleberriaren idazkeran internetek izan duen eraginaz ohartarazi gaitu. Liburuko hiru artikuluk, Martinez Rubio, Nafria eta Olaziregik sinatutakoek, Uriberen lanak, eta bereziki, bere eleberriek, memoria historikoaren berreskurapena nola burutzen duten iruzkintzen dute, eta helburu etiko nabarmena duten narratiba lanak direla azpimarratzen dute, euskal eta europar oroimen kolektiboari ekarpen interesgarria eginez. Uriberen obra guztian giltzarri den gaietako bati, desplazamenduaren gaiari, heltzen dio Iowako Unibertsitateko irakasle den Luis Martin Estudillok, joan-etorrien dimentsio etiko eta historikoa nabarmenduz.

Lourdes Otaegik, bere aldetik, formatu txikiko lanetara garamatza eta eurek eragindako ikuskizun multimedietara. Bukatzeko, Sally Perretek Uriberen lanetan proiektatzen den mundu ikuskera bakezaleaz ohartarazi gaitu, gizadian fedea galdu ez duen ikuspuntu baikorraz. Liburu erakargarria, Uriberen unibertso literarioan barna egindako irakurketak eskaintzen dituena, eta aurki gaztelania nahiz ingelesera itzuliko duguna.