Atzo, maiatzaren 3a
Maiatzak lau egun dauzka gaur. Dena ondo, atzo izan zen maiatzaren 3a. Eta lerro hauek bezperatan idatziak daude.
Oso urte berezia izan da. 2025eko maiatzaren 3ari begira eman ditugu hilabeteak, egunak, orduak, bilerak, deiak, mezuak, erabakiak. Ditugu, guk. Lehen ni ginen, bakoitza bere istorioekin. Duela urtebete inguru korapilatu ginen Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen imanaren bueltan. «Herri omenaldi eder bat merezi dute» eta konturatzerako, bileraz bilerako ibileran. Ez da erraza izan, bederatzi pertsonak jositako proiektua izan da -laguntzarekin, noski-. Bederatzi lagun bestelako uretan bustitzera ohituak. Dena berri, dena handi, dena korapilatsu.
Maite Zaitut festa bizitzari egindako oda bat izan da. Bizitza ospatzeko behar kolektibo bat. Mundua hainbeste itsusten ari den garaiotan, herri bezala harrotzeko motiboak bilatzeko ariketa bat izan da. Aiorak, Joxe Marik eta Mertxek erakutsi diguten guztia errepasatzeko ariketa kontziente bat.
Izan ere, nik asko maite ditut Pirritx, Porrotx eta Mari Motots; eta haiek maite ditudan adina miresten ditut Aiora, Joxe Mari eta Mertxe. Fokuetatik kanpokoak, aurpegiko pintura erdizka kenduta ospitalera joaten direnak desorduetan, ahotsa nekeak urratuta audio mezuak bidaltzen dizkietenak triste dauden lagunei.
Hasierako kuadrilla desordenatu hura bidean ‘gu’ bihurtu gara, lantalde, ekipo. Benetan ederra izan da bidea, nahiz eta batzuetan haserretu eta beste batzuetan errenditu. Lortu dugu pozik iristea helmugara, nekatuta baina pozik.
Bizitzak zeharkatu du proiektua, bere gazi eta gozo. Ospitalean gaua emanda iritsi da baten bat bilerara; besteak ezin izan du etorri ospitaleratu egin dutelako; laster iritsiko den aitatasuna ospatu dugu pasta gozoak janez; korrika alde egin behar izan du besteren batek ezusteko bat tarteko. Bizitza lotsagabe agertu zaigu bilera gela xume horretan, bazter batean sudur gorriz betetako kartoizko kaxa bat zegoela. Tarteka sudur gorria jantzi behar izan dugu, zergatik ari ginen gogoratzeko. Herrigintza ez da bide laua izaten, maldak dauzka eta beti ez dira pozetik bizi. Baina barre asko egin dugu, eta negar, hunkiduratik. Guk sentitu genuen taupada herriarena bihurtu da bidean eta horrek ematen duen asetasuna ezin da deskribatu. Gure konplize bihurtu dira Euskal Herriko sortzaile, erakunde, enpresa, komunikabide, eragile...
Plazer bat izan da.
Ekipo, asko maite zaituztet.