Horma hutsak zeuden tokian
Azken urteotan beste kolore bat hartu du Etxaurik. Grafititik muralismora egindako bidean, Ibai Andueza artistak herriko paisaia eta memoria ekarri ditu hormigoira. Kaleko teknikatik abiatuta, ehun mural baino gehiago margotu ditu, askotan gris gamatan, bere daltonismo arinak begia argiaren, itzalaren eta bolumenaren jokoan trebatzera eraman baitu.

Etxauriko bazter batean, hormigoia hiru planotan igotzen da, mailaz maila, hormen, baranden eta eskailera buruen artean. Desnibel horretan, lehen grisa eta hezetasuna besterik ez zegoen lekuan, orain eszena bat agertzen da. Airean zintzilik dirudite bi haurrek, zuri-beltzez margotuta, eta haien atzean laranjaz, arrosaz eta urdinez osatutako zirkulu zentrokideak zabaltzen dira, hormigoia zeharkatzen duten hosto berde handiekin batera. Muralak ez du, ordea, lehen begiratuan bere sekretua agerian uzten. Puntu jakin batetik begiratuta bakarrik elkartzen da irudia. Orduan, zatituta dirudiena bat-batean antolatzen da begiaren aurrean. «Hau izan da egin dugun muralik zailenetako bat», azaldu dio Ibai Anduezak 7Kri. Peio Iglesias muralgile nafarrarekin batera margotu zuen horma irudia.
Ia bi hilabetez, perspektiba behin eta berriz neurtzen, lerroak egokitzen eta desbideratzeak zuzentzen aritu ziren biak. Emaitza edonor aurrean gelditzera behartzen duen horma irudi horietako bat da. Errepidetik igarotzen diren txirrindulariek martxa murrizten dute, gidariek segundo batzuez galgatzen dituzte autoak, eta haurrak dena bat etortzen den puntu zehatzean jartzen dira argazkia ateratzeko. Etxauriko Udalaren enkargua izan zen, eta eskari bakarra egin zioten: bi ideia islatzea, berdintasuna eta errespetua. Anduezak dioenez, arrakasta handiena izan duen bere muraletako bat da erreportaje honen azala ilustratzen duena. Hala ere, urteotan ehun mural baino gehiago margotu ditu, eta lan bakoitzarekin «teknika eta konposizioa hobetzen» joan dela dio artistak. Horregatik, bere ustez, kuttunena beti azkena izaten da.
Nafarroako herri txiki honetan, Sarbil mendiaren magalean, eskalatzaileek haitzak beren santutegitzat dituzten tokian eta paisaiak herriaren nortasuna markatzen duen lekuan, Anduezaren arrastoa nonahi ageri da. Bloke zaharren itxiturak edo inoren begiradak erakartzen ez zituen hormak, gaur egun, beste irudi batzuk estaltzen dituzte: idiak, zereal soroak, eskalada, harri jasotzaileak.
Margotzen duena ez da hutsetik sortzen. Herrietatik bertatik ateratzen da: paisaiatik, ibarraren memoriatik, faunatik, jendearen bizimodutik eta lanetik. Baina badu beste jatorri bat ere, solemneagoa baino zakarragoa: grafitiarena. Kalea, esprai botilak autoan sartuta igarotako asteburuak, margotu ezin diren lekuetan emandako gauak... Azken finean, baimena eskatu aurretik horma bat bereganatzen ikasi zuenaren esperientzia.

GRAFITIA
Anduezak azkar hitz egiten du, ideiak bata bestearen atzetik lotuz. Nolabait, bere ibilbideak ere badu horren antza: pieza txikiz osatzen joan den bidea da. Grafitigilea izan zen lehenik, muralgilea baino lehen. Lorezaina gero, bere burua kudeatzen duen artista izan aurretik. Eta margolaria izateaz gain, tatuatzailea ere bada; tinta hormatik azaleraino eramaten duen horietakoa.
Tartean, ordea, orduak daude. Marrazten, huts egiten, berriro saiatzen, begia fintzen emandako ordu luzeak. Ez du erraz erosten dohain berezi batez ukitutako artistaren ideia erromantikoa, nahiz eta guztiz baztertu ere ez duen egiten. «Beti kontrakoa defendatu izan dut: bidea lan eginez egiten dela. Baina pixkanaka konturatzen ari naiz agian badagoela zerbait berezkoa ere, gutxienez arreta pizten dizuna. Hala ere, ikuspegi artistikoa eta espaziala batez ere lan egitearen ondorio dira. Beste batzuk futbolean ari ziren bitartean, nik orduak ematen nituen koadernoan marrazten», gogoratzen du.
Hasierak, beraz, goiz etorri ziren. Ikastolan zein etxean bertan. Bere anaia sei urte zaharragoa izan zen aerosolaren mundua etxera ekarri zuena. Gero Sanduzelaiko eskolako jantokiko zaindari baten irakaspenek dute errua. Patioan jarritako panel batzuetan grafitiaren oinarrizko teknikak ikasleei erakusten zizkien begiralea estimu handiz gogoratzen du Anduezak. «Ni izan nintzen mundu honetan jarraitu nuen bakarra», gehitu du.

Handik aurrera Etxauriko bazter abandonatuetan hasi zen pintatzen, askotan isilka eta isunen arriskua gainean zuela. Gidabaimena lortu zuenean mugak handitu zitzaizkion. Iruñean eta inguruan lagun berriak egin zituen, estilo desberdinak ezagutu eta grafitiaren beste kode batzuk ikasi. Pixkanaka, hormak mapa bat marrazten hasi ziren bere bizitzan. Valladolidera, Zaragozara, Logroñora, Bartzelonara edo Madrilera eraman zuen bide horrek. Hiri bakoitza desberdina zen, baina guztiek partekatzen zuten hizkuntza bera, espraiarena. Asteburu askotan autoa potez bete eta kilometroak pilatzen zituzten hiri batetik bestera margotzen. «Orain pentsatzen dut eta esaten dut gastatu dudan guztiarekin etxe bat eros nezakeela. Esprai pote batek lau euro balio zuen, eta zerbait duina egiteko hamabi behar izaten ziren».
Baina Anduezak grafitiaz hitz egiten duenean, ez ditu abenturak kontatzen. Gehien azpimarratzen duena beste zerbait da: komunitatea. Hiri desberdinetako gazteak, elkar ezagutu aurretik ere gauza bera sentitu dutenak. Pintatzeko beharra. Begi onez ikusten ez den zerbait egiten ari zaren sentsazioa. Batzuetan, konfiantza harrigarria sortzen zen. Sare sozialetan norbaiten lana gustatu, haren hirira joan margotzera, eta ia ezagutu gabe etxeko giltzak uztea asteburu baterako. Anduezaren ustez, horrelakoa zen giroa. Grafitia ez zen teknika bat bakarrik. Identitate bat zen. «Grafitia letrak dira. Zure sinadura, zure nortasuna, zure arrastoa. Ikusaraztea da, zu ikusi gabe», nabarmendu du. Muralismoa, ordea, guztiz kontrakoa da.

METAMORFOSIA
Grafitiarekin espazio publikoarekin harreman berezi bat eraikitzen da, Anduezaren ustez instituzio askok oraindik ulertzen ez dutena. Bere iritziz, azken urteetan egin den akats handienetako bat muralismoa grafitiaren aurkako tresna gisa erabiltzea izan da. Baimendutako irudiak kalea garbitzeko edo domestikatzeko balira bezala, pintaden «arazoa» estaltzeko tresna gisa.
Bera, ordea, mundu horretatik dator, eta kontrara ikusten du. Ez du uste bi munduak elkarren aurka jarri behar direnik. Alderantziz, espazio gehiago ireki beharko lirateke. Hormak utzi, lehiaketak antolatu, pintatzen hasi nahi duten gazteak kriminal gisa tratatzeari utzi. Izan ere, zorte pixka batekin eta denborarekin, askok ogibide bihur dezakete gaur egun pasio hutsa den hori.
Anduezak ez du garai hura idealizatzen, baina ez du ukatzen. Aitzitik, bere benetako eskola izan zela dio. Han ikasi zuen hormarekin lan egiten eta oraindik erabiltzen dituen tresnak menderatzen. Horma handietan brotxa erabiltzen du eta sarritan fatxadetarako pintura akrilikoa, disolbatzailerik gabea, ingurumenarentzat kaltegarria ez izateko.
Baina, berak dioen bezala, bere benetako tresna espraia da. «Aerosolarekin lan egitea da gehien gustatzen zaidana», azaldu du. «Grafititik nator, eta nire teknika horrekin landu dut urteetan». Horregatik, ahal duenean espraira jotzen du. «Lausodurak, argiak eta itzalak egiteko, degradatuak egiteko… espraiak ematen duen efektua da politena». Horregatik, ahal duen guztietan, hormara espraiarekin hurbiltzen da, eskuan duela gaztetatik lagun duen tresna bera.

Muralismorako jauzia gero etorri zen, konturatu zenean grafitiak bakarrik ez ziola nahikoa ematen. Grafitiak eskuak eman zizkion, abiadura, konposizioa eta kalearekiko harreman zuzena. Baina pinturatik bizi nahi bazuen, beste bide bat aurkitu behar zuen. Orduan agertu zen Peio Iglesias, mundu horretan esperientzia zuen muralista nafarra. Hari galdetzen hasi zitzaion, haren lanari gertutik behatzen eta aholkuak entzuten.
Alabaina, aukera erabakigarria beste nonbaitetik etorri zen: Etxauriko Udaletik eta Idoia Arizala alkatetik; «zero kilometroko artistok izan dugun sustatzailerik handienetako bat», nabarmendu du Anduezak. Gaur egun bere ibilbide profesionalari tiratzeko haria badago, norbaitek horma publiko bat eman ziolako hasi zen. «Lehen lan hori egin ondoren baduzu curriculum bat, dosier bat erakusteko», dio. «Ezin zara enpresa batera joan grafiti ilegal bat erakustera; esango dizute ondo pintatzen duzula, baina horrek ez diela balio», gaineratu du artistak.
Lehen bultzada Etxauriko garbitegiko hormarekin etorri zen. Eta harekin batera beste esperientzia berezi bat ere bai: norberaren lekua margotzea. Ez baita gauza bera hiri bateko horma anonimo batean edo jendeak ezagutzen zaituen tokian pintatzea. «Hemen jendeak zuzenean esaten dizu zer iruditzen zaion», dio Anduezak irribarre erdiz.
Hasieran denetarik egon zen. Onarpena eta mesfidantza, batez ere adinekoen artean. Baina pixkanaka ulertzen hasi ziren. «Nik ez nuen edozer margotu nahi», adierazi du. «Herriak berak ematen dizkizu irudiak». Garbitegiko horman, esaterako, inguruko paisaiaren arrastoak ageri dira: ibaiertzeko amuarraina, zeruan biraka dabilen putrea, haritzen hostoak edo Santa Cruz ermitaren silueta. «Azken batean, jendeak ezagutzen dituen irudiak dira».
Garbitegiko muralaren ondoan, eraikin bereko beste horman ageri da hurrengo lana. Oraingoan, irudiak antzinako eguneroko bizitza ekartzen du hormara. Erdian Iglesiasek margotutako hiru emakume ageri dira, saskiak besoetan eta buruan, garbitutako arropa berriarekin. Irudia zuri-beltzean dago egina, ia argazki zahar baten moduan, eta atzealdean herri bat ageri da. Ezkerrean, idi uztarri bat, eraikinaren iraganarekin lotuta. Izan ere, gaur muralak estaltzen duen horma garai batean aletegi edo ukuilu moduan erabiltzen zen. «Hemen idiak gordetzen zituzten», azaldu izan du Anduezak, eta horregatik eskatu zuen jabeak animalia horiek agertzea muralean, Nafarroako arraza autoktono baten irudia hormara ekarriz.

Eskuineko aldean, berriz, uraren gurpila ageri da, inguruko ubide eta erroten memoriari keinu eginez. Irudi osoak, nolabait, lekuaren historiaren zatiak elkartzen ditu: garbitokiko lana, nekazaritzaren arrastoa eta herriaren silueta.
Estetikak ere ez du muralismo dekoratibo eta koloretsuaren bidetik jo. Anduezak askotan zuri-beltzean edo gris gamatan lan egiten du, sepia ukituekin, ia argazki zahar baten moduan. «Horrek askotan konektatzen du batez ere adinekoekin», dio. «Badago zerbait familiarra, beren memoriatik hurbil dagoena».
Bada beste arrazoi bat ere grisekiko joera horretarako: Anduezak daltonismo maila arin bat du. Marroiak, berdeak, turkesak edo bioleta argiak ez dira beti bere begien aurrean behar bezala agertzen. Horregatik, askotan zuri-beltzera edo gris gamatara jotzen du, argi eta itzalen jokoan oinarrituta. Baina horrek ez dio mugarik jarri; aitzitik, begia beste modu batera lantzera eraman du, kolorea baino gehiago formak, bolumenak eta argiak irakurtzera.

MURALISMOA
Garbitegiko eta aletegiko hormetatik gertu beste mural bat ageri da, Etxauriko kirol tradizioari eskainia. Hormaren erdian harri jasotzaile bat ageri da, harri handia bular parean altxatuta; ondoko horman, berriz, eskalatzaile bat ikus daiteke, soka eta arnesarekin haitzean gora. Bi irudiek herriaren paisaia eta kultura uztartzen dituzte. Alde batetik, harriaren kultura zaharra, murala Josetxo Urrutiaren omenez egina baitago: Beintza-Labaiengo harri jasotzaileak Etxauriko harri zaharra sei aldiz altxatu zuen behin. Bestetik, Etxauriko haitzak eta eskaladaren mundua, gaur egun ere herria identifikatzen duten irudietako bat.
Handik gutxira beste enkargu bat iritsi zen; kasu hartan, Iruñerriko Mankomunitatearen eskutik: Etxauriko puntu garbia margotzea. Izan ere, arazoa erabilera txarra zen: jendeak edozer uzten zuen bertan, eta gunea bera ere nahiko hondatuta zegoen. Hori dela eta, erabaki zuten espazioari itxura berria ematea. Hormetan ageri diren irudiek, gainera, informazio funtzioa dute: auto bateria bat, herbizida bat eta LED lanpara bat, jendeak jakin dezan zer utzi behar den gune bakoitzean. Alboetan, berriz, mosketoia eta gereziak, Etxauriko ondare gisa. Badago beste asmo bat ere horrelako muralen atzean. Anduezak uste du horma margotu batek askotan espazio bat babesten duela. «Jendeak ikusten duenean lan bat dagoela, errespetatuagoa izaten da», nabarmendu du. Orain arte, behintzat, ez diote muralik zapuztu.
Herria dotore bihurtzeko logika horren barruan iritsi ziren Ubaniko lanak ere. Han margotu zituen beste irudi batzuk: transhumantziatik itzultzen den artzaina, pinu artean agertzen den setter txakur bat, herriko ehizaren ikur, eta beste emakume garbitzaile bat, Etxaurin bezala horma herriko garbitegitik gertu dagoelako.
Azken hori izan zen, ordea, lanik zailenetakoa. «Eskailera teilatura igoz ibili behar izan genuen», gogoratzen du. Zailena, hala ere, argi eta itzalekin jolastea izan zen: aurpegiko zimurrak, lepoa edo mahuken tolesturak nola argitzen diren ulertzea. Anduezak askotan azaltzen duen moduan, hor dago trikimailua. «Begia oso azkarra da. Argia eta itzala gaizki jartzen badituzu, jendeak berehala nabaritzen du zerbait ez dagoela ondo». Bere ustez, «azkenean, muralaren lehen pausoa hori da: garuna engainatzea, irudia ahalik eta errealena izan dadin».

Pandemia ondoren, telefonoa jotzen hasi zen. Gaztetxeetatik deitu zuten, gimnasioetatik, denda eta negozio pribatuetatik. Batzuetan horma handi bat margotzeko, beste batzuetan barruko pareta bat girotzeko.
Enkarguek ez dute, hala ere, ofizioaren ezegonkortasuna ezabatzen. Herriko muralekin bakarrik ezin da urte osoan bizi. Hilabete bukaerara iristeko, beste artista askok bezala, bere lana dibertsifikatu behar izan du. Muralismoaren eta tatuajearen munduak uztartzen ditu egun, eta duela gutxi denda bat ireki du Iruñeko Iturrama auzoan: Garaia Tattoo.
Neguan nahiago du estudioa: beroa, bezeroarekin sortzen den harreman hurbila eta gorputzaren eskala intimoa. Eguzkia ateratzen denean, berriz, horma nahiago du. Kanpoan egon behar du. Landatik dator, lorezaintzatik, aire zabalean lan egitetik, eta gorputzak oraindik ere horretara jotzen du.
Denborarekin ere ikasi du muralak ez direla betirako. Eguzkiak, hezetasunak edo pigmentuek markatzen dute haien bizitza. Bere esanetan, oro har, mural batek hamar edo hamabost urte iraun dezake kondizio onetan; gero koloreak ahultzen hasten dira eta hormak bere arrastoa hartzen du berriz. Horregatik ere ez ditu bere lanak behin betiko piezatzat hartzen, baizik eta une bateko aztarna modura. Eta agian horregatik ere, galdetzen diotenean zein den bere muralik gustukoena, erantzuna beti bera da: «Azkena».




