Joseba Sarrionandia
Idazlea / Escritor

Euclides da Cunha: Ordem e Progresso

Euclides da Cunha, militar eta kazetari errepublikanoa.
Euclides da Cunha, militar eta kazetari errepublikanoa.

Auguste Comtek formulatu zuen filosofia positiboaren goiburu hori: «L'amour pour principe et l'ordre pour base; le progrès pour but», maitasuna abiapuntu eta ordena oinarri, hazkundea edo modernizazioa helburu. XIX mendeko topiko hori idatzita geratu zen Brasilgo banderan ere: “Ordena eta Progresoa”.

Euclides da Cunharen “Os Sertões” literaturako klasikoa da. 1902an argitaratu zen liburua. Brasil ipar-ekialde idorraren eta 1897an bertan gertatu zen hondamendiaren azterketa paregabea da, zehazki kontatuz Brasilgo Gobernu Federalak «ordenaren eta aurrerapen» nazionalaren izenean Canudos herria suntsitu eta biztanle gehienak hil zituela.

NAZIONALISMO ERREPUBLIKANOA

1866an jaioa zen Euclides da Cunha. Zoritxar larria izan zuen hiru urterekin: ama galtzea. Izebek zaindu zuten Rio de Janeiroko barnekaldean, eta amamak Bahian. Ume gaixobera eta hauskorra zen, familiaren ezegonkortasunagatik, beharbada. Eskolaz eskola ibili zen Colégio Aquinon matrikulatu zen arte. Han ideal errepublikanoak aurkitu zituen, Benjamin Constant, Auguste Comte eta halakoak fedez irakurriz.

1884an, “O Democrata” aldizkaria editatzen zuen. Hurrengo urtean, Rioko Eskola Politeknikoan zegoen ikasten. Handik, Praia Vermelha Eskola Militarrera joan zen, eta bi urte eman zituen hantxe. Baina atxilotu eta kanporatu egin zuten: sable militarra hautsi eta azterketa egiteari uko egin ziolako, iraultzaileegia zen (eskolako medikuak Cunha urduri zegoela uste zuen). Cunha errepublikanoa zen, benetakoa, esklabotza eta monarkia abolitzearen aldekoa. Mendebaldeko Europa eta Estatu Batuak hartzen zituen eredu, eta Brasilen berpizkundea imajinatzen zuen: nazio burges, moderno, inperialen mahaian nahi zuen Brasil ere esertzea.

Brasilgo errepublikano iraultzaileek bazuten kontraesan zail bat: askatasun pertsonalak errespetatzen zituen nazio jaso eta moderno bat nahi zuten, baina horretarako oztopo handiena bertako biztanleria zen. Oihaneko indigenak, afrikar jatorriko esklabo ohiak edota bertako miserable hezigabea ziren Brasilgo jende gehiena. Paradoxa hori orokorra zen gizartean, eta pertsonala jende askorengan. Cunharen beraren baitan ere gertatzen zen karari indigena baten eta portugaldar esklabo-jabe baten biloba zela bera.

Nazioko arraza-konposizioari buruzko kezkak bereziki garrantzitsuak bihurtu ziren 1888. urtean, Isabel printzesak esklabotzaren abolizioa aldarrikatu zuenean. Errege familiaren azken ekintza garrantzitsua izango zen horixe. 1889an, monarkia erori eta Errepublika aldarrikatu zen. Esklabotzaren eta monarkiaren abolizioak problema batzuk soluzionatu zituen, baina beste asko ez.

Cunhak, konspirazio errepublikanoan zebilela eta Pedro II.a enperadorea herrialdetik alde egiteko zegoela, militar konspiradore baten hamabost urteko alaba ezagutu eta, 1890ean, harekin ezkontzea adostu zuen.

Antônio Conselheiro Belo Monteko komunitatean. Kordeleko literaturako irudia.

ANTÔNIO CONSELHEIRO: ERREAKZIOAREN MAMUA

1897. urte hasieran, albiste kezkagarriak heldu ziren Bahia estatu urrunetik: milaka esklabo ohi, indigena eta mestizo Gobernuaren aurka altxatzen ari ziren predikadore mesianiko zoro baten deiei jarraituz, Errepublika sortu berria suntsitu nahian. Armada errepublikano berriak berehala antolatu zuen kanpaina militarra, 10.000 soldadu mobilizatu ziren basamortuko etsai beldurgarri haien kontra.

Euclides da Cunha, ikasketa militardun kazetaria, “O Estado de S. Paulo” goizeko egunkariaren gerra berriemaile moduan joango zen. Cunhak “A Nossa Vendeia” izeneko artikulu bat argitaratu berri zuen, non paralelo bat egiten zuen Antônio Conselheiro lider mesianikoak Belo Monte (Canudos) aldean gidatutako mugimenduaren, eta 1893an Errepublika frantses berriaren aurka Vendéen zabaldutako intsurrekzioaren artean. Vendéeko gerrari buruz, Victor Hugok “Quatre-vingt-treize” eleberria idatzi zuen. Cunhak ez zuen kronista huts gisa joan nahi. Errepublikaren aldeko gerran parte hartu nahi zuen. Eta bere maila militarra berreskuratu zuen: teniente nagusia. Uniformea zeraman, laguntzaile bat zuen eta aginte militarra eman zioten.

Harrigarria da zelan aldatu zuen kontakizuna gerran zehar, Gobernuaren eta Armadarekiko ikuspegi “ofizialistatik”. Kanpainan parte hartu ondoren, liburua idaztean, ikuspegia guztiz diferentea da. “Os Sertões” liburuaren lehen edizioa 1902ko abenduan argitaratu zen, eta autorearen epaia hor, azkenean, itzela da.

«Kanpaina hura, hitzaren esanahi osoan, krimen bat izan zen. Denuntzia dezagun».

Antônio Conselheiro (Antônio Vicente Mendes Maciel) hilobitik aterata. 1897. (Flavio de Barros)

«OS SERTÕES»: ATZEKO LURRAK

Liburua 637 orrialdekoa zen 1902an argitaratu zen lehenengo edizioan. 1.200 ale inprimatu eta aste gutxiren buruan agortu zen.

“Os Sertões” kanpaina militarraren kronika zen, baina lurralde horren historiografia ere izan nahi zuen, eta Brasilgo naziotasuna guztiz positiboki azaltzeko antropologia lana. Liburuaren lehenengo partean batez ere, geologia, geografia, botanika, historia, antropologia, erlijioen filosofia, “arte militarra” eta enparauak esplikatzen ziren zehazki.

Zientzia eta artea egin nahi zuen. Horixe zelakoan literatura: zientzia eta artea. Ez da nobela bat, baizik eta errealitatea kontatzen duen liburu bat. Eta harrotzen omen zen Cunha hala idazten, halakoa izango zelakoan literatura harrezkero, “zientifikoa”. Badago liburu bat Euskal Herrian antzera sortu zena: Miguel Unamunoren “Paz en la guerra”, 1874ko Bilboko setioari buruz 1897an idatzitako eleberria; Unamunok ere horrela egin zuen, argudio darwinistekin esplikatu karlismoaren eta euskararen akabera. Fusil bati «biscainho» deitzen zaio “Os Sertões” nobelan, ez ziren mundu diferenteko gauzak. Cunharentzat sertãotarrak («muito atrasados e isolados na história») talka egitear zeuden «com o século 20» eta desagertu egin behar zen bizimodu hori. Unamunok berdintsu ikusten zuen; hiritik “atzeko lurrak” konkistatu behar zirela, eta baserri mundua eta euskaldunen alternatiba desagertu behar zirela («aquí está la revelación que me fue la historia y con ella el arte»), Bilboko burgesia industrial-finantzariaren eta nazio espainolaren mendean.

“Os Sertões” entziklopedikoa da, baina zientifikoki azaldu zuen ustea laster joango zen erortzen. Belo Horizonte bigarren eskukoa da. Botanikaren alorrean, oker nabarmenak daude. Okerrena, gaur eguneko ikuspegitik, antropologikoa da. Joseph-Arthurde Gobineauren “Essai sur l´inégalité des races humaines” da Cunharen erreferentzia, jakina, europar arraza zuriaren nagusitasun fisiologikoaren ideia. Arrazista zela esatea anakronikoa litzateke, egia jakintzat hartzen zelako hori orduan. Positibismoa zen nagusi, eta zientziaren progreso erredentorean sinesten zen, nahiz eta zientziak gauza bitxiak esan: baldintza geografiko-klimatikoek kondizionatzen zutela historia, hizkuntza batzuk desagertu egin behar zirela, edota arrazak ez zirela nahastu behar…

Ez da egia Cunhak Canudoseko masakrea gertatu ahala denuntziatu zuenik “O Estado de S. Paulo” egunkariko kroniketan. Errepublikaren kontrako intsurrekzio monarkista zitala zela sostengatu zuen kanpaina militar osoan. Belo Monteko matxinada Vendée berri bat zela errepikatzen zuen. Eleberriaren lehenengo titulurako ere analogia historiko horixe aukeratu zuen: “A Nova Guerra da Vendeia”. Hurrengo urteetan geratu zen agerian hura ezin zela horrela esplikatu. Lekuko askoren denuntziak zabaldu, izugarrikeriak ezagutu (presoen buru mozteak, emakume bortxaketak edota haurren salerosketak) eta argitu zen Ejerzitoaren masakrea. Estatuaren trinkotasun monolitikoa arrakalatu, eta orduan pasatu zen Cunha, Gobernuaren propagandista sutsu izatetik Brasilgo kontzientziaren ahots atsekabetu izatera. Orduan ohartu zen gerraren («uma coisa monstruosa e ilógica em tudo») desastreaz.

Hala ere, Cunha nagusitasunaren agentea izango da betiere, detaile askotan nabarmentzen denez. Esate baterako, Canudos izena erabiltzeak erakusten du Cunhak irabazlearen historia egin nahi duela. Canudos lehenagoko izen bat da, etxaguntza pribatu batena: Antonio Conselheirok antolatu zuen hiria “Belo Monte” deitzen zen, Mendi Eder, eta hura zen komunitate disidentearen izena. Lekuari Canudos deitzea, ja, hiri berria eta hango jendea deslegitimatzea zen.

Cunhak inork baino gordinago azaldu zuen Estatuak Belo Monteko jendearen aurka egindako hondamendia. Krimen bat, baina krimenaren arduraduna modu oso jeneralean presentatzen zen. Nazioa, Armada, abstrakzioak direlako. Azkenean, kausa handi ezinbesteko baten alde: Ordenaren eta Progresoaren alde gertatutako sarraskia.

Gertaerak oroitzeko izentzat abiapuntuko errudunarena geratuko da: Antônio Conselheiro, lider mesianikoa. Figura literario bat, errealitatetik aterata, prentsak hainbeste itxuragabetu zuena. Dena dela, zoro bat. Orduan, ez dago errudunik, galtzaileena galtzea baizik. Conselheiro bera ere errugabea da, irrazionala delako.

Laurehun «jagunço» (gaizkile) preso. 1897. (Flavio de Barros)

ATZEKO BESTE LUR ASKO

Victor Hugoren “Quatre-vingt-treize” (1874), “Paz en la guerra” (1897), “Os Sertões” (1902): nazio frantsesak konkistatu behar izan zuen Vendée eta beste hainbat bazter, nazio espainolak konkistatu behar izan zuen Bilboko “atzekaldea” eta beste atzekalde asko, Brasilek konkistatu egin behar du Belo Monte eta konkistatzeko ditu oraindik oihan asko. Konkista eta okupazio eleberriak dira, burgesiaren botere armatua eta nazio-estatuaren konkistak eta okupazioak era batean edo bestean normalizatzen eta naturalizatzen.

Errugabetu egiten da estatua hiru eleberriotan. Bortxakeria itzelak, baina historiaren logika mantentzeko. Frantzia, Espainia edo Brasil osatzeko badira, hildakoak bide bazterrean geratuko dira, eta kito. Historiaren bilakaera naturalari atxikitzen zaizkio nagusitu direnen konkista, okupazio edo inposizioak.

Eta galtzaileak ere ez dira denborarekin hain gaiztoak izango, gizajoak, erresistentziari ekiten ez badiote behintzat. Ze jende ederra izan daitezkeen Ameriketako indigenak edo Afrikako beltzak antropologoarentzat! Zelako gupidaz eta maitasunez deskribatzen zituen Pierre Lotik kolonizatuak, artean euskaldunak, laborari edo pilotari baketsu politizatu gabe haiek!

Nazionalismoaren desastreak eragin zituzten, kolonialismoaren desastreak, eta oraindik ere “atzeko lurren” konkista eta okupazio sarraskiekin jarraitzen dute (Venezuela, Iran edo Kuba, ez dira lehenengoz konkistatu, okupatu eta hondatuko), zientzian, hazkunde ekonomikoan, botere militarrean eta progreso erredentorean sinetsarazten diguten kriminal horiek.

Estatu nagusien historiografiak eta politikak badauka hari argumentatibo bitxi bat injustiziak gauzatzeko («uma linha argumentativa com muito sucesso na historiografia e na política: os crimes sem criminosos»). Kriminalik gabeko krimenak, irabazleenak. Eta biktimak kriminalizatzeko, gainera, giza eskubideen eta demokraziaren erretolika eta aitzakia guztiekin.

Burgesia kapitalistak (Mendebaldeak) inozentzia mota hori asmatu du, guk “La guerra del fin del mundo” irakurtzen edo telebista ikusten dugun artean, bere indarkeria ikaragarria eta hiltzarre etengabeak zuritzeko. Ordenak eta Progresoak suntsidura antza hartzen du behin eta berriro.