MIREN AMURIZA
IRITZIA

Bertsolariok (ere) presoez ahaztu ote garen

Espetxea hur-hurretik ezagutu duen adiskide batekin eztabaida bat izan berri dut. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaz ari ginela, saioan zehar gustura egon zela esan zidan, baina amaieran «sin mas», agurretan ez zela hunkitu batere. «Nik negar egin nian ba…» niotson, «eta final batean estreinakoz egon zituan gure bertso eskolako nerabeek buruz ikasi zitean Beñaten agurra». «Bai, bai. Ondo zagon zuen bertso eskolei eta etxekoei kantatzea, baina… Eta presoak? Baten batek falta direnak aipatu zitinan eta gutxi gehiago. Falta, Erasmusen dabiltzanak ere falta ditun, aizan!». Sutu egin nintzen, ez baitzen horrelakorik entzuten nuen lehen aldia. Lagunak marmarrean jarraitzen zuen: «Ondo iruditzen zaidan gaiak zuzenean gatazkara bideratuta ez egotea, baina kartzelakoetan, esaterako, garai batean maiz jotzen zitenan bertsolariek gisako egoeretara. Eta orain? Psss… Illunben maitasunari buruzkoak ia denak!». «Hara bestea! Eta lehen ez al genioan maitasunari kantatzen? Alaba falta duen aitaren testigantza, ez al duk maitasuna?». «Ya, baina diferentea. Esan nahi ninan orain maitasun erromantiko edo bikote…». «Barka», moztu nion, «zer duk gudari miretsiarekin bizitako berrogei minutu ahaztezinez kantatzea, erromantikoa ez baduk?».

Sokatiran segitu genuen. Lagunak eutsi: bere ustez sintomatikoa dela bertsolarioi gertatzen ari zaiguna, zenbaiten konpromiso maila apaltzen ari ez ote den. Nik tira: ea noiztik diren sinonimo une puntualetan adierazpen publikoak egitea eta egunerokoan konprometitua izatea. Bestelakorik da gurean maiz neurtu izan dela aitaturiko konpromiso maila hori paparraren irtentasunaren edo ahotsaren ozentasunaren arabera. Neuk ere kantatu izan diet banakoei zein kolektiboari (kantatuko diet oraindik hala sentitzen dudan aldiro) eta berotu izan naiz entzuleen txaloekin. Baina «hooliganismo» puntu bat ere sentitu izan dut inoiz, berba magikoak ahoskatu orduko (preso, sasi, ziega…) jendea ujuka entzutean. Lehen aipamen larregi egiten zirela eta kexatzen ziren batzuk, orain urri direlako besteak; bertsolariok ez gara eguraldia ordea, publikoa erabat kontentatzea ezinezko dela jakinik ere, gehienetan hautu kontzienteen ondorio izaten baita gura emaria. Gehienetan diot, zeren inertziari men eginda ere sarri kantatu izan dugu, baina ez deritzot koherenteagoa horri. Konprenitzen dut lagunaren kezka, bai baitakit jo puntuan bertsolariok ipini gintuen arren ahanztura orokorragoari diola beldurra (gutako askok ere bai, ez pentsa). Baina utz diezaiogun hurkoen artean konspiratzaileak bilatzeari eta ikus sitsak bezala han-hemenka hozkada txikiak egiteak, gaizki esaka aritzeak, zelako zuloak zabaltzen dituen.