amagoia mujika
IRITZIA

Zuk zenbat Korrika dituzu?

Bizitza kontatu daiteke urtetan edo kontatu daiteke Korrikatan. Zuk zenbat Korrika dituzu? Nik, batzu-batzuk. Eta horrekin konturatu naiz Korrikaren soinu-banda errepasatu eta abesti asko barruan ditudala konturatzean.

Xabier Amurizak lehen hartan esan zigunez, «batzuk dira euskaldunak, besteak euskaldungai. Hizkuntzaren jatorria ez dugunak galdu nahi, odoletik baino hortik gara denok anai». Tira, 1980. urtea zen eta nonbait ahizparik ez zen aipatzen. Anje Duhaldek, segidan. «Atzo ginen ume eroak, amets huts bateri lotuak, gizartearen ema galduak, buru bero eta harroak. Gaur aldiz eta milaka jendea doa lasterka, amets horren atzetik presaka, hauxe da bada korrika». Igartzen da Korrika handitzen ari zela, eta ikusten da garaiko gizartean nola ikusten ziren “galdutako” emeak. Egan-ek, gero, «alferrikan da ikastoletan hizkuntza bat ikastea, gero kalean, gure artean, inoiz egiten ez bada». Korrika borrokatzeko modu bat da. «Nahiz ta pixkat kosta korrikan hastea, alai borrokatzeko dugu bertutea». Eta euskararen osasuna ardura kolektiboa da. «Salba dezagun denon artean geurea dugun euskara. Laino guztien azpitik, ia ez dakigu noiztik, gure hizkuntza aurrera doa, eraso denen gainetik». Euskara erasoa izan dela ere oso presente dago abestietan. Ba bai, berezia eta aparta da Korrika, «ez duk sekula izanen holako erreboltarik». Eta egiteko garrantzitsua dauka, «euskararen bizitzaren geroaren atzetik hau da gure maratoia». Euskara txikia da eta hizkuntza handi baten itzalpean bizitzera kondenatuta dago. Horregatik euskara janztea egunero hartu behar den erabaki politikoa da. «Jalgi hadi euskaraz, laga erdara, bizi ganoraz». Bai, esanda bezala, ilunetik argirako bidea egin du gure hizkuntzak, «txori ezin zen eta izan ginen sator. Izkutua uzteko garaia badator». «Pauso bakoitzeko hitz bat asfaltoan txertatuz». Ilunpetik argira eta argitik mundura, mundua gero eta txikiagoa eta berdinagoa delako. «Euskaldunak gara mundukideak. Mundu bat bildu». «Mundu bat euskal herritan, mundu bat doa korrika hizkuntzaren bideetan, euskararen herrietan». Eta denerako eta denentzat balio du euskarak, «Barakaldon beterano ginen, arriskua ginen, erromeria ginen, su iraultzaile ginen, enpresari eta sindikatu ginen, lesbiana, hetero, gay ginen, gehiegi izan ginen, nahikoa ez ginen, euskalakari izango gara!». Eta joan gara boteretzen, gure hizkuntzaz ez lotsatzen, euskaldun izateaz harrotzen, paretik begiratzen. «Euskaldunak herrietan ahaldun gaitezen eta gure mintzaeraz denok harro gagozen». Horixe, «gurea, betikoa, Korrika».

Korrika ezin da esplikatu. «¿Qué te dan por participar? ¿Quién gana esa carrera?». Ez duzue inoiz ezer ulertuko.