Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Guinigi dorrea

Guinigi dorrea Luccako (Toscana, Italia) tokirik ikonikoenetako bat da. Haren ezaugarri berezia zuhaitzez osatutako teilatuko lorategia da, eraikinen arkitekturan elementu biziak nola integratu daitezkeen erakusteko adibide bikaina eta eraikin berdeen integrazioko egungo praktika askoren aitzindaria.

Guinigi dorrea, Lucca hirian, erdigune historikoak eta kale harriztatuek inguratua.
Guinigi dorrea, Lucca hirian, erdigune historikoak eta kale harriztatuek inguratua. (Edoardo Fornaciari | Getty Images)

Guinigi dorrea, Luccako hirigune historikoan kokatua, arkitekturaren eta landarediaren arteko topagunea da Erdi Aroko hirian. Estalkian zuhaitzak izateak berezia egiten du, eta dorrearen eraikuntzaren, paisaiaren eta hiri boterearen irudikapenaren arteko harremana azter daiteke arkitekturak eta begetazioak bat egiten duten abiapuntutik.

Lucca mendiz inguraturiko lautada batean garatu zen, eta ezaugarri horiek eragina izan zuten bere hiri morfologian eta inguruko lurraldearekiko ezarritako harremanetan. Testuinguru horretan ulertu behar da XIII. eta XIV. mendeetan dorreen presentzia areagotzea, ez bakarrik funtzio sinbolikoei edota militarrei lotuta, baizik eta, era berean, paisaiarekiko harreman bisual eta hierarkiko baten adierazle gisa. Izan ere, altuerarekin zerikusia duten elementuek -arkitekturan zein landaredian- protagonismo berezia hartzen dute garaiko iturri ikonografiko eta literarioetan. Landaredia, gutxitan izan arren, hiri gotortuaren barruan paisaia dimentsioa txertatzen duen elementu errepikakorra da, biziaren irudia barne espaziora ekarriz. Natura eraikitako ingurunera gerturatzeak prestigioaren, ikusgarritasunaren eta lurraldearen gaineko kontrol bisualaren ikur gisa funtzionatzen zuen.

Guinigi dorrea, 44 metroko altuerakoa, iruditeria horren parte da. Guinigi familiaren bizitegi multzoa handitzearen zati gisa eraikia 1371n, dorrearen kontzepzioan landaredia hasieratik agertzen da bertan integratuta. Bolumen prismatiko soila du, adreiluz eta harri lokalez egina, eta materialtasun mineral horrek kontrapuntu argi bat ezartzen du, ibilbide bertikala amaitzen duen landare presentziarekin. Barrualdetik, espazioaren antolamenduak estalkirantz eramaten du progresiboki, kanoi ganga baten azpian dagoen eskailera baten bidez. Goranzko ibilbide horrek dorrearen bertikaltasuna azpimarratzen du, estalkira iristean espazio itxi, harrizko eta kontrolatu batetik landarediak protagonismoa hartzen duen espazio ireki batera egindako trantsizioaren bidez.

Goiko aldean, zazpi zuhaitz adreiluzko txoko handietan hazten dira, gangaren gainean. Substratuaren sakontasunak agerian uzten du landare garapenerako oinarrizko premien ezagutza enpirikoa, bereziki garrantzitsua lorategi estalkien teknologia garaikiderik gabeko testuinguru historiko batean. Arbola horiek arteak (Quercus ilex) diren hipotesia koherentea da, espezie iraunkorrak izanik, jarraitutasunaren eta iraunkortasunaren ideia sustatzen baitute.

Landarediak ez du hondar espaziorik hartzen eraikinean. Aitzitik, multzoaren pertzepzioa antolatzen du. Estalkiaren diseinu funtzionala zuhaitzen presentziaren mende dago, eta bitartekotza eskalarreko gailu gisa funtzionatzen du. Zuhaitzek arindu egiten dute jauregiaren etxe eskalaren, hiri harresituaren hiri eskalaren eta paisaiaren lurralde eskalaren arteko trantsizioa. Kondizio horrek bazuen bere garrantzia defentsa arkitekturak bizitasuna baztertzeko joera zuen garai batean. Guinigi dorrean zuhaitzak egoteak, beraz, balio adierazgarria eta politikoa ematen dio landaretzari.

Erdi Aroko ikonografian, zuhaitzak Edengo lorategiaren irudikapenarekin lotzen dira, eta, aldi berean, lurreko mundua eta eremu espirituala elkartzen dituen ardatz sinboliko gisa funtzionatzen dute. Dimentsio sinboliko horrek zuhaitzaren izaera bizia azpimarratzen du. Beste elementu arkitektoniko batzuk ez bezala, zuhaitza hazi, zahartu eta berritu egiten da, dimentsio dinamiko bat sartuz iraunkortasunerako sortutako egitura batean.

Gaur egungo ikuspegitik, arkitekturaren eta landaretzaren arteko harremanean oinarrituta, Guinigi dorreak aurrekari garrantzitsua eskaintzen du integrazio berdeko egungo praktika askoren aurrean. Hemen, landarediak ez du ingurumen edo estetika funtzio soila betetzen, baizik eta aktiboki parte hartzen du eraikinaren espazioaren eta lurraldearen definizioan. Harreman horretan, dorrea funtsezko azterketa kasu bihurtzen da elementu biziak arkitekturan nola integratzen diren birpentsatzeko, ez osagarri gisa, baizik eta proiektuaren egiturazko osagai gisa.

(Edoardo Fornaciari | Getty Images)