Maider Eizmendi
IRUDITAN

«Hauek seko jota daude!»

Gustura hartuko nuke inoren burutik pasatzen den hori irakurtzeko ahalmena, edo ez, batzuetan hura imajinatzea bera gerta baitaiteke dibertigarriagoa eta, batez ere, sanoagoa. Kontua da argazkiko lehen lerroan eta desenfokatuta –argazkilariak bigarren mailan jarri du– agertzen den txakurraren begiradak sortu didala jakin-mina. Parean txakur itxurakoa egin nahi izan duten tramankulua jarri diote: mutur luzea, lau hankaduna... baina ziur nago ez duela bere tankerako ikusten; ez da gerturatzen, laguntasuna baino beldurra edota hoztasuna eragiten diotelako, seguru; ez du hura usaintzen, plastikoak eta burdinak ez baitute txakur usainik jariatzen.

Baina parean, sekulako ikuskizunaren aurrean baleude bezala, kamerak eskuan dituztela agertzen den jende multzoak zer pentsarazten ote dion jakin nahiko nuke –Gregory Berns neurozientzialari estatubatuarrak urteak daramatza txakurrak ikertzen, janaria edota laztanak bezalako estimuluen aurrean haien burutik zer pasatzen den ezagutu nahian–. Ezin da ziurtasunez esan, noski, baina imajinatu bai, eta seguru nago egoera ez dela horren dibertigarria bere begietara eta parean jarritako horiek burutik jota daudela irudituko zaiola.