Alaia Martin
IRITZIA

Globo saltzaileak

Bizitza posible ezberdinen zerrenda luzea egingo nuke eta ahal balitz, guztiak bizi. Lehen bizitzan arnasarekin, urarekin eta lurrarekin bakarrik izango nuke lotura, gutxirekin eta gutxi esperoz biziko nintzateke, begira, egoten, izaten, besterik ez. Nire txakurrari begiratzen ordu luzez egon ondoren, nahiko ziur nago ez dela existentzia agortzeko erarik ergelena. Beste bizitza batean guztia zenbatzen eta antolatzen saiatuko nintzateke, geroko ametsak aurrez zerrendatzen eta ametsen kronograma bat osatzen, amets bakoitza noiz bete jakiteko. Garapen planak egingo nituzke, indargune eta ahulguneak ikertu eta nire helburuetara iritsi ahal izateko egunez eguneko egutegi bat osatuko nuke, beharrezko baliabideak eta bideko oztopoak aurreikusiz. Zer jan eta noiz edan erabakiko nuke, baita noiz eta nola hil ere, bizitza ziur idealista bat izango nuke eta pozik hil, ingurukorik asaldatu gabe.

Izango nuke egutegirik gabeko bizitza bat ere gustura asko. Marratxo bakarrak jaiotza eta heriotza lituzkeen bat, egun bakoitzaren hasiera eta amaieraren eskalako bulkada segida luze bat. Gaur hemen afaldu eta bihar han esnatu eta etzi han idatzi eta etzidamu kontinentez aldatu eta hizkuntza ezberdinetan liburuak idatzi edo bertsotan jardun. Kontinentez kontinenterako bizitza bat ere izango nuke, aukera izanez gero. Usainduko nuke lurra Nigerian, izango nuke ohiko okindegi bat San Frantziskon, edango nuke matea Buenos Aireseko udaberrietan, ikusiko nuke kanguru bat errepidea zeharkatzen Sydneyko bulego batetik bueltan, utziko nituzke zapatilak tabernako sarreran Kyoton, joango nintzateke gustuko mendira Nikaraguan eta ikasiko nuke pasta egiten Napolin.

Beste bizitza batean biziak lirateke nire bizi proiektuak, lauzpabost haur etxe ordainezin bat hankaz gora jartzen eta nire barne egiturak etengabe kolokan jartzen eta opor egunetan heziketari buruzko liburuak irakurtzen eta postreak egiten ere ikasiko nuke agian, osagairik ahaztu gabe.

Izango nuke pasiozko lanbide bati osoki eskainitako bizitza sortzaile bat eta izango nuke bizitza motel eroso erdi erori bat, probatzearren. Izango nuke bizitza iraultzaile ausart nekaezin bat eta mundua urdin biziagoz margotu. Bizitza mordo bat izan nitzakeen eta izan ditzaket, baina proiektuka eta hautuka bizi gara, normalean, bizitzekotan. Aukera guztiei begira biziz gero, zaila baita bizitzea. Aukera etengabe zalantzan jarriz biziz gero, zaila baita bizitzea. Agian horregatik bizi gara, normalean, apustuka. Ideal arrakalatu eta pladurrezkoei geure antza eman nahian. Baina ez dut uste hori hain txarra denik, berrikusteko eta berriz husteko eta hasteko beldurra erlatibizatzeko gai baldin bagara behintzat, uste dut hautu interesgarria dela hautatzea. Agian politikan hori bera ematen dut faltan. Zenbaiten diskurtso gatzgabe eta “norabide guztiak” estilokoek asperdura ematen didate, nire buruak askotan eman izan didan bezala. Nahi guztiak ase nahian bakar bat ere ez asetzeko arriskua baitauka globoak gehiegi haizatzeak. Batzuetan hautatu egin behar da, zer eta norekin eta hortik eraiki, teilatua non nahi duzun jakinda, bidea onartuz. Globo gehiegi hartzen dituenak hegan irteteko arriskua du. Euts diezaiola bakoitzak bere globoari eta ea zer gertatzen den.