Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
ELIKADURAREN ARRAKALA EKONOMIKOA

Zenbat irabazi, hura jan

Janariaren prezioaren gorakada ikaragarriaren ondorioak aztertu nahian, elikadura bereziki zaintzen duten familia batzuekin elkartu gara, baita nahi adina zaindu ezin dutenekin ere, hilabete bukaerara nekez iristen direlako. Biak jabetzen dira ongi jatea gure ongizaterako zein garrantzitsua den eta bientzat da lehentasuna etxean dieta osasuntsua izatea. Batzuek ez dakite ziur zenbat diru bideratzen duten elikadurara, baina aurrekontuaren %20 inguru dela kalkulatzen dute. Bertzeek, berriz, tentuz aukeratu behar izaten dute erosketa-saskira sartzen duten jaki bakoitza eta aski ongi kontrolatzen dute gastatzen dutena: daukatenaren erdia baino gehiago.

Labore Txingudiko denda.
Labore Txingudiko denda. (Jagoba Manterola | FOKU)

Azken urteetan izugarri garestitu da janaria, batez ere produktu merkeenak. Hau da, hil amaierara iristen ez den jendeak ordaintzen du gehiago jaten duenagatik. Ahalmen ekonomiko baxua izateak ondorioak ditu elikaduran eta, beraz, osasunean ere bai; adibidez, obesitateak goiti egin izana ekarri du, jaki prozesatuak eta kalitate txikikoak baitira herritar aunitzek eskuragarri dituzten bakarrak.

Gipuzkoako Elikagai Bankuko langileek ez dute onuradun kopurua hazi denik sumatu. Alderantziz, 2025ean %10 inguru jaitsi zen. Enplegua hobetu delako gertatu dela uste dute. Baina prezioen goititzea, bai, nabaritu dute, onuradun gutxiagorentzat jaki gehiago behar dituztelako kasik. Elkarte sozialei banatzen dizkieten elikagaien zerrenda luze bat dute, eta gero behar dutenei ematen dizkiete horiek: ogia, pasta, dilistak, garbantzuak, ilarrak, olioa, esnea eta esnekiak, haurrentzako elikagaiak, arrautzak, patatak, arrain kontserbak, haragia, barazkiak, arraina eta fruta.

Horixe entregatzen dute hilabeteko eskaeran. Kantitateak entitate bakoitzak laguntzen duen pertsona kopuruaren araberakoak izaten dira, hilabetero berberak. Janari pakete horiei tarteka jasotzen dituzten gauzak gehitzen dizkiete; zopak, txokolatea, produktu freskoak, opilak eta abar.

AZKEN MINUTUA

Programa horretaz gain, “Azken Minutua” ekimena dute. 2009an jarri zuten martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Sailaren babesarekin. «Honen barnean, Oiartzun eta Bergarako gure zentroetako bederatzi furgoneta supermerkatuz supermerkatu joaten dira, Gipuzkoako handi gehienak pasatzen dituzte, eta kontsumitzeko onak egon arren, dagoeneko saldu ezin diren elikagaiak biltzen dituzte. Arrazoi ugari egon daitezke jaki horiek baztertzeko: iraungitze data hurbil egotea, ontziren bat egoera txarrean egotea, sobran egotea... Boluntarioek guztiak gainbegiratu eta sailkatzen dituzte gure zentroetan, eta 24 ordu baino lehen kontsumo elkarteei entregatzeko prestatzen dituzte. Elkarte horiek jantokiak dituzte eta denbora laburrean jan ditzakete jaki horiek», azaldu du Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidente Belen Mendez de Vigok.

Programa honek Bankuaren bi helburu nagusiak betetzen ditu: «Alde batetik, egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzen die; bestetik, elikagaiak aprobetxatzen ditu, xahutzea saihesten du eta ingurugiroari onura ekartzen dio». 2025ean ia milioi bat kilo jaso zituzten sistema honekin. Kilo horiek erraustegian amaituko zuten, bildu izan ez balituzte.

Azken Minutuan elikagai freskoak banatzen dituzte batez ere: fruta, barazkiak eta esnekiak, bertzeak bertze.

ELKARTASUNA

Kontatu digunez, aitzineko urtean baino %5 elikagai gehiago jaso zituzten iaz ikastetxe, kiroldegi eta enpresetan. Bilketa Handian eta Udaberriko Bilketan ere %18 igo zen jasotako janari kopurua, elkartasunaren erakusgarri.

Bankuan itxaropenez begiratzen diote 2026ari, nahiz eta jendearen borondatearen mende dauden, dituzten baliabideak ematen dizkietelako. «Udaberriko Bilketa egiteko prest gaudela uste dugu, estutasunik gabe. Gure onuradun guztiei ematen ahal diegu laguntza, eta ahal denean ematen diegun kantitatea handitzea aztertuko dugu», adierazi du presidenteak.

1997an jaio zen Gipuzkoako Elikagai Bankua, eta ordutik hona izandako aldaketa «ikusgarria» izan da. «Lagun talde bat zerotik hasi zen, tokian-tokian emaileak eta dirulaguntzak bilatzen, baita onuradunei elikagaiak banatuko zizkieten elkarteak ere. Laguntzeko borondatea zuen jende talde bat bakarrik zegoen eta, beste alde batetik, laguntza behar zuten onuradun batzuk. Hori guztia egituratu behar zen, dirua lortu, emaileei eta kate handiei dei egin, boluntarioak bildu, ibilgailuak eskuratu... Adorez eta konbentzimenduz, lan eskerga egin zuten, eta honaino ekarri gaituzte», txalotu du Mendez de Vigok.

1998an 41.987 kilo banatu zituzten 3.000 onuradunen artean. 2025ean, berriz, 2.000.000 kilo banatu dizkiete 15.000 onuraduni. 2008ko krisian 24.000 onuradun izatera ere iritsi ziren.

Gaur egun, Bankuak 180 boluntario eta bost langile ditu bi egoitzatan, Oiartzunen eta Bergaran.

Gipuzkoako Elikagai Bankuaren Oiartzungo biltegian lanean. (Andoni Canellada | FOKU)

ARRAIN IZOZTUA

Behar duenean, bertara joaten da Ana [asmatutako izena], Gipuzkoako Elikagai Bankura. Ama bakarra da eta bi ume ditu. Ama bakarren karneta eskatu du, eskaintzen dituzten deskontuez baliatzeko, baina oraindik zain dago. Ekilore-oliora ohitu behar izan dute etxean. «Denok dakigu olibarena hobea dela. Niri ere gustatzen zait elikadura zaintzea, baina hilabete bukaerara iristen ez garenontzat zaila da. Errazagoa da pasta eta arroza jatea, nahiz eta ez den osasungarriena», kontatu digu.

Momentuz ez dute osasunean kalterik nabaritu, Bankuaren laguntzarekin eta lanean ari denez, astero arraina eta haragia jan dezaten saiatzen baita, lekale eta barazki aunitzekin batera. Soldataren erdia baino gehiago gastatzen du elikaduran. «Ez dut hipotekarik edo alokairurik ordaintzen, baina hala ere ez naiz iristen. Arrain izoztua erosi behar badut, hala egiten dut. Ez da freskoa bezain ona, baina arraina da behintzat», adierazi du.

Azken urteetan izugarri sumatu du prezioen igoera. «Oso kafezalea naiz, eta duela hiru urte marka zuriko paketeak euro eta erdi balio zuen eta orain ia bost. Semeak hazten ari dira eta esne pila bat edaten dute, egunean kaxa bat edo kaxa eta erdi. Lehen 50 zentimo inguru balio zuen marka zuriko kaxak; orain, berriz, 90 zentimo. Patata denerako erabiltzen dugu eta hor ere sumatu dugu. Arrautzak 3,10 euroan daude eta lehen 1,50 edo 2 euroan eros zenitzakeen».

«Ezin naiz belar-dendara joan, ezin dut ekologikoa edo biologikoa erosi. Batzuetan kalitate baxuko janaria eta prozesatuak erosi behar izaten ditut. Saiatzen naiz hori ez egiten. Semeak ongi egon daitezen eta ongi jan dezaten arduratzen naiz. Karbohidratoak dira merkeenak, baina horiekin asetzen bazara puztu egiten zara. Garai batean hori nabaritu nuen nigan eta utzi egin nuen».

Prezioak bezala, soldatak ere igotzeko eskatuko luke, duela urte batzuk ez zuelako halako zailtasunik. Orduan hiru kiloko patata sareak hartzen zituen, baina orain bosnaka hartu behar ditu patatak.

LABORE TXINGUDI

2017an sortu zen Irunen Labore Txingudi. Elikadura-burujabetzaren lanketatik zetorren talde batek deialdi bat egin zuen, eta bazkideentzako denda txiki bat zabaldu zuten Lakaxita gaztetxean. 2019an, denda handiago bat irekitzea erabaki zuten, produktu fresko gehiagorekin. «Kokalekua ikusirik, Uranzu kalean, Urdanibia plazaren inguruan, jende guztiari zabaltzea pentsatu genuen. Auzo honetan oso denda gutxi dago, populazio heldua, eta zerbitzu bat emateko bokazioa ere bagenuen. Orduz geroztik, bi ereduak izan ditugu, bazkideena eta edozein bezerorena. Bazkideek, urteko kuota bat ordaintzen dutenez, beherapen bat dute dendan produktuek duten prezioarekiko», azaldu digu Oihana Galardi bazkide eta langileak.

«Tokiko elikagaiak sustatzen ditugu, bide laburrak. Eztabaidagaia izan da beti guretzat nola finkatu prezioak eta zer tarte eman prezioei, edozein komertziotan egoten direnak ez izateko, agroindustriaren atzetik dagoen guztiarekiko kritikoak garelako. Horregatik, bazkideen artean asanbladan onartuta, produktuek zer marjina duten ezarrita daukagu. Produktu guztiek ez dute marjina bera. Jatorria begiratzen dugu, baita stockean egon daitekeen ere. %25-26 bitarteko marjinak ezarri ditugu denda irekian».

Argitu duenez, pertsona batzuentzat Laboreko elikagaiak garestiak baldin badira, ez da produktu horiek salduz aberasten direlako, baizik eta produktu horiek ekoizten dituzten pertsonei beraiek eskatzen dutena ordaintzen dietelako, prezio duinetan. Kontuan izan behar da elikagaien ekoizpenak prozedura eta gastu batzuk dituela, baita hondakinak ere. «Gure ustez, askotan, agroindustriak gizarteari ordainarazten dizkio hondakinak eta hainbat kostu; ez erosleari. Horregatik eragiten dituzte onura hain handiak, eta batzuk elikadurarekin aberasten dira».

Laboren kontzientzia bat dute eta kontzientzia hori zabaldu nahi dute. Horregatik, beren betebehar bat sentsibilizatzea da. «Gure mugak ere baditugu, gizarte honetan kapitalismoak pisu handia duelako eta ezinezkoa zaigulako gure txikitasunetik horren kontra idealki egitea».

Gipuzkoako Elikagai Bankuko Oiartzungo biltegian bildutako jakiak sailkatzen dituzte, elkarteen bidez behar dutenei banatzeko. (Jagoba Manterola | FOKU)

IDEOLOGIKOKI ZERI EUTSI

Pandemiako garaiak ekarri ditu gogora Galardik, bat-batean, denda ireki berri, hemengo bi langileak beharrezko langile bihurtu zirelako. Jo eta ke aritu ziren eta inoiz baino gehiago saldu zuten. «Oso garai gogorra izan zen. Jendeak hitz egiteko eta topo egiteko beharra zuen. Oroitzapen polit bat dut: apirilaren 14a, ikaragarrizko ilara, eguraldi polita eta ondoko bizilagunak, ateak zabalik, Errepublikako abestiak bata bestearen atzetik kantatzen».

Aunitz sendotu zuten harremana jendearekin eta bazkide ugari gehitu zitzaizkien. «Ideologikoki pandemian zeri eutsi nahi zion jendeak, zer aldaketa eman nahi zituen, horrek denbora batean iraun zuen, baina pixkanaka betiko ohituretara bueltatu, eta bazkideak gutxitzen hasi ziren».

2022tik 2023ra jaisten joan ziren eta hori kudeatzea ez zen erraza izan. 2024an SOS bat izan zuten elkarte eta denda bezala, eta bazkide guztien eta batzordearen babesarekin proiektuari eusteko adina lortu zuten. Orain mantentzen ari dira eta pixka bat hobera ere egin dute.

INBERTSIO BAT

Oihane Olaizola Labore Txingudiko bazkide eta batzordeko kidea da. Covid garaira itzuliz, desberdintasun handi bat ikusi zuela oroitu du: bertze leku aunitzetan arazoak zeuden produktu fresko eta onak lortzeko, baina Laboren, harremana zuzenekoa denez, bazeuden. «Nola ez dut sinetsiko bertakoan! Egia da ez dela soldata guztietarako izango, baina prezio igoera handiak, olioarena, adibidez, ez dira hemen bakarrik gertatu. Ez zait iruditzen hemengo elikagaiak garestiak direnik, prezio egokia dute. Beste leku batzuetan ezin duzu sinistu zerbait baliotsuak hain prezio baxua edukitzea. Arroparekin bezala da», egin du konparaketa.

«Batzuei iruditzen zaie asko edukitzea dela garrantzitsuena eta ez hainbeste kalitatea. Gero janaria botako dute. Hemen, kontsumo arduratsuago bat egiten dugu eta balioa ematen diogu erosten dugunari eta ekoiztu duenari», defendatu du. Olaizolarentzat «inbertsio bat» da elikadura zaintzea. «Alde batetik, zure gorputzean ezin duzu edozein gauza sartu, eta, bestetik, zure soldataren puska hori zeini eman nahi diozun erabaki behar duzu. Nahiago dut baserritar bati eman eta ez enpresa handi bati».

Hemen, gainera, garaikoa zer den ikusten du. «Duela urte batzuk makrobiotikan hasi nintzen eta lurrak eman duena jatea zer garrantzitsua den ikasi nuen. Beroa egin badu mota bateko barazkia eta fruta aterako da; hotz egiten badu, beste mota batekoa». Globalizazio honetan lokaltasunera itzultzea ere garrantzitsua dela uste du.

«Gaztetxoa nintzela amari minbizia diagnostikatu zioten eta hortik hasi ginen elikadura aldatzen. Aitak baratzea jarri zuen eta konposta egiten zuen. Berarentzat egiteko modu bakarra zen. Poliki-poliki, heldu ahala, zentzuzkoa dela ikusi nuen. Osasun kontua da. Prebentzioa askoz garrantzitsuagoa da. Mutil-lagunak ere bizitza osoan eduki du asma eta medikazioa pila bat gutxitu du. Erabat lotua dago janari onarekin. Zikina jaten badu, segidan sentitzen da gaizki», kontatu du.

«Ama beti etxean egon da, orduan etxeko janaria eduki dugu. Pasta, adibidez, ez genuen jaten, aitak esaten zuelako kanpoko janaria zela» [barrez].

Laboreko bazkideentzat ezinbestekoa da jaten duten hori osasungarria izatea eta, bestetik, hurbileko sistema sostengatzea. Irudian, Josu Laguardia, Itziar Lopez, Oihane Olaizola eta Oihana Galardi. (Andoni Canellada | FOKU)

BOROBILA

Itziar Lopez bazkidearen etxean ere hurbileko janaria jan izan dute, bai amonarekin, baita gurasoekin ere. «Gero, bizi hautu bat da. Niretzat ezinbestekoa da sartzen dudan hori onuragarria izatea eta, bestetik, gertuko sistema hori sostengatzea. Laborek hori betetzen du. Bihotza lasai uzten dit jakiteak erosi dudanaren atzean badagoela ekoizle bat modu duinean jasotzen duena produktu horrek eta bere lanak merezi duena. Eta, era berean, jakiteak produktu hori zaindua eta ekologikoa dela. Honek eskaintzen dizuna oso borobila da. Niri bakea ematen dit eta iruditzen zait eredugarri izan naitekeela inor konbentzitu gabe».

Bere irudipena da ez dagoela horrelako diferentziarik prezioan supermerkatuekin konparatuta. «Ontziratua dagoena garestiagoa izan daiteke, baina freskoa ez da horrenbesterako. Gastu orekatu bat egin daiteke». Laborez harago, bere «triangelua» du. Ogi bat zehazki bertze toki batean erosten dio hurbileko ekoizle bati, eta arraina erostera arrandegira joaten da.

AUZOLANA

Josu Laguardia bazkideari ere etxetik datorkio elikadura zaintzea. «Baratzea izan dugu beti eta horrek markatzen zaitu. Gerora, bizitzan aurrera, ikasi nuen tokian tokiko barazkiak sortzea zein onuragarria den; laburtu egiten dira garraioak, eta horrek erakarrita non erosi bilatzen nuen. Baina Labore iruditu zitzaidan borobilena. Atzean badago bazkide talde bat, erabakiak hartzen dira eta hori egiteko eta plazaratzeko modua oso erakargarria iruditzen zait. Auzolana ere bai. Urtean bitan etortzen gara laguntzera. Oso gutxi eskatzen du eta sozialki sare bat egiteko aukera ematen du. Hau ukitu daiteke, benetakoa da. Etxean sentitzen naiz».

Orain martxan duten proiektuetako bat azaldu digute. Ekoizleak gehiago ezagutzea da asmoa. Eztiolara bisita bat egin zuten, eta erlegintzari buruzko saioa egin zuten Lopezekin, erleak baitauzka. Badute bertze bazkide bat ardogintza maite duena eta ardoen inguruan bideratu ditu. Dastatze saio bat antolatu zuten hemengo produktuekin eta «mundiala» izan zela diote. Berarekin eta diseinatzaile batekin infografia batzuk lantzen ari dira ardo horiek zabaltzeko, bazkide baten proposamenetik bazkideengana. Jendea saretzeko, jendea ezagutu behar da, eta auzolanetatik atera dira proposamen gehienak.

«Hemen izenak ezagutzen ditugu: Oihana, Mod eta Mikel. Etortzen naizenean badakit noiz etortzen naizen, ez dakit noiz joango naizen. Berriketan gelditzen naiz. Gaurko garaian erotuta gabiltza sare sozialekin eta ahaztuta daukagu gertuko kontaktua. Honek horretan ere borobiltzen du guztia», baloratu du Lopezek. Hori bizitzen duenean amona datorkio gogora. «Zenbatetan joan naizen berekin erosketak egitera, eta amonak ezagutzen zuena ez zen harakina, Patxi zen, eta ez zen arraina erostera joaten, Felixengana joaten zen. Horrela bizi izan dut eta egun gustatzen zait denbora bat pasatzea horretan, gero kozinatzea ere gustatzen zaidalako. Denbora hori batzuentzat denbora galtzea da, baina niretzat inbertsio bat da, niretzat delako. Zirkulua ixtea da».

Olaizolak hala ondorioztatu du: «Kontua da zeintzuk diren zure lehentasunak. Denerako denborarik ez du ematen. Prezioekin berdina da. Zertan gastatzen duzun begiratzen hasten bazara, segur aski gauza asko erosiko dituzu beharrezkoak ez direnak».

Galardik aurrekontuaren %20 inguru gastatzen du elikaduran. «Lehen gauza batzuetan gastatzen nuen eta egun ez diet garrantzirik ematen eta ez dut horietan gastatzen. Niri ez zait horrenbeste gustatzen kozinatzea. Kozinatzen dut eta jaten dut, baina oso soziala naiz eta asko gustatzen zait jendearekin topatzea eta hortik zehar jatea. Baina konturatu naiz azkenaldian kanpoan jaten dudanean askotan esaten dudala: ‘Ez zegoen horren ona’. Agian, egunero etxean jaten dudanak, ikaragarrizko elaboraziorik gabe, asetzen nau eta kalekoak ez horrenbeste. Eta, agian, kalean ‘ze ona!’ esateko ordaindu behar dudana, hori bai da dirua eta ezin dut egin».

Olaizola bat dator: azkenean etxean gusturago jaten du, eta garbiago. Laguardiak kanpoan ere plazer hartzen du, baina etxeko oinarria baldin badu.

Labore Txingudi. (Andoni Canellada | FOKU)

FRESKOA

Laboren nabaritu dute tokiko produktu freskoa izan dela gutxien garestitu dena. «Momentu puntual batzuetan penintsulako hainbat produktu fresko ekartzen ditugu, ze bertan ez dago beti, gure eskualdeak ez du ikaragarrizko ekoizpena. Horietan igoera bat ikusi dugu, tokiko freskoetan ez bezala», eman du aditzera langileak. «Kostuak asko igo dira jatorrian. Adibidez, elektrizitatea asko garestitu zen eta beharrezkoa zen instalazioak mantentzeko. Ekoizle txiki askok esaten dute: gu ari gara asumitzen kostuaren igoera, ze nik ezin diot igo erosten didanari argindarraren igoerak suposatzen didana».

Ikaragarrizko igoerak egon dira garraioetan eta pentsuetan ere eta horrek guztiak inpaktu bat izan du. Olioa igo zenean, ikusi zuten lehenengo toki handietan igo zela eta gero Laboren. Azkena arrautzena izan da. Hemen supermerkatuko prezio berean zeuden, baina hemengoak ekologikoak izanik eta hangoak ez.

Badago jendea Laboren erosteko esfortzua egiten zuena. «Prezioen igoera bere muga izan da eta etortzeari utzi behar izan dio, ez produktuak merezi ez duelako edo hemen gehiago garestitu delako, baizik eta orokorrean guztia garestitu delako. Gu beti saiatzen gara sentsiblea den horri marjina estutzen oinarrizko elikagai bat dela iruditzen zaigulako», azaldu du Oihana Galardik.

Azaldu du denetariko erosle eta bazkideak dituztela, eta familia baten kasua aipatu du eredu gisa. Tarteka aritzen ziren lanean, ez zuten lan finkorik, baina filosofikoki eta politikoki hautu hau egina zeukaten. Bazkideak ziren eta argi zeukaten zer eros zezaketen eta zer ez. Orain, egonkortasuna lortu dute eta normaltasunez erosten dute hemen. «Ez da etsipen bat egon; hautu bat zenez, ahal zuten heinean egiten zuten», nabarmendu du Labore Txingudiko langileak.

Gipuzkoako Elikagai Bankua. (Jagoba Manterola | FOKU)

«Batzuetan berdin zait esnea gailetekin afaltzea, baina umeek apetitu handia dute»

Leire [asmatutako izena]

HILABETE BUKAERARA NEKEZ IRISTEN DEN AMA

«Emakume dibortziatua naiz eta bi ume ditut, bata 21 urtekoa eta bestea 16koa. Hilabetero 1.200 euro irabazten dut gutxi gorabehera eta 680 euroko hipoteka daukat. Imajinatu zer gelditzen zaidan fakturak, janaria eta abar ordaintzeko... Aitaren mantenua minimoa da: 300 euro hilabetean. Horrekin egin behar dut aurrera, eta iristen ez zaidanez, Gipuzkoako Elikagai Bankura joaten naiz hilabetean behin. Izugarri eskertuta nago jasotzen dudan laguntzagatik. Joaten naizen aldiro erosketa ekiditen dut», hasi zaigu azaltzen Leire [asmatutako izena].

Momentuz ez dute janariaren kalitate baxuagatik edo marka zuriak erosi behar izateagatik osasun arazorik izan. Ongi daude hirurak. Seme-alabek ez dituzte gozoak eta janari zaborra maite eta beti jan izan dute nahiko garbi: lekale dezente, pasta, barazkiak, fruta, esnekiak... Arraina da Leireri eskuratzea gehien kostatzen zaiona. Kobratu eta segidan freskoa erosten du, baina hortik aurrera izoztua. Haragiari dagokionez, indioilarra, oilasko bularkia, hanburgesak eta haragi pikatua jaten dituzte.

«Produktu gehienak marka zurikoak erosten baditugu ere, seme-alabek hiruzpalau marka dituzte ekonomikoki hobeto nengoenean erosten nizkienak eta kendu ez dizkiedanak. Ostiraletan egiten dut erosketa eta behintzat astearteraino iristen saiatzen naiz. 80 eta 100 euro artean gastatzen ditut. Gero, astean, beste 50 gutxienez».

Seme-alabei jatekorik falta ez dakien da Leireren lehentasuna. «Niri batzuetan berdin zait afaltzeko esnea gailetekin hartzea. Baina beraiek apetitu handia dute, asko gastatzen dute. Denbora luzea da ez dudana niretzat arroparik erosten edo bidaiarik egiten. Kanpoan jan ere, urtebetetzeetan bakarrik».

«Inpotentzia eta neke mental handia» sentitzen duela aitortu digu. Garbiketa sektorean ari da, aldi baterako lanean. «Urtarrila eta otsaila lan gutxikoak izango direla esan didate, gero ez zaidala lanik faltako, baina pasatu egin behar dira hilabete hauek. Inoiz ez naiz langabezian egon. Azaroan lanez aldatu nintzen. Aurreko lanean eszedentzia hartu dut, badaezpada. Lehen portalak eta bulegoak garbitzen nituen, ordua 8 euroan; orain, anbulatorioak, ia 10 euroan. Ez dut hainbeste esfortzu egin behar, portal batetik bestera oinez eta pisua altxatuz».

Soldatak igo beharko lituzketela aldarrikatu du, orekatzeko, urtetik urtera txikiagoa baita gure erosahalmena. «Lehen hiru klase zeuden: goikoa, erdikoa eta behekoa. Orain altua eta baxua bakarrik daude; klase ertaina desagertu egin da. Oso triste nago. Denok greba egin beharko genuke, inor lanera joan ez dadin soldata duin bat izan arte», proposatu du.