JOKIN URAIN
IRITZIA

Izurrite

Elur melur», negu gorriari barre egiten dio esaerak, «etxean nahiko arto eta egur» baduelako. Negurako hornidura, udazkeneko uztak jasota. Zorionak aldaera ugari ditu, eta, baserrietako bizitza eta langintzak dituen neke guztiekin ere, negua zenbat latzago, etxeko abaroa hainbat gozoago. Izan ere, ez al da ederra supazterretik begiratzea leiho ostean jausten ari den elur erauntsiari?

Baina elurra beltza dela ere badio esaerak. Eta elurra ez ezik izotza ere izan daiteke beltza. Zenbat hotzago, hainbat beltzago. Batzuentzat beltzago besteentzat baino; denek ez baitute etxea berdin betea izaten artoz eta egurrez. Aurtengo neguak ekarri digu elurretik eta izotzetik, eta batzuk prestatuago harrapatu ditu besteak baino. Batzuek ez zuten etxerik artoz eta egurrez hornitzeko, ez izurrite arauak eta etxeratze aginduak betetzeko, eta kale gorrian izoztu dira.

Hotz egin baitu Eguberrietan eta urteko lehen egunetan, eta egurrik eduki ez arren berogailua jarri nahi izan dugu izoztuko ez baginen. Elurretan oinak hoztuta etxeratu ondoren gozotasun apur baten abaroan egoteko leihotik begira, geroa imajinatuz... Izurritearen urtean negu gogorra egin zuela esango dute hogei urte barru, hogeita hamar urte barru… Eta agian gogoratuko dute hotzik handieneko egunetan %30 inguru igo zutela argindarraren prezioa, eta gasarena ehuneko hogei baino gehiago. Beharbada, gogoratuko dute izurriaren larrialdiari aurre egiteko laguntza ekonomikoak ez zirela iritsi izorratuenen poltsikoetara, baina bankuek jarraitu zutela kreditu eskaintza miragarriak telefonora igortzen eta telebistaz iragartzen, ezer pasa ez balitz bezala.

Edozein gaitz eta pandemiaren ezaugarri komuna da gaixoa izorratuz indartzea; gaixoa zenbat eta ahulago, gaixotasuna are indartsuago. Ezaugarri berberarekin funtzionatzen dute onura publikoa izan behar luketen premiazko gaiak kudeatzen eta ustiatzen dituzten esku pribatuek. Eta badira merkatu librearen izenean ere onartu behar ez liratekeen jokaera eta funtzionatzeko moduak, denak horrelaxe funtziona dezan espresuki prestatzen den estruktura politiko-ekonomikoa ez bada behintzat.

Askoren ezina, gabezia eta beharra, gutxi batzuen oparotasuna izatea ere izurritea baita, Josune. Gizarte batek sufritu dezakeen izurriterik okerrena agian.