JULIO PASTRIAN MENDIOLA - SALTO TRAINING

Tiroidea: hipotiroidismoa eta hipertiroidismoa

Entzutez ezaguna dugun tiroidea lepoaren aurrealdean dagoen guruin endokrino bat da. Tximeleta formako guruin honek funtzio garrantzitsu bat du gure gorputzean, gorputz osoko hormonen ekoizpenaren arduraduna baita. Tiroide-guruinak ekoizten dituen hormonek hainbat funtzio dituzte, hala nola gorputzaren kaloria kontsumoa eta tasa metabolikoa bezalako prozesuak kontrolatzen laguntzen dute, jaiotzetik zahartzarora gorputzaren garapena erregulatuz.

Guruin honen funtzio nagusia azalduta, gaiari sakonago helduko diogu. Tiroide-guruinaren funtzioa hormonak ekoitzi, gorde eta askatzea da, T3 (triiodotiroina) eta T4 (tiroxina), hain zuzen ere. Hormona hauek nerbio sistemaren garapenean parte hartzen dute eta metabolismoa edo gorputzak energia lortzeko kaloriak erretzen dituen abiadura erregulatzen dute. Horrela, bihotz taupaden maiztasuna eta kolesterol kontzentrazioa kontrolatzen dute, glukogenoaren sintesian laguntzen dute eta, A bitamina sortzeaz gain, gorputzaren tenperatura erregulatzearen arduradunak dira.

Funtzio hauek guztiak betetzeko, tiroideak beste bi guruinen laguntza behar izaten du. Alde batetik, hipofisiak odolean dagoen tiroide hormona kopurua identifikatzen du, eta gehiago ekoizteaz arduratzen da. Bestetik, hipotalamoak TRH (Tirotropina askatzen duen hormona) askatzen du hipofisiak TSH (Tirotropina) ekoizteko.

Nahiz eta patologia asko izan, tiroidearen kasuan bi nagusi ezagutzen ditugu: hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa. Lehenengoaren kasuan, guruinak behar baino hormona gehiago ekoizten ditu, umore aldaketak, antsietatea eta nekea sortuz, besteak beste. Bigarrenaren kasuan kontrakoa gertatzen da, tiroideak ez du behar den hormona kopurua ekoizten. Horren ondorioz idorreria, nekea, kontzentratzeko zailtasunak eta hazkuntza arazoak sortzen dira.

Patologia hauen tratamendua farmakologikoa izan arren, jarduera fisikoa ezinbestekoa da. Izan ere, hipotiroidismo zein hipertiroidismo kasuetan metabolismoa erregulatzen eta neke sentsazioa hobetzen laguntzen du. Kontuak horrela, eta erremedioa pilula bat hartzea baino osasuntsuagoa izanda, hasi jarduera fisikoa egiten, eta ziur zure bizi kalitatea hobera joango dela.