IRITZIA

Jarraitzeaz

S.apurgarria,

M. hil da. Bere bikotekideak deitu dizu berria emateko. Berarekin hitz egin duzun lehen aldia izan da. Hil, zendu, pausatu. Sinonimoak ez direla existitzen pasa zaizu burutik. Ez duzu ordenagailua itzali. M. hil da eta zutabea idazten jarraitzen duzu. Ez dakizu zergatik. Baliteke bizitzako gauza garrantzitsuak arrunkeriak egiten ari zaren bitartean gertatzen direlako izatea. Kapitalak show must go on agindu dizu, agian. Ezkabara igo zintezkeen garrasika, harriak jaurtitzera Arga bazterrera joan, hustu arteko negar saio bat egin, ulertuko ez duten besarkada bana eman semeei, M.ri deitu... Hilotz baten kontaktua daramazu sakelakoan. Zenbat hildakoren emaitza zara? Zenbat hilotz utzi dituzu bidean?

Beste zernahiri buruz idatzi behar zenukeela gaztigatu dizu senak. Ez zenuke pornografian erori nahi. Kontu arinak eskatzen ditu domekak. Jaiek ez dute oraindik amore eman, dramarik gabe udazkentzen dira zuhaitzak, autokarabanei buruzko programa dauka telebista alternatiboak, bixkiak espero dituzte parkeko lagunek, Fina Salegiren elkarrizketaz gogoratu zara Zinemaldia hasi berritan, berogailuak aldatzera etorri gabe jarraitzen du iturginak, Katie Kitamuraren “Audición” oparitu dizu L.k, errutinaren beharraz mintzo zarete ekain hondarreko librezaleak... Baina M. hil da eta zutabea idazten jarraitzen duzu, zure heldulekuen ezdeusaz oharturik, gelditzeko izu, garrantzitsuaren eta urgentearen arteko talkan harrapatuta. Nola idatzi haize-errotez zure energia berriztagarria ez dela jabetzen zarenean? Zer esan Palestinaz heriotzari ihes egin nahi diozunean? Gogaituta zaude gizonek ere negar egiten dutela entzuteaz.

Mitoaroaz jardun zintezke, akaso: errituez eta berrituez, euskal mainstream atrofiatuaz, sold out-ez nahiz soldatez, ñabardurarik gabeko eztabaidaren kulturaz zein kulturaren eztabaidaz. Estoldei gainez egiten utzi behar zenieke. Ez ahaztu irailean zure baitan oskolduko zinela proklamatzen zenuela abuztuko iluntze sozialetan. Orain, hildakoak ere dauden lekura bueltatzea da zure baitara itzultzea. Hor nonbait behar du, M. hil dela jakin berritan, zutabea idazten jarraitzeko zergatiak; hor nonbait, zernahi gertatuta ere, aurrera egiteko fedeak.

Bizi zaren hirian ikasturtea ez omen da urrira arte hasten, baina liburutegiak neguko ordutegia du jada.