Erritmo zirkadianoak; barne erloju biologikoa

Giza organismoak erritmo zirkadiano izeneko barne ziklo zehatzei jarraituz egiten du lan. Horiek, nukleo suprakiasmatiko izeneko garuneko egituraren bitartez koordinatuak, funtsezko prozesuak erregulatzen dituzte: askatze hormonala, metabolismo energetikoa, gorputzaren tenperatura, errendimendu fisiko nahiz kognitiboa eta erantzun emozionala, besteak beste.
Ondo sinkronizaturiko erritmo zirkadianoak gaueko atseden sakon eta indarberritzailea dakar. Gauean, funtzio kritikoak betetzen ditu organismoak: ehunak lehengoratzea, kortisola erregulatzea, intsulinarekiko sentikortasuna optimizatzea eta memoria bermatzea, esate baterako. Loaldia zatitua edo ordutegiak irregularrak badira, prozesu horiek guztiak arriskuan jarri eta neke iraunkorra, kontzentratzeko zailtasuna edo erreaktibotasun emozionala agertzen dira.
Horrez gain, egonkortasun zirkadianoak eragin zuzena du adimenaren osasunean. Argi zein iluntasun zikloek alerta-atseden aldiak antolatzen laguntzen diote garunari, erregulazio emozional egonkorragoa bultzatuz. Sinkronizazio ona antsietate eta depresio sintomak nozitzeko arrisku txikiagoarekin lotzen da, baita estres egoeretara egokitzeko gaitasun handiagoarekin ere.
Jarduera fisikoak ere sinkronizatzaile sendo gisa jokatzen du. Ariketa erregularrak, eraginkortasun metabolikoa hobetu, gorputz tenperatura erregulatu eta loaldi patroi egonkorrak finkatzen laguntzen du. Intentsitateak baino, jarraitutasunak du garrantzia. Izan ere, gorputzak positiboki erantzuten die aurreikus daitezkeen estimulu errepikakorrei.
Azken buruan, erritmo zirkadianoak erregulaturik mantentzea ez da ondo lo egitea soilik, organismoaren barne logika errespetatzea baizik. Horretarako, ebidentzia argia da; goizean argi naturalaren eraginpean jartzea, egunero jarduera fisikoa egitea, lo eta esnatzeko ordutegi egonkorrak izatea, gauean pantaila elektronikoak mugatzea eta azken orduan otordu oparoak ez egitea. Ohitura erraz baina ezinbestekoak dira. Horien integrazioak, atsedena hobetzeaz gain, errendimendua optimizatu, osasun mentala babestu eta ongizatea indartzen ditu. Biologiak erritmo eredua ezartzen du, hura errespetatzea osasunean eta orekan inbertitzea da.



