Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Zoriontasuna

Zoriontasunaren mundu mailako 2026. urteko txostena” argitaratu dute. Herrialde zoriontsuena lehen postuan eta zoritxarrekoena azken tokian. Baten batek esango du, tokiek baino, egoerek daukatela pisua. Aberatsenak pozik bizi direla han edo hemen. Pobrearen tristurak kolore antzekoa duela hemen edo han. Eta egia da, baina inguruak ere badu bere partea. Jendarte batean “sistema” deitzen dugun horrek, herritarrok partekatzen dugun baliabide publiko sorta horrek, badu bere partea.

140 herrialdetako 100.000 pertsonari urtero galdera bat egiten omen diete: «Nola baloratzen duzu zure bizitza?». Urtez urte, Finlandia eta Europako iparraldeko gainontzeko herrialdeak kokatzen dira zerrendaren goialdean, zoriontasunaren goiko solairuetan. Txosten horren arabera, «aberastasunaren banaketa ekitatiboaren, atzeraldien arriskuetatik herritarrak babesten dituen ongizate estatu baten eta bizi itxaropen osasuntsu handi baten ondorio da». Ez omen dago edabe magikorik, «askatasuna, berdintasuna eta justizia helburu dituen gizartea izatea lagungarria da». Izango ez da ba! Finlandian ere aldrebesten zaizkie gauzak, gaixotzen dira, tristatzen dira, izaten dituzte estutasunak, baina, eroriz gero, behean sarea daukatela badakite. Eutsiko dituen sare publikoa, hondoa jotzea galaraziko diena. Gauzak okertzen direnean, bizitzeak bizirautearen antza handiegia hartzen duenean, oso osasuntsua behar du izan oinarrizko beharrak aseak izango dituzula jakiteak.

Eta bitartean hemen gaude gu, medikuarekin hitzordua hemendik hilabetera hartuta. Bitartean, sendatu edo hil. Etxebizitza pribilegio bihurtu den sistema honetan, ez dago sarerik oinen azpian eta aspaldi inork ez digu galdetu zoriontsuak ote garen.

Benetako zoriontasunaz ari naiz, zuloak dituen eta gailurrik ez duen zera inperfektu horretaz. Goizetan esnatu berritan ilea nahastuta eta begiak puztuta dituen zorionaz. Izan ere, “Zoriontasunaren mundu mailako txosten” horrek erreparatu dio beste zoriontasun klaseari ere, sare sozialetan harroxko agertzen den hortzeria zuri perfektuko horri. Ondorioa, espero izatekoa: herrialde askotan nerabeen artean zoriontasun maila asko apaldu da. Zenbat eta denbora gehiago eman sare sozialetan, orduan eta zoritxarrekoago sentitzen dira gaztetxoak. Eta zer pentsatua ematen du zoriontasunaren paradisuan zoritxarra hain neurgarria eta egiatakoa izateak. Agian maizago apartatu beharko genituzke pantailetatik eta zuzenean galdetu: «Zoriontsua al zara?».