Nor eta noiz
Batzuetan eskoletara noa idatzitako liburu baten inguruan ikasleekin hitz egiteko. Kostatzen zait nerabe eta haurren galderetara moldatzea, batez ere, gelara sartu eta gutxira «Eta zu nor zara?» galdetzen didatenean.
Neure burua aurkeztea sekula ez dut izan oso gogoko. Nor naizen, gizartean betetzen dudan edo beharrezkoa den rolak markatu ohi du. Horregatik, profesioaren bidez erantzuten diot galderari. Beraz, diseinu grafikoetako lanak egiten nituenean, diseinatzaile grafikoa nintzela erantzuten nuen, edota inprentan lanean egon naizenean, inpresio teknikari naizela esan dut. Ordea, lanean ez banago, nor naiz?
Ikasten ari banaiz, ikasketek ahalbidetuko didaten makineria izango naizela esango dut. Ikasten egotekotan, jakina. Ikasten eta lanean ez dabilenak, ziurrenik, etiketa bat jasoko du nia ulertzeko: ezgaia, erretiratua, errefuxiatua, hildakoa. Pilo bat daude.
Kontua da haurrei nor diren galdetzen diedanean, izena esateaz gain, gogoko dituzten gauzak edo gorrotatzen dituztenak zerrendatuz erantzuten dutela; nolabait, kapazak dira euren buruari tarte bat emateko hor edo hemen egoteko, hori edo bestea egiteko, edota, sinpleki, nor diren kontatzeko.
Normalean eskoletara joatea gogorra egiten zait, ikasleek beldurra ematen didate, galdera ugari egiten dituzte edo isilik geratzen dira, nik -nia argi ez duen horrek- zerbait interesgarria esateko esperoan. Tarte gogortxoa izaten da. Idatzitako liburuaren harira sortu behar dugu solasa; ziurrenik, derrigorrez irakurri behar izan duten eleberriaren harira sortu ere. Horregatik, eskolatik atera eta lagun irakasleekin egoten naizenean, trukoaren inguruan galdetzen diet. Ba al da formularik egoera horretatik onik ateratzeko? «Opor luzeak beharrezkoak ditugu», erantzun didate ironikoki.
Ez diet arrazoia kentzen, askotan, irakasleen opor luzeak dira beste profesio batzuen desira. Baina akaso interesgarriagoa litzateke paradigma aldatzea. Hau da, opor luzeen beharraren arrazoia ez izatea lanaren gogortasuna, baizik eta lanean jarraitzea beharrezkoa ez izatea. Desazkundearen kontua da, azken batean: etengabeko ekoizpenaren kontra egitea, hots, oporretan egon, lanean ez egoteko.
Gizartearen makinerian eten bat egitea: tresna bat ez izateko.
Geure buruari galdetzea nor garen: etiketatik eta sistematik kanpo.
De Korrika a Correllengua

De mercado popular a espacio turístico: la encrucijada del Mercado de la Ribera

Prince: El pequeño gran genio del rock and roll falleció hace diez años

«Hemos construido un palacio con los ladrillos del terror»
