Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Maskarak erortzen direnekoa

Bardem, Sorogoyen eta Luengo, joan den maiatzean Cannesko zinema jaialdian.
Bardem, Sorogoyen eta Luengo, joan den maiatzean Cannesko zinema jaialdian. (Stephane Cardinale - Corbis | Corbis via Getty Images)

Hego Euskal Herriko zinemetara abuztuaren 26an helduko den arren, Rodrigo Sorogoyenen “El ser querido” film berria maiatzetik dago ikusgai Ipar Euskal Herriko zinemetan. Zehaztasun narratibo eta emozional harrigarriz eraikitako obra honek ikuslea pertsonaien zauri sakonenetan barrena gidatzen du.

«Kamera pertsonaiatik zenbat eta gertuago egon, orduan eta gehiago kendu behar da maskara». Filmean bertan entzuten diren Liv Ullmannen hitzek oihartzun berezia hartzen dute “El ser querido” lanean. Izan ere, kamera zaurietara hurbiltzeko modu bat da. Azalaren azpian gordetzen den guztiari aurrez aurre begiratzeko gonbidapena.

Hamalau urte dira Esteban Martinez (Javier Bardem) zinema zuzendariak eta bere alaba Emilia (Victoria Luengo) aktoreak elkar ikusi ez dutela. Martinez zinemagile ospetsua da, bai bere filmengatik bai indarkeriak eta gehiegikeriek markatutako iraganagatik. Bere proiektu berrian, Emiliari paper bat eskainiko dio, eta filmaketa bera izango da bien arteko zubi hauskorra.

Filmak erabiltzen duen egitura metazinematografikoa magistrala da eta edukiaren eta formaren arteko elkarrizketa etengabeak liluragarriak dira. Filmaketa ez da kontakizunaren eszenatokia bakarrik, boterearen eta kontrolaren metafora baizik.

Baina zinemaren geruza horiek guztiak banan-banan eranzten direnean, filmaren bihotza agerian geratzen da. Han aurkitzen dira maskulinitate toxikoaren arrastoak, botere abusuen zauriak eta maitasunaren izenean egindako kalteak.

Javier Bardemen eta Victoria Luengoren interpretazioak ikaragarriak dira. Haien arteko tentsio emozionalak, esaten denaren eta isiltzen denaren arteko dantza etengabeak, pantailari itsatsita mantentzen du ikuslea. Begirada bakoitzak pisua du eta keinu eta esaldi bakoitzak istorio oso bat darama barruan.

Forma aldetik, Sorogoyenek ausardiaz eta sofistikazioz jokatzen du. Zuri-beltzaren erabilera, aspektu-ratioaren aldaketak eta formatu desberdinen arteko joan-etorriak erabiltzen ditu, pertsonaien barne lurraldeetara sartzeko ateak balira bezala; baliabide guztiak ez dira guztiz ulertzen, baina filmaren atmosfera emozionala eraikitzeko duten gaitasuna ukaezina da.

Badira filmak hitzak albo batera uzten dituen uneak, eta orduan bihurtzen da benetan handia, baina filmak ez du bere indarra sotiltasunean bakarrik aurkitzen. Tentsioz lehertzeko zorian dauden eszenek ere indar ikaragarria dute: errodajeko bazkariaren une garratzak edo filma irekitzen duen plano-sekuentzia luze eta hipnotikoak, zeinak lehen minututik harrapatzen baitu ikuslea. Horietan guztietan ageri da zinemagilearen maisutasuna.

Eta hor dago “El ser querido” filmaren handitasuna, kamerak pertsonaiengana hurbiltzen diren heinean, maskarak erortzen direlako. Eta maskaren azpian, zauriak ez ezik, maitasunaren eta minaren arteko muga lausoa ere ageri delako.