Berdeak irentsitako fabrika
2022an hil zen Ricardo Bofill arkitekto katalanak zementu fabrika ohi bat bere etxe eta lantoki bihurtu zuen. Sant Just Desvernen (Bartzelonako probintzia) kokatua eta berdegunez inguratua, La Fabrica izeneko etxe-tailer-estudio hau benetako arkitektura-manifestu bat da.

Collserola mendilerroaren magalean, Bartzelonako kanpoaldean, zementu-fabrika zahar bat ageri da altzifreen, palmondoen, eukaliptoen eta huntzez estalitako hormen artean. Haren silueta monumentalak eta enigmatikoak ametsen mundukoa dirudi, etxebizitza baten arkitektura baino gehiago. Ricardo Bofillen Fabrika etxea eta arkitektura estudioa da aldi berean, baina baita lorategia, hondakin erromantikoa eta manifestu arkitektonikoa ere.
Multzoa 1920ko hamarkadaren hasieran sortu zen, Sanson zementu-fabrika Bartzelonako industria hedapen betean hasi zenean. 1931ra arte, fabrika modu organikoan handitu zen, proiektu bateratu bati jarraitu gabe. Siloak, toberak, tximiniak, galeriak eta nabeak ekoizpen-beharren arabera pilatu ziren, 31.000 metro karratuko paisaia industriala osatu arte.
Bofillek bizitzeko eta lan egiteko leku baten bila zebilela aurkitu zuen fabrika. Eraikinaren eskalak, amaitu gabekoa izateak eta industria-arkitekturaren indarrak erakarri zuten. Fabrika eta inguruko lurrak erosi zituenean, bizitza eta lana espazio berean biltzen zituen tailerra sortu zuen. La Fabrica ez zen soilik etxebizitza edo estudio gisa pentsatu, jarrera baten adierazpen gisa baizik. Funtzioak zorrotz bereizten dituen ikuspegi modernoaren aurrean, arkitektoak etxeko, laneko eta kulturako jarduerak elkarrekin bizitzeko ingurunea sortu zuen, zementua ekoizteko eraikin bat etxe, sormen-gune eta topaleku bihurtzeraino. Industriala eta intimoa, artifiziala eta naturala, monumentala eta egunerokoa etengabe gurutzatzen dira.

Esku-hartzea suntsipen selektiboarekin hasi zen. Makineria kendu, beharrezkoak ez ziren zatiak eraitsi eta urteetako ekoizpenak ezkutatutako bolumenak agerian utzi ziren. Ondoren, hormetan bao berriak ireki, eskailerak eta pasabideak gehitu eta mailen arteko loturak sortu ziren. Helburua ez zen fabrikaren iragana ezabatzea, haren barruan zeuden espazio aukerak azaleratzea baizik.
Hormigoia, adreilua eta karga-hormak proiektuaren oinarri gisa mantendu ziren. Gainazal zakarrak, erabileraren aztarnak eta bolumen astunak ez ziren estali. Bofillek fabrika amaitu gabeko palinpsesto gisa ulertu zuen, garai bakoitzak bere arrastoa uzten zuen arkitektura lez. Horrela, denbora eraikinaren parte aktiboa da.
Oinarri industrial horren gainean hainbat erreferentzia txertatu ziren. Zenbait arkuk eta girok Kataluniako arkitektura tradizionala, Marokoko espazioak edota gotikoa gogorarazten dituzte. Ez dira, ordea, kopia literalak, memoria geruza baizik, eraikinaren gogortasuna beste garai eta leku batzuen oihartzunekin nahasten dituztenak. Barrualdeetan, eskala monumentala eta etxeko giroa nahasten dira. Espazioak argiak eta altzari gutxikoak dira, materialek hartzen dutelarik protagonismoa.

Landarediarekiko harremana da proiektuaren atal erabakigarrienetakoa. Hasieratik, Bofillek naturak bereganatutako hondakin baten irudia izan zuen buruan, eta ideia hori multzo osoan zehar garatu zuen. Horregatik, landaretza ez da apaingarri soila, eraikina inguratzen, babesten eta pixkanaka eraldatzen duen bigarren geruza baizik. Lorategiak 862 metro karratu inguru hartzen ditu estalkietan, eta eukaliptoek, palmondoek, pinuek eta altzifreek Mediterraneoko paisaia trinkoa osatzen dute. Huntzak, fatxadetan gora zabalduz, landarediaren eta hormigoiaren arteko muga lausotzen du. Altzifre garaiek, aldiz, siloen bertikaltasuna azpimarratzen dute eta multzoaren izaera monumentala indartzen dute.
Landarediak hormigoiaren gogortasuna leuntzen du, baita eraikina ingurutik bereizi ere. Bere espazioek Babiloniako lorategi esekiak ekartzen dituzte gogora. Horrela, kontzentraziorako eta sormenerako unibertso autonomoa sortzen da. Inora ez doazela diruditen eskailerek, plataforma esekiek, zubi estuek eta erabilera argirik gabeko industria-piezek labirinto surrealista baten bizipena indartzen dute.
La Fabrica hondakin erromantiko garaikide gisa zein ezinezko arkitektura gisa uler daitekeen arren, proiektuaren balio nagusia hauxe da: industria-arkitekturak erabilera berriak bere nortasuna galdu gabe har ditzakeela erakusten duela. Eraikina ez zen guztiz etxekotu, bere izaera irekia eta amaitu gabea onartuz, denborarekin aldatzen jarrai zezakeen organismo bihurtu zen. Eta, horrela da gainera, prozesuan dagoen obra da oraindik, industria eskala gordetzen duen etxea, hormigoiaren gainean hazten den lorategia eta iragana eta oraina batera bizi diren lekua. Lehen produkzioa, zarata eta hautsa zeuden tokian, egun, isiltasuna, landaretza, pentsamendua eta bizitza dira nagusi.




