Maialen Sobrino Lopez
LITERATURA

Edertasuna beti zelatan

Castillo Suarezek eta Udane Ansak ondu dute “Lera” liburua, 2026. urtean argitaratu dena. Ilustrazio koloretsuak eta testu laburrak ageri zaizkigu elkarri lotuta eta beti adierazten da zertarako idatzi ziren hitz horiek jatorrian, edo non irakurriak izan ziren, bilduma honetan jaso aitzin. Beraz, errealitate estraliterarioak osatzen du irakurketa.

Ez da erraza nolako liburua den deskribatzea. Badaude edukiz beteta dauden liburuak: istorio zirraragarriak, harat eta honat eramaten gaituztenak, barnean ditugun arrakaletaraino; edo alimaleko dokumentazio lana egin ondotik informazioa txukun-txukun ahoratzen digutenak. Baina badira bertze liburu batzuk produktibitatearen zirrikatik kanpo daudenak, informazio edo emozio erauntsirik ez dutenak, nahiz eta edukirik ez zaien falta. Irakurtzeko bertze modu bat proposatzen digute, ez dezagun atzendu ez gaudela derrigortuta segidan orria pasatzera. Gainera, irudi eta hitzen artean adierazpide propioa sortzeko gaitasuna dute. Adibidez, Elena Odriozolak Julio Cortazarren testutxo batekin egin zuen obra edo Maite Mutuberriaren “Lohia”. Gisa horretakoa da “Lera”.

Formari erreparatuta, testu guztiak dira olerkiak, bat izan ezik. Dena den, prosaren eta poesiaren arteko mugan daude batzuk zein bertzeak. Pasarte gehienak euskaraz sortuak dira, itzulpenen bat bildu arren. Berdin, Sakanan errotuta daude kasik denak. Gai unibertsal aunitz jorratzen dira (bakardadea, beldurra edo maitasuna kasu), baina harilkatu eta sustraitu egiten dituzte hala idazleak nola ilustratzaileak.

Errate baterako, bakardadeaz ari direlarik, maiz isolamenduari eta kartzelari lotuta aritzen dira: «Batzuetan, ez dakigu bakardadea nola izendatu./ Ez dakigu noiz arte agurtu ditugun maite ditugunak». Bide beretik, zaurgarritasuna eta ziurgabetasuna jorratzen dituzte: «Itsasora joan nahi dugu,/ beldur handi batek/ desagerrarazten dituelako/ gure beldur txiki guztiak».

Azkenik, soka dantzan ematen dituzte maitasuna, euskara eta herria: «Hitzak dira maitatzeko gure tresna»; edo «Hemen eta ez beste inon/ jarraitu nahi dugu maitatzen/ eta maite dugunarengatik borrokatzen». Memoria barnebiltzen da, bai modu kolektiboan: «Herriko min oro ekarri nahi dut hona. Mina zenbatzen dakien herri bat nahi dut niretako»; baita modu pertsonalean ere: «Ez dakigu noiz arte bizi ahal izango garen/ beste batzuen oroitzapenetan».

Ez da kasualitatea kontakizunean lehenbiziko pertsona plurala nagusitzea: «Egunkari batean iraun genezake enbaxadarik ez dugun bitartean». Pertsonala bezain plurala, kolektiboa bezain intimoa da, hainbertze, ezen erran ezin dena bera ere paperera ekartzeko gai den: «Izan ere, gure inguruko jendea ez dago inoiz prest/ agurrei, hausturei edo galerei buruz hitz egiteko».