Abortuan gastatzen duten energiaren erdia
Lehenengoz abortu hitza entzun nuenean hamar urte inguru nituen. «Horrek abortatu egin duela esaten du nire amak», esan zidan lagunak pipitak jaten genituen bitartean. «Abortatu?», nik inuzente. «Bai, haurdun zegoen eta umea galdu du apropos». Eta galderak bata bestearen kontra trabatu zitzaizkidan eztarrian eta pipitak jateari utzi nion, itoko nintzen bestela.
Imajinatu nuen emakume kuadrilla haurrak ikastolan utzi eta kafea hartzen zuten bitartean. Imajinatu nuen nola begiratzen zioten «abortatu» zuenari paretik pasatzean. Eta horregatik bakarrik sekulako ausardia zuela pentsatu nuen, nahiz eta oraindik ez nuen batere garbi zer egin zuen. Nola jakingo nuen artean ez banekien oso ondo haurrak nondik zetozen?
Abortuaren legea aldatu nahian dabil PP. Eta nola jendarteak planto egin dion, hor dabil hankak lotuta dituen oilarraren pare mokokadak non emango. 16-17 urteko emakumeengan jarri du jomuga, ez dagoelako errenditzeko prest. Datuen arabera, abortatu nahi duten adin txikikoen %90ek gurasoen babesa eta laguntza jasotzen dute. Pentsatzekoa da %10 horrek ez duela gurasoengana jotzen badakielako ez duela magalik topatuko. Oso krudela da egoera estuan dagoena horrela zanpatzea. Ez dakit PPkoen kristau hiztegian nola esaten zaion horri.
Abortua definitzen gastatzen duten energiaren erdia gastatuko balute eskoletan sexualitate sano, aske eta seguru bat eraikitzen, bestela geundeke. Bestela, abortuaz ikaraz hizketan segituko dute, pipitak jaten dituzten bitartean, sexualitateaz ezer ez dakiten neska-mutikoak.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
