Etorkizuna libreki erabakitzeko konpromisoa berritu dute Bergaran
Euskal Herri osoko 200 hautetsi baino gehiago bildu ziren atzo Bergaran, duela 50 urte foruen abolizioaren mendeurrenean sortu zen Alkateen Mugimendua aitortu eta omentzeko. Orduan bezala, iraganetik datozen balioak berretsi eta burujabetzaren beharra nabarmendu zuten Bergaran, erronka berriei aurre egin ahal izateko.

EH Bilduko eta EAJko 200 herri ordezkari baino gehiago bildu ziren atzo Bergaran, Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren eta Debagoieneko herrian sortu eta bertako izena hartuko zuen Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urtemugaren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bergarako Udalak deitutako ekitaldian.
Francisco Franco diktadorea hil berritan sortua, Alkateen Mugimenduak izan zuen garrantzi historiko eta politikoa nabarmendu zuten, eraikitzeke zegoen egitura administratiboari dagokionez, euskara edota ikurrina aldarrikatzeari lotuta... Atzoko deialdiak hautetsi haien memoria berreskuratu nahi izan zuen, baina, horrez gain, etorkizunera begira ere jarri zen hitzordua, haien legatua hartu eta gaurkotzeko konpromisoa adierazteko.
Frankismoaren azken egunetan, 1976ko uztailean, Euskal Herriaren izaera eta eskubide historikoak aldarrikatu zituzten Hego Euskal Herriko hainbat udal ordezkarik Bergaran. 67 alkate eta hautetsi batu ziren Mugimendura, tartean, bilera egiteko deialdia egin zuen eta Bergarako orduko alkatea zen Jose Luis Elkoro, Imanol Murua garaiko Zarauzko alkatea, Jose Antonio Altuna Arrasatekoa edota Pablo Gorostiaga Laudiokoa, besteak beste.
Ekitaldia hasi aurretik, atzoko bilkurak beretzat zer esanahi zuen galdetuta, «historian beste zati bat» dela esan zion GARAri Jose Luis Elkorok. «Historia egiten ari gara, urtetik urtera zerbait berria egoten da eta aurrera goaz. Horrelako urratsak guretzako herriaren urratsak dira. Euskal Herria ez dago geldirik, aurrera doa eta guk herriari jarraitzen diogu», adierazi zuen bergararrak.
Ekitaldi instituzional solemnea Usondo parkean egin zen, gaur egungo alkate eta hautetsiak bertaraino kalejiran heldu ostean. Izan ere, udal mandatariek segizioa egin zuten San Martin plazatik Usondo parkeraino; alkateek aginte makilekin egin zuten kalejira, eta ondoan udalerrien ikurrak eraman zituzten beste herri hautetsi batzuk izan zituzten. Segizioa ixten, Donostiako eta Bilboko alkateak joan ziren, baita Gorka Artola, Bergarakoa, eta Eusko Legebiltzarreko eta Batzar Nagusietako ordezkarien talde zabal bat. Beraiekin batera, ehunka herritarrek jarraitu zuten ekitaldia parkean jarritako eserlekuetan.
Herri hautetsien ondoan, EAJko eta EH Bilduko hainbat ordezkari ere izan ziren. Familia jelkidearen aldetik, Juan Mari Aburto eta Jon Insausti, Bilboko eta Donostiako alkateak hurrenez hurren, izan ziren Bergaran, baita Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko presidentea, Unai Hualde NBBkoa eta Markel Olano parlamentaria, besteak beste. EH Bilduren ordezkari gisa, berriz, Arnaldo Otegi idazkari nagusia eta Pello Otxandiano koalizioaren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea izan ziren ekitaldian, koalizio abertzalearen hainbat parlamentari, zinegotzi eta batzarkiderekin batera.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia izan zen hitza hartu zuen lehena. «Aldarrikatu nahi dugu euskal lurraldeoi dagokigula gure burua gobernatzeko eskubidea, autogobernu hori etenik gabe berritzeko eta garatzeko eskubidea», adierazi zuen Mendozak, tarte zabaletan musika eta dantza uztartu zituen ekitaldian.
«ETORKIZUNA GUK IDATZIKO DUGU»
Bere hitzartzean Mendozak azaldu zuenez, «foruen memoriak enbor beretik sortutako adarrak garela berresten du, nazio bat garela. Bihotz juridiko eta politiko bera partekatzen dugula herritarren askatasunak bermatzeko eta bizitza komunitarioa antolatzeko».
Gipuzkoako ahaldun nagusiak erantsi zuen, halaber, Alkateen Mugimenduaren oroimena berritzeak euskal herritarren «etxe komuna eraikitzen eta defendatzen jarraitzeko konpromisoa berrestea» dakarrela. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren hitzak ekarri zituen gogora Mendozak: «Etorkizuna gurea da, eta guk idatziko dugu, besteekin adostuta, baina gure eskuz idatziko dugu». Jose Antonio Agirre lehendakariarenak hitzak ere oroitu zituen, Gernikako arbolaren babesean eskubide historikoen defentsa eta justizia aldarrikatu zituenean.
Gorka Artola Bergarako alkatearen hitzekin amaitu zen Bergarako ekitaldia, 1976ko alkateen ordezkaritzari egindako omenaldiaren aurretik. Artolak nabarmendu zuen «kolore politiko ezberdinetatik» etorri eta askotan «ideia desberdinak» izan arren, 1976ko egun haietan bezala, «aniztasunetik herri baten etorkizuna eraikitzeko borondatea» egon badagoela.
«BIZIRIK DIRAU, MEMORIA DUELAKO»
«Duela mende erdi, Bergaran bildu ziren alkateek ere elkarlana lehenetsi zuten. Argi esan zuten Euskal Herriak bere nortasuna, bere historia eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea zuela», azpimarratu zuen EH Bilduko ordezkariak.
«Orduan bezala, gaur ere erronka berriei aurre egin behar diegu», gaineratu zuen, «horretarako, euskal herritarren ahotsak bere lekua izan behar du; hitzaren eta erabakiaren jabe izan behar dugu. Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa behar ditu bere etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko».
Denboran atzera eginez, Artolak gogoratu zuen izaera eta memoria herri honen biziraupenerako bi ardatz izan direla. Nabarmendu zuenez, foruak abolitu arren, espainiar eta frantziar Estatuek ez zuten Euskal Herria desegin. «Oldarraldiak oldarraldi, oraindik euskaraz hitz egiten dugu eta euskaraz bizi gara. Gure hizkuntzak eta gure herriak bizirik dirautelako, memoria dugulako eta bat izan ginelako, garelako eta izateko borondateari eusten diogulako. 1976ko alkateen hitzek denboraren joana gainditu dute, gure nazioaren aitortza ez delako iraganeko auzia; gaurko premia demokratikoa eta etorkizuneko giltza da», adierazi zuen Bergarako udal agintariak, eta erantsi zuen iraganetik datorren askatasun nahia etorkizunera eramatea dela orain konpromisoa.
Duela 50 urte, Alkateen Mugimenduko protagonistak izan zirenek haurren eskuetatik jaso zuten oroigarri bana. Ekitaldian, Jose Luis Elkoro orduko Bergarako alkatea eta 1976ko ekitaldia deitu zuena, Luis Mari Ajuriagerra (Otxandio), Jose Antonio Altuna (Arrasate), Javier Errasti (Eskoriatza) eta Ramon Lopetegi (Belauntza) izan ziren guztien izenean. Ekitaldiak eragin zuen memoria ariketaren harira, udalgintza ulertzeko modua erakusten duten hitzak azpimarratu zituen Elkorok: «Guk herriari jarraitzen diogu, herriak guri ez, guk herriari».

España gana su segunda estrella derrotando a un pobre campeón

Etorkizuna libreki erabakitzeko konpromisoa berritu dute Bergaran

«Pertur»: qué se sabe, qué no se sabe y qué es ‘fake’

Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarri ozena
