Lander GARRO
Idazlea

Gu

Euskal kultura nola ikusten dudan galdetzen didaten bakoitzean duda batean geratzen naiz, alde batetik geure gabeziak ikusten ditudalako, geure gabeziek enerbatzen, atsekabetzen eta desesperatzen nautelako. Beste alde batetik, ni neu ere naiz «geure kultura» deritzogun hori, eta nire alde felinoa ateratzen zait. Atzaparrak. Eta ez hori bakarrik. Euskal kultura nire lagunak ere badira, egunari orduak ezin lapurtu dabiltzanak, lana eta sorkuntza ezin uztartuz, alde batetik bestera lau txakurren truke, bizitza penagarri horren sufrikarioa ahalik eta modu duinenean eramaten. Neure idazle kolegak ikusten ditut irakurle taldeetan beti lelo berak errepikatzen, autoa hartu eta patxada handienarekin A-8 zeharkatuz, peajetik peajera hurrengo liburuaren nondik norakoak mamitzen. Eta hunkitu egiten naiz, zer nahi duzue. Baina esan dezagun egia: flipatu, benetan flipatu, kanpotik datorrenarekin flipatzen duzu zinez. Mundua handia baita. Han dena daukate: HBO daukate, CBS daukate, ametsak sortzeko zinezko fabrika bat daukate, eta gu haien aldean sugar txiki bat gara, erresistentzian dabilena, duin, baina oso modu apalean.

Sentsazioa dut mundua hankaz gora jartzeko gidoiak idazten dabiltzan honetan, geuk ergatiboa gora eta euskararen inposizioa behera segitzen dugula, lubakitik ezin irten, trompe l´oeil infernal batean bueltaka.