«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
Lazturaz eta orbainez, Neomak taldeko Leire Etxezarreta Learreta eta Irati Gutierrez Arretxe batu dira NAIZ Irratiko uhinetara, «Lazturak orbain» lanaren inguruko xehetasunak ematera. Disko bilatuagoa izan dela zehaztu dute, non erakusten duten gordintasunari alde ederrena bilatzeko saiakera egin duten. Aske jaialdian izango dira asteburuan.

Diskoaren izenburutik abiatuta, gogoeta bat partekatu nahi dut. Lazturak txikiak izan daitezke eta sekulako orbainak utzi, eta alderantziz. Horrekin bat zaudete?
LEIRE ETXEZARRETA LEARRETA:
Kontzeptu orokorra da guretzat “Lazturak orbain” eta erreferentzia egiten die denok bizitzan eduki ditugun aldaketei eta horiek sor ditzaketen beldurrei, zalantzei… eta horietatik eratortzen diren lazturak eramaten ditugu orbainetan. Horiek badira gure parte modu batean edo bestean.
Zuentzat zein dira handiagoak, lazturak edo orbainak?
IRATI GUTIERREZ ARTETXE:
Nik uste dut momentuaren arabera aldatzen den zerbait dela galdera honen erantzuna. Diskoa egiteko prozesuan, sorkuntzan, lazturak handiak izan dira eta orain espero dezagun orbain handi bat utziko digula, baina polita. Azkenean mimo handiz egin dugun lana baita.
Preludio batekin eta «a cappella» hasten duzue diskoa. Nondik atera zen ideia hori?
L.E.L.:
Aurkezpen tankerako zerbait egiteko modu xume bat dela esan dezakegu. Melodia aspaldi geneukan gure baitan bueltaka eta hasieran oinarri musikal batekin egitea eta halakoak pentsatu genituen, baina azkenean, ahotsekin soilik eginda, etapa berria aurkezteko modua ere bazela pentsatu genuen. Soiltasun hori ere polita izan zitekeela iruditu zitzaigun.
I.G.A.:
Pixka bat gu zer garen erakutsi dugu eta gordintasun hori ederra iruditu zitzaigun.
Erregistroari dagokionez, nor da nor ahotsetan?
L.E.L.:
Normalean, ahotsik apalena ni izaten naiz.
I.G.A.:
Hori da; erregistro apalena hartzeko gaitasuna duena Leire da.
Sortzeko garaian nola izaten da prozesua zuen kasuan?
I.G.A.:
Disko hau bilatuagoa izan da, baina egia da batzuk melodietara gehiago joaten garela sortzean eta beste batzuek hitzak izaten dituztela abiapuntu.
Baina esan dezakezue nork zer egiten duen, edo hori sekretupean gordetzen da?
L.E.L.:
Gu bion kasuari begiratuz, Irati gehiago ibiltzen da trikitiarekin melodiak sortzen. Hau da, Neomaken zati instrumentalak badu Iratiren kutsu dezentekoa. Nik, akaso, melodiak abesteko sortzen ditut; hor izan dezaket erraztasun handixeagoa.
I.G.A.:
Garazi eta Alaitz akaso gehiago ibiltzen dira hitzak idazten-eta. Baina gero Garazik berak ere sortu du barruak mugiarazi dizkigun melodiaren bat, samurtasuna eman diguna, eta diskoan esanguratsua da.
L.E.L.:
Hortaz, esan daiteke laurotatik badutela zerbait abestiek.
Abestiren batean iruditu zait tonalitatez trikititik abiatu zaretela baina beste unibertso batera eraman duzuela ekoizleekin.
I.G.A.:
Gu trikitixa eta panderotik gatoz. Hortaz, erregistro aldetik eta tonalitate aldetik beti joko dugu bide horretara. Gero, poperoago bihurtuko den, folk kutsua mantenduko duen edota elektronikoagoa izango den… beranduago etortzen den zerbait izaten da. Nik uste dut lanketa bat egin behar izan dugula erregistro aldetik, ohituraz oso apal jotzen dugulako. Eta hori izan daiteke garai batean gizonezko gehiago zebilelako trikitia joz eta haien tonalitatera egokitutako abestiak ikasi ditugulako, eta horrek mugatu-edo egin gaitu.
L.E.L.:
Hala ere, kanturen bat ez da trikitiarekin sortu, gitarrarekin sortutakorik ere badelako, baina beti jotzen dugu trikitixaren mundura, gero zuzenekoetan eta jo ahal izateko, ongi defendatuz eta gustura geratuz.
Kataluniako ekoizleak izan dituzue ondoan, Pau Brugada Vila eta Vic Moliner Abos. Nolakoa izan da haiekin lan egitea?
I.G.A.:
Esperimentalagoa izan da disko honen prozesua eta diskoa bera ere bai, eta hori berei esker izan da. Asko lagundu gaituzte ikuspegi zabalago bat edukitzeko garaian, guk ere aldaketa bat nahi genuelako. Pare bat asteburuz han izan ginen eta oso aberasgarria izan da guretzat.
L.E.L.:
Oso polita izan da. Esango nuke oraingoan bilatuagoak izan direla soinuak, pentsatuagoak. Denbora hartu dugu horretarako, disko batetik bestera egon den tarte horretan, gauza asko pasa diren horretan. Lan egiteko beste modu batzuk ezagutzea plazera izaten da.
Organikoaren eta samplerraren arteko muga non dagoen jakitea ez da erraza.
I.G.A.:
Batzuetan pandero bat dago, beste batzuetan peña parda bat, besteetan pandero muteatua, hurrengoan sampleatuta dago, efektudun instrumenturen bat…
L.E.L.:
Edo guk jotako zerbaitetatik sortutako samplerren bat ere bai.
I.G.A.:
Saiatu gara organikotasun hori mantentzen, eta hori zuzenekoetan ikusiko da.
Esperimentazioaren zera horretan, cumbia zati bat ere topatu dugu diskoan. Nori bururatu zaio?
I.G.A.:
Ekoizleei, Vic eta Pauri. Eta egia da zentzu batean oso katalana dela, cumbiaren inguruan han dezente lan egin dutelako.
L.E.L.:
Hasieran ez zitzaion gutako inori gustatu, baina buelta bat baino gehiago ematean, gustatzen hasi zitzaigun. Gerora esan dezakegu ekarpen oso ona izan dela eta kantuaren zati garrantzitsuena ere bihurtu dela.
Single moduan etorri zen «Inork ez du berdin egiten negar». Mantra moduan errepikatzen duzuen mezua da; bakoitzak bere buruari esan behar izan diozuen zerbait da edo?
I.G.A.:
Izan daiteke, bai. Kanpotik ez zara lehendabiziko pertsona “mantra” hitza aipatu duena eta guk ez genuen horrela berbalizatu. Baina, bai, esaldi indartsua da, inpaktu handia sortzen duena, edo guri behintzat hori sortu digu. Baina egia da, ez baitu inork berdin negar egiten .
L.E.L.:
Diskoaren kontzeptua laburbiltzen duela esango nuke. Aipatu ditugun aldaketak eta beldurrak bakoitzak nola kudeatzen dituen eta nola ateratzen dituen kanpora, hori ere bada negar egiteko modu bat eta bakoitzak berea du hor ere. Horren inguruan hitz egiten dugu kantu denetan eta horregatik diot kontzeptu orokorra esaldi honetan laburbiltzen dela.
Errepikaren osteko zati elektronikoak eta sortu duzuen unibertso bisualak pentsarazten dit zuzenekoetan argi show inportantea izango duzuela.
I.G.A.:
Bai, egiari zor, talde tekniko oso ona daukagu bai soinuan, baita argiztapenean ere gurekin, eta ari gara dagoeneko entseatzen-eta. Hasteko irrikaz gaude, guri ere luze egiten ari baitzaigu oholtzatik kanpora daramagun tarte hau.
Estilismoa ere aldatu da. Marinel tonalitateak utzi dituzue eta urre kolorea ere ez dakit desagertuko den. Talde artistikoari bere kasa lan egiten uzten diozue edo zuen eskakizunen araberako sorkuntza egiten dute?
L.E.L.:
Hartu eta eman izaten da. Hor ere sekulako lantaldea daukagu eta eduki dugu. Jantzien kasuan, zehazki, Garikano estudioko Eider izan dugu lanean. Askatasun osoa ematen diogu bere ideietarako, baina diskoaren kontzeptua eta ideia denak berarekin partekatu ditugu hasiera-hasieratik.
I.G.A.:
Eta aipatu behar da oso ondo pentsatzen duela bakoitzaren praktikotasunerako ere. Bakoitzak dituen behar teknikoen arabera konpontzen dizkigu arropak.
Noiz hasiko zarete zuzenekoekin?
I.G.A.:
Bada, lehenengo kontzertua urte bukaeran izango da, Aske Jaialdian. Gainerakoak urtarriletik aurrera izango dira, antzoki eta aretoetan udaberrira arte. Urtarrilaren 3an, Gasteizen, Jimmy Jazzen; 6an, Bilbon, Arriaga antzokian; 16an, Mungian, Olalde aretoan; otsailaren 14an, Donibane Lohizunen, Tanka aretoan, eta martxoaren 7an, Donostian, Victoria Eugenian. Tartean, Durangon ere izango gara, otsailaren 21ean, 40 Minutu Rock jaialdian eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den. Ongietorria izango da jasotzen dugun proposamen oro.
Kontzertuetan, gainera, bi kide berri izango dira, Eider Villalba eta Etxahun Urkizu.
L.E.L.:
Etxahunek perkusio desberdinak joko ditu; bateria figura izango du. Eider, berriz, sintetizadoreetan eta abesten arituko da. Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain.
Edizio fisikoa zein formatutan dator?
L.E.L.:
CDan eta biniloan daukagu eskuratzeko moduan. Ilusioz gaude horrekin ere, biniloan kaleratuko baitugu lehenengo aldiz.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
