Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Erkoreka supermercados

Etxebizitza Legea onartuko da beharbada lehen aldiz ekainean euskal erditarren legebiltzarrean. EAJri ez zaio, ordea, larregi gustatu. Noizean behin erakusten du bere hankatxo neoliberala, eta kudeaketa onaren izar direnok besteei hainbeste leporatzen dien populismoaz erantzun die.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak legearen aurka egiteko hainbat argudio eman ditu aukeran, supermerkatuan lez, merke.

1. «Mesedez, ez ezazue hitz egin etxebizitza eskubideaz hauteskunde sasoian, ez da-eta polita honen aurka agertzea». Kazetaria balitz, manipulazioa eta desinformazioa deituko genioke. Gardentasuna predikatu baina segun zertan aplikatu. Argudio bera erabili zuten Hiriko eta Bidegi ustelkeria kasuen ikerketa batzordeen aurka.

2. «Etxebizitza eskubide subjektibo gisa onartzeak erakartze efektua izango du eta mundu guzitik milaka etorkin etorriko dira txolloaz aprobetxatzera». Marotoren eta Le Pen-en diskurtso xenofobo bera politika sozialak deslegitimatzeko. Gorka Bereziartuari hitzak lapurtuz, «zuek okerrago bizi behar duzue, are okerrago bizi direnak samaldan etor ez daitezen».

3. «Ez dago dirurik. Ez da bideragarria». Etxebizitzaren behar gorria dutenei (besteak beste) ezertarako balioko ez dien AHTaren Gipuzkoako zatian soilik 350 milioi euro xahutzeko dirua badago. AP-1en obretan milioiak oparitzeko badago dirua. Baita iruzurra ospatzeko angula jana egiteko ere.

Eta dirurik ez badago, zergatik ez dute gehiago biltzen Aberastasunaren Gaineko Zerga aplikatuz EAE osoan? Zergatik halako higuina Ondasun Higiezinen Gaineko Zergari? Klaro, hemen jendarte aske batean bizi gara. Batek bi, hiru edo hamar etxebizitza izateko eskubidea du ondokoak bat ere ordaindu ezin duenean.

Ideologia neoliberal garbia: etxebizitza ordaindu badezakezu, aupa zu. Ezin baduzu, izorra zaitez eta egin ezazu lan gehiago (uzten badizute). Merkatu librearen diktadura. Jendarte hau oximoron bat da eta hala desagertuko gara.