Maider IANTZI
ELECCIONES FORALES Y MUNICIPALES

BAZTAN, HERRIRIK ZABALENEAN AURREZ AURRE EH BILDU ETA UPN

Baztan-Bidasoa ibaiak bustitzen dituen lurretan EH Bildu da aukera sendoena baina lehia estua du UPNrekin herririk zabalenean, Baztanen. Deigarriak dira zenbait herritan honek eta PPk kanpoko jendez osatutako zerrendak. Beran, Esteban Gonzalez Pons bera.

Badira hilaren 24an batere intrigarik izanen ez duten herriak. Zerrenda bakarra aurkeztu da, EH Bildurena, eta dagoeneko badakite zein izanen den alkatea. Hori gertatu da Arantza, Sunbilla, Bertizarana eta Iturenen. Aldiz, Igantzi gelditu da hautagaitzarik gabe eta ikusi beharko da nola osatuko den udala. Legasa, Narbarte eta Oieregiko kontzejuak kudeatzeko ere ez da inor aurkeztu eta ez dute alkaterik izanen oraingoz.

Donezteben, urte luzetako Gobernua aldatzera doa. EAk izan du alkatetza azken 24 urteetan. Aitzineko hauteskundeetan ere, bertze tokietan koalizio abertzalea osatu zenean, hemen EAk segitu zuen. Orain uztea erabaki dute eta EH Bilduko talde berria sortu da, «izugarrizko ilusioarekin». Lehiakide izanen dituzte PSNkoak, hauek ere lehenbiziko aldiz aurkeztuak, eta taldean bertako hautagai bakar bat ere ez duten PPkoak, duela lau urte zinegotzi bat lortu zutenak.

Xanti Uterga buru duten EH Bilduko taldekideek GARAri azaldu diotenez, herrian «aspaldi edo inoiz egin gabeko ekimenak» burutu dituzte: inkestak, topaketak... eta, hala, «herri programa eta hautagaitza serio bat» osatu ahal izan dituzte. «Duela zortzi hilabete hasi ginen eta jendetza elkartu da batzarretan. Inongo interes ezkuturik gabeko jendea bildu da, deitu gabe etorri da, eta prozesu naturala izan da taldea osatzea», adierazi dute, pozik eta itxaropentsu.

Euskal Herriko udalerririk zabalena da Baztan eta bertako udalak hamabost herri hartzen ditu barrenean. Hauek zinpeko alkateak dituzte. Ez da erronka makala guztia kudeatzea, alkatetzan egon den EH Bilduko kideek dioten bezala, dena «bider 15» baita. Honi gehitu behar zaio Nafarroako Gobernuak «udalekiko sentsibilitaterik ez izatea» eta bere diru laguntzak «eskasak» izatea.

«Baina egin dugu eta eginen dugu», dio koalizioak, hautagaitza errepikatu eta erronka berriro gainditzeko prest. Egin duen lanaren balantze baikorra egiten du; bere akatsekin gauzak desberdin egin dituela deritzo. Mikel Ortega alkateordeak, berriz zerrendaren bigarren postuan dagoenak, agertu du duela lau urte NaBairi lekukoa hartu zietenean zorpetutako udal bat topatu zutela. Horrek egunerokoan mugatu ditu, baina «irudimenarekin eta ilusioarekin gauza ttiki aunitz» egin dituzte eta norabidea aldatu diote Udalari. Tartean uholdeak izan dituzte eta bertze zarta bat eman diete.

Ezkerraren babesarekin gobernatu dute. Hauek bi zinegotzi dituzte eta EH Bilduk bost. Nafarroa Baik bat eta UPNk bertze bost, alkategai aurkeztuko den Begoña Sanzberro buru. Panorama berria irekiko da Baztanen, Geroa Bai aurkeztu delako eta Baztan Auzolanean izeneko bertze talde bat ere bai. Ezkerra, UPN eta EH Bildurekin, lehia gogorra; azken bi hauen artean egongo da garaipena.

Lesakan alkatetzan egon da koalizio abertzalea eta berriz ere borroka egonen da Geroa Bairekin. Beran, EH Bilduk udal ezkertiar, abertzale eta euskaldun bat izateko aukera eman nahi die herritarrei. Zerrenda bai ala bai atera behar zela ikusten zuen, bertze hiru hautagaiak eskuinekoak edo zentro-eskuinekoak direlako. PP eta UPNko zerrendak osatzen dituzten pertsonak ez dira bertakoak. PPko taldearen azken postuan Esteban Gonzalez Pons Europar Parlamentuko kidea dago, aitzineko hauteskundeetan Ana Mato, iaz «Gurtel auzian» agertu ondotik dimititu egin behar izan zuen Osasun ministroa, egon zen bezala.

EH Bilduk nahiko garbi ikusten du ez baditu sei zinegotzi ateratzen ezin izanen duela alkatetza lortu, aipatutako bertze bi alderdiek eta Herrirako taldeak errana dutelako elkartzeko prest daudela Gobernua lortzeko. Josu Iratzoki da alkategaia. Badaki zer den lan hori, alkate izan baitzen 2007-2011 legegintzaldian, EAE-ANVren buru. Orain talde berriarekin dator Udala irekitzeko asmoz.

Azken urteotan Aralarrek gobernatu du Beran, EAJren babesarekin. Orain ez bat eta ez bertze ez da aurkeztuko eta garrantzitsua izanen da boz horiek nora joanen diren. Herriaz eta eskualdeaz harago, Iruñera begira daude Baztan-Bidasoa aldean ere, aro berri bat irekitzeko irrikaz eta horrek udalei ere ekarriko lizkiekeen onurak buruan.