Ion SALGADO
GASTEIZ
Entrevue
MIREN LARRION
EH BILDU-KO GASTEIZKO ALKATEGAIA

«Momentu historikoa da, lehen indarra izateko aukera dugu»

EH Bilduk urrian aurkeztu zuen Miren Larrion (Legazpi, 1969) Gasteizko alkategaia. EHUko irakasleak Javier Maroto Udal Gobernutik kaleratu nahi du, eredu berri bat martxan jartzeko. Haren ustez, PP «minbizi bat» da, Arabako hiriburua zatitu duen alderdia. Egoera honen aurrean, Larrionek aldaketa sakona proposatzen die gasteiztarrei.

Duela zazpi hilabete EH Bilduk Gasteizko alkategai izendatu zintuen. Aurpegi berria zara, nola heldu diozu kanpaina honi?

Kristoren ilusioarekin eta ardurarekin bizi dut kanpaina. Arduraz, une historiko baten aurrean gaudelako, inkestetan ikusi dugu eta lehen indarra izateko aukera asko ditugu. Bai Gasteizen eta bai Araban hainbat urtetan luzatu den egoerari buelta ematea ardura eta ilusio itzela da.

2011n EH Bilduk sei zinegotzi lortu zituen Gasteizen. Emaitzak hobetzea espero duzu?

Hobetzea bai, baina egia esan, dagoen zatiketa eta segmentazioa ikusita, ezin dugu esan emaitzak bikoiztuko ditugula. Alderdi berriak daude, eta botoa zatituko da. Guk egin ditugun kalkuluen arabera, lehen indarra izateko zazpi zinegotzi atera beharko genituzke.

Akordiorik behar izatekotan, norekin hitz egingo zenuke?

PPren garaiari amaiera eman behar diogu, PP Araba eta Gasteizko erakundeetatik kentzea da gure asmoa, PP kaleratzea. Eta horretarako, geure burua eskaintzen dugu.

PPk etorkinen kontra eta gizarte laguntzen aurkako mezua zabaldu du azken hilotan. Denak balio du hauteskundeak irabaztearren?

Ez, denak ez du balio. Eta horrek baldintzatzen du gure erantzuna. Maroto bere kargutik kendu nahi dugu, botoak lortzearren gizartea zatitu duelako, eta ireki duen atea itxi behar dugu. Minbizi bat da gure gizarterako.

Zure ustez, Marotoren proposamenak ustelkeria auziak estaltzea du helburu?

Marotok esan beharko luke zergatik egin duen, baina ez da kasualitatea ikustea nola hartu duten indarra Europan alderdi ultraeskuindarrek mezu xenofoboekin. Ez dakit Marotoren jarrerak ustelkeria estaltzea edo boterean jarraitzea duen helburu. Izan ere, PP prest dago edozein gauza egiteko boterea mantentzearren. Gu ustelkeriaren kontra gaude, baina gure ustez ustelkeria sistema bat da. Ustelkeria klientelismotik hasten den sistema bat da, mesede txikiak egiten hasten den sistema da, hasten dena behar ez dituzun lokalak lagun bati alokairuan hartzen, behar ez duzun denbora baterako eta dagokion kostua ez baizik eta diru gehiago ordainduta. Halako praktikak amaitu behar direla diogunean, zero tolerantzia eskatzen dugu. Eta horren garantia bakarra momentu honetan geu gara.

PPk biktima batzuen oroimeneko zentro bat eraikiko du Gasteizen; EH Bilduk, ordea, biktima guztiak oroituko dituen institutua proposatu du.

Nire ustez, atzera begiratu behar dugu, gertatutakoa aitortu behar dugu, eta biktima guztiak aintzat hartu behar ditugu. Biktima batzuk baztertzeak ez du zentzurik. Gertatu denaren irakurketa denen artean egin behar dugu, atzera begiratu behar dugu aurrera joateko. Eta proposatzen dugun Memoria Gunean gertatutakoa aztertu behar dugu, Txilen eta Alemanian egin duten bezala.

Zer eskaintzen die EH Bilduk Gasteizko hiritarrei?

Galdera zaila da. Ia 500 proposamen atera dira egin dugun programan, eta 30 nabarmendu ditugu. Egia esan, dena aldatu nahi dugu, hirigintza, ingurumena, euskara, feminismoa… nahiago nuke banan-banan azaltzea.

Hirigintzan, esate baterako?

Hiriaren kontzepzio berria proposatzen dugu. Eraikinei begiratu barik, pertsonen beharrei begiratu behar diegu, eta mugikortasuna giltzarria da. Horregatik planteatu dugu ArabaTran proiektua. Aprobetxatu nahi dugu eraikita dagoena hurbileko trena eta tranbia martxan jartzeko, Gure proposamenak 50 milioi euroko inbertsioa behar du, eta besteek proposatzen duten tranbiaren luzapenak 250 milioi euro.

ArabaTran proposatzen duzu, baina PP, EAJ eta PSEk AHT defendatzen dute.

AHT gezurren trena da. Azkar bidaiatzearena gezurra da, jendea erabiliko duela ere gezurra da eta ez ditu salgaiak eramango. Halaber, gezurra da sostengagarria dela.

AHTk ingurumena mehatxatzen du, baina badaude beste mehatxu batzuk ere, frackinga adibidez.

Frackingarekin hasten baldin badira, hemendik hamar urtera ez dakit Araban biziko garen. Izan ere, jendea bizi ez den eremuetan jarri da martxan frackinga. Eta leku horietan, basamortu bilakatu diren eremuetan, ura kutsatu da. Frackinga erabiltzen badute, ez dute ingurumena bakarrik izorratuko, guztion etorkizuna izorratuko dute.

Langabezia hiriko arazo larrienetariko bat da. Zer ekimen proposatzen dituzu enplegua sustatzeko?

Enplegu duina sustatu behar dugu. Eta horrek enplegu publikoa sustatzea eta zerbitzu publikoak berreskuratzea suposatzen du, azken urteetan lanpostu asko pribatizatu baitira. Eta obretan ere klausula sozialak sartuko ditugu sortzen den enplegua duina dela bermatzeko. Lehen sektorea ere indartu nahi dugu, elikadura burujabetza sustatzeko. Industriari dagokionez, ixteko arriskuan dauden enpresetan langileek enpresen ardura beren gain hartzea proposatzen dugu.

PPk euskararen kontrako mezuak zabaldu ditu. Zer egingo zenuke euskara sustatzeko?

Euskara guztiok batzeko hizkuntza zela adostu ondoren PPk egindakoa kezkagarria iruditzen zaigu. Guk bi gauza zehatz proposatzen ditugu: euskara ordenantzak garatzea eta arnasguneak sortzea. Alde horretatik, Kafe Antzokia falta zaigula nabarmendu nahiko nuke.